Herriz Herri - Beskoitze (L) | 2023ko Azaroaren 16a
Ikastolako eta Herriko Etxearen arteko gatazkak segitzen
Aferak ez dira hobetzen ikastola eta Herriko Etxearen artean! Huna orain 10 urte ikastola prefabrikatuetan dela eta instalazio gogor eta iraunkor bat behar duela haurrak molde egokian errezebitzeko. Jakin Seaskak osoki finantzatzen duela eraikuntza eta epe luzera Herriko Etxea jabe bihur litekeela (bail emphythéotique baten bidez).
Orotara 5 proiektu aurkeztuak izan dira. 5. proiektua 7 hilabete berantago errefusatua izan da. Proposamen bakoitzarentzat, Herriko Etxeak aldi guziz ihardetsi du “Bai… bainan!”. Huna xehetasunetan sartu gabe 2 lehentasunezko ukatze eta ikastolaren oharrak.
Herriko Etxearen oharra: “Bai…. bainan 50 haur, ez bat gehiago”. Duela 6 urte Herriko Etxeari igorria izan den gutun batetan ikastolak idatzi zuen: “Gure ikastola herriaren heineko kopuru batekin eraiki nahi dugu, 50 ikasle inguruko kopuruarekin egonkortuz. Geroztik biztanleen kopurua nasaiki emendatu da eta 160 bizitegiren proiektua gauzatzen ari da. Nolaz beraz Herriko Etxe batek herriaren garapenaren alde lan egin dezake aldi berean eskola baten haurren kopurua mugatuz?”.
“Bai… bainan ez duzue jabearen baimenik” erantzun du Herriko Etxeak. Zer bitxikeria!
Ukatzeko arrazoien zerrendan, Seaskak dio arazo tekniko guziek konponbidea badutela mahai baten inguruan eztabaidatuz geroz, bainan lehen arrazoietarik bat konponezina da! Permisa galdatze dosierrean dokumentu bat falta da: lurjabearen eraikuntzarako akordio gutuna.
Nor da lurraren jabea? Herriko Etxea. Beraz Herriko Etxeak, berak egin behar duen akordio gutuna eskatzen du Seaskari! Iduriz behin baino gehiagotan, Seaskak Herriko Etxeari baimen gutuna eskatu dio Herriko Etxeari emaiteko! Azkenean Herriko Etxeak ez du sekulan baimen agiririk eman Seaskari.
Eskola eraikitze proiektu baten lorpena, normalki kontsentsu baten bidez pasatzen da, Seaskak 6 hilabete baino gehiago Herriko Etxearekin elkartzeko eskaerak biderkatu ditu. Erantzunik ez. Beraz Seaskak elgarretaratzeko gomita luzatzen du, larunbatean (11:00) Beskoitzen.