Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Azaroaren 16a
Xuxentze - Bixkotxa saltze - Zonbait hitzordu
Xuxentze
Herriko Etxeak eta CCAS herriko ekintza sozialen zentroak galdeginik xuxenketa hau ekarri beharra dago iragan asteko ''Tailer berria'' artikuluari. Informazio bilkura eta izenen hartzea ez da 24an izanen, bainan ortzirale huntan 17an (14:30), beti Herriko Etxeko Apalaga gelan. Gainerateko argitasun guziak ontzat hartzen dira (ikus joan den asteko hitza). Herriko ekintza sozialen zentroak barkamena eskatzen du parte hartu nahi duteneri.
Bixkotxa saltze
Igande huntan azaroak 19, Boubamed elkarteak antolatzen du bixkotxa saltzea eliza ateetan meza guzien ondotik. Uztaritzeko elkarte hau Etorkinekin-Diakite federazioaren partaide da. Bere helburua du Euskal Herrian jarri nahi duten etorkinen laguntzea. Elkartearen ekintzek garapen handia hartzen ari dute. Lau urte huntan Franck, Kameruneko gaztea Uztaritzeko familia batean bizi dena eta Kongo erresumatik etorri Régine bere mutiko ttipiarekin laguntzeaz gain, bertze bi familia lagundu nahi ditu, bat Kanbon (Albaniatik etorri ama familiakoa bere bi haurrekin) eta bertzea Zuraiden (Azerbaijanetik etorri bikotea bere bi haurrekin). Ardiets dezala elkarteak behar den diru laguntza etorkin horien laguntzeko. Hemengo jendea ager dadila oparotasun handiz.
Zonbait hitzordu
Ortzirale huntan (17a) San Mixel auzoko batzordeak bere biltzarra eginen du Landagoienen, Martin Luther King gelan (20:00). Asko mintzagai badira eta auzo guziari idekia da.
Larunbat huntan (18a) iraganen da (9:00-14:00) Bilgune gelan sortzaileen merkatua. Bisita eginen duenak aurkituko ditu sortzaileak arlo guzietan: bitxigintza edo girgilleri saltzaile, espartin egile, jostun, larru apaintzaile, kosmetiko egile, buztinezko eltzegile eta liburu dendak. Orotara 16 sortzaile izan behar dira, horietan lau uztariztar. Interes handiko merkatua beraz. Tokian berean jateko eta edatekoak segurtatuak izanen dira.
Larunbat huntan ere (14:00-16:00), Hegalaldia elkarteak antolatzen du Etxehasiako bidean ingurumenaz hizketa bat, une hori baliatuko duela kolpatuak atzemanik eta artaturik diren bi zapalatz edo buzoka naturari libratzeko.
Igandea 19an ''AEP Santa Barbara'' elkarteak antolatzen du ganer huste bat, egun osoan, Arruntzako Aldacourou gelan. Deneri idekia.
Igande huntan ere Jondoni Bixintxo eskola libreko burasoen elkarteak antolatzen du goiz partean haur jostagailu biltze eta saltzea eskolan berean.
Ondoko ortziralean, 24an, iraganen da Lapurdi Herriko Etxe berriaren bisita eta estreinaldia (11:00), Fabrice Rosay Baionako suprefeta eta Jean René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariaren presentziarekin. Ondotik berriz aipatzeko.
B.S.