Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Urtarrilaren 11a
Idazle urruñarren harrobia - Urruñar ospetsuen oroitzapen xokoa - Aitzina Kantu Lantokia! - Tabako bulegoan nagusi berriak - Altzürükütarrak Xaian - Independetea aldizkaria - Pilota
Idazle urruñarren harrobia
2021eko maiatzean, Urrunaga kultur elkarteak "Urruña" aldizkariaren lehen zenbakia plazaratu zuen, jadanik bosgarrena da salgai. Haien xedea urruñar-zaletasuna eta euskaltzaletasuna bultzatzea zen, euskarari lehentasuna emanez. Sortuz geroztik, aldizkaria herriko idazle anitzen harrobi emankorra bilakatu dela erran behar dugu, asko eta asko baitira beren artikuluak eta kolaborazioak aipatu aldizkarian plazaratzen dituztenak. Iduriz, Urruña basamortua zen euskal literatura eta kulturarako, baina errealitateak oso bestelakoa zela erakutsi digu, aski izan da lur emankorrean hazia erein landare ederrak ikusi ahal izateko. Aipa ditzagun segidan, "Urruña" aldizkariaren bosgarren zenbakian, idazle urruñarren lumatik sortu artikulu eta kolaborazio eder zenbait: Nikolas Goñik planeta osoan gertatzen ari diren aldaketa klimatikoen berri ematen digu, Imanol Ameztoik herrian diren zuhaitz lepatuei buruzko artikulu mamitsua idatzi du, Joritz Larrazak Harri Aroko Urruña eta Euskal Herria ekarri dizkigu gogora, Xano Haltzuet-ek bere zazpi diskoei buruzko gogoeta digu oroitarazi, Xerar Urrutiak herriko klikaren ibilbideaz idatzi du, Edurne Alegriak Naziogintzak Urruñan egin zuen biltzarraren goiti-beheitiak dakarzkigu lerroetara, Ixabel Etxeberriak joan den mendean, emazte urruñarrek Donibane Lohizuneko eta Ziburuko kontserba-lantegietan egiten zuten lana aztertu du, Txomin Povedak biharko mundua nolakoa izanen den ikertu du, Joseba Aurkenerenak herri barneko etxeen izenak aztertu eta sailkatu ditu, Ttotte Etxebestek Miña-baitako familia-oroitzapenak landu eta gogoratu ditu eta Odei Barrosok olerki ederrak eskaini dizkigu. Aupa zuek! Urruñak badu bertako idazleen harrobi emankorra, geroan ere fruitu ederrak emanen dituena.
Urruñar ospetsuen oroitzapen xokoa
"Urruña" aldizkaria herriko idazleen harrobia izateaz gain, erran behar dugu garai bateko urruñar ospetsuen oroitzapen xokoa edo bilgunea ere badela. Garai bateko pertsonaiak anitzetan oroitzen dira aldizkariaren artikuluetan, eta herriko idazle eta bertsolarien lanak plazaratzen ditu aldiro, horiei ere begirunea eta ohorea zor dizkiegulakoan. Horrela, oraingo idazleek igorri kolaborazioekin batera, Daniela Albizu, Ttipi Urruñarra eta Xanpunen narrazio, ipuin eta bertsoak irakurtzen ahal dira.
Aitzina Kantu Lantokia!
Urte oroz, urritik ekainera Bakalau Kantu Lantoki edo tailerra antolatzen dute Pausuko Xaia ostatuan, aldiro arrakasta handia duena. Aurten ere, horretan dabiltza. Eguberriko pausaldia hartuta, urtarrilaren 3tik aitzina berriro hasiak dira, eta ekainera arte, asteazkenero, arratseko 8,30etatik goiti. Aupa euskal kantua! Pirinioen bi aldeetan bada herri bat euskaraz eta kantuz aritzen dena!
Tabako bulegoan nagusi berriak
Herriko plazan den tabako bulegoan nagusiz aldatu dira. Urtarrilaren 2tik aitzina Arruabarrena familia urruñarra izanen da saltokia kudeatuko duena. Zorte on!
Altzürükütarrak Xaian
Martxoaren 1ean, ostiralarekin, afari-kontzertua izanen da Pausuko Xaia ostatuan eta parada ezin hobea izanen dugu Xiberoko Altzürükütarrak taldeaz gozatzeko. Hitzordu ederra, zinez!
Independentea aldizkaria herrian
Orain arte aldizkari alternatibo hau numerikoa izan da (www.independentea.eus), baina aurten Durangoko Azokan lehen zenbakia plazaratu zuten paperez eta haien asmoa da, hiru hilabetetan behin, paperezko zenbaki bat plazaratzea. Biziki gai interesgarriak jorratzen dituzte: txertoen eraginkortasuna, medikuntza alternatiboa, Palestinan gertatzen ari dena, Irulegiko eskua, Iruña-Veleiako afera ilun eta zikina... eta den-dena euskaraz. Herrian urririk atzematen ahal da Dongaitz ostatuan, tabako bulegoan, Xaia ostatuan.
Pilotari urruñarren emaitzak
Abenduaren 23an, Zuraideko trinketean jokatu zuten Biper Sari lehiaketaren finala honako emaitzak erdietsiz: Bixente Bideondo urruñarra/Saint-Paul 40 - Ziarrusta/Ugarte 24.











