Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Urtarrilaren 11a
Herriko pilotariak kantari - Margolarien erakusketa - Mus txapelketa - Jantzi, arropa eta oinetako bereizketa - Agiantzen ospakizuna - Baionako katedrala hizpide
Herriko pilotariakkantari
Abenduaren 27an elizaren gerizan, sekulako kantaldia eskainia izan zauku, SPUC pilotaren ekimenez. Aurten ere antolatzaileek, xumeki bainan ongi prestatua zuten kantaldia. Pilotari gazteek aurresku kantatuarekin ekitaldia abiatu dute, neska eta mutikoek bizpahiru kantu ezagunekin utzi dute erreleboa pilotari eta arduradun heldueri. Hauek ozenki, beren ohiko moldean, kantu emanaldi bikaina eskaini dute, kantxan balira bezala. Zer erran ondotik, bortz izarretako "Gurashow" taldeak hartu duelarik segida, hemen senti zen profesional munduari hurbil zabiltzanak, bai musika aldetik, baita koreografian eta nola ez boz xoragarri eta ongi landuekin. Publikoa ere parte harrarazi dute eta hunek beti bezala erantzun ona eman du. Denak pozez beterik etxera sartu gira, esperantzarekin berriz errepika dadin urte hondarrean holako kantaldia.
Margolarien erakusketa
Bi senpertar artisten obren deskubritzeko aukera eskainia zauku, Herriko Etxeko ezkontza gelan. Sylvie Estaynou eta Elisabeth Lopez-ek beren talentua aurkezten dute estilo arrunt desberdinetan. Bakoitzak bere nortasuna nabaritzen du, obra horien bitartez. Urtarrilaren 21a arte iraunen du, Herriko Etxea zabalik delarik, ez huts egin, dohainik da.
Mus txapelketa Serres-en
Ostiral huntan, Serres kartierreko besta komiteak mus lehiaketa antolatzen du, hilaren 12an (19:00), izen emaiteko deitu lehenbailehen06-20-57-26-84 (10€ bakoitzak). 24 ekipotara mugatua da, suerte pixka batekin lekuan bertan torneoan aritzen ahalko zirezte. Kaperaren aterpean iraganen da, janari eta edariak segurtatuak dira.
Jantzi, arropa eta oinetako bereizketa
Gizartea ohartzen hasia da sobera produktuk finitzen dutela hondarkintegietan, lurperaturik edo errausturik, hauetan anitzi bigarren bizitza eman diezakegu. Hala nola, etxetan debaldetan pilatzen ditugun oihal, jantzi arropa edo oinetakoen biltzeko ontzi bereziak inguruetan baditugu. Galdegina zauku indar berezia egitea, bilketa horren eramaiteko baldintza hoberenetan.
Agiantzen ospakizuna Larrekon
Jaun merak eta herriko kontseilariek herritar guziak gomitatzen dituzte, hilaren 12an (18:30), urte berrietan egiten den agintzen zeremoniara, Larreko kulturgunean.
Baionako katedrala hizpide
Ibarrun Inharrian, urtarrilaren 18an (19:00-20:30), Lionel Landart apezak mintzaldia aurkeztuko du. Aipagaietan, Emile Boeswiwald arkitektoa, Baionako Maria Saindua katedralaren zaharberritze obren arduraduna. Eraiki zenetik, bastimendu hunek baluke istorio frango kondatzeko. Erdi-aroan abiatu zen, aitzineko eliza erromaniko baten oinarrien gainean. Reims eta Soissons-eko katedraletatik inspiratua da eta sekulako altxorrak badauzka, batzu agerian, bertze batzu gorderik. Bada segur zer deskubritzeko, gomita hunekin, "Culture et Patrimoine Senpere" elkartearen ekimenez. Sarrera dohainik, ez huts egin.
Estitxu Robles-en dokumentala - Ez ahantzi ostegun huntan dela (19:30), Larreko kulturgunean, sartzea urririk.











