Ba ote dakixu? | 2023ko Azaroaren 16a

Italiako kanpaina (3/3)

Gilen Bacho

Italiako%20kanpaina%20(3/3)

Alemaniarrak azkarki gerizatu ziren Gustav lerroaren gibelean, Abbruzoko erliebearen kontra bermatuz. Hilabete zenbaitez, 1943ko udazkenetik 1944ko udaberrira, aliatuak gogorki borrokatu ziren alemaniarren kontra baina aitzinatu gabe, lerro hori zeharkatu gabe, baldintza txarrenetan, gizon anitz galduz. Aliatuek eraso anitz eraman zituzten Liriko ibarrera sartzeko baina bi lur puntek sartze hori debekatzen zuten, eta partikulazki Monte Cassino-ko lur puntak.


It’s a long way to Rome

Ordu arte arte Monte Cassino, beila leku ospetsu bat bezala ezagutua zen, San Benito monasterioari esker. Baina, maluruski leku historiko horrentzat, toki estrategikoa bilakatu zen, aliatuek hartu behar zutena Erromara buruz aitzinatzeko eta alemaniarrek absolutuki begiratu behar zutena. 1944ko urtarrilaren 18tik maiatzaren 18ra, beila gune ospetsu horrek lau bataila ezagutu zituen, bataila zinez odoltsuak. Aliatuek monasterioa bonbardatu eta suntsitu zuten, alemaniarrak hor instalatuak zirela pentsatuz baina tronpatu ziren. Bonbardaketek toki historiko bat suntsitu zuten eta, militar mailan, ez zuten batere interesik ukan. Alderantziz, alemaniarrek monasterioaren hondakinak erabiliko zituzten haien defentsa azkartzeko. Lau hilabetez, haien erresistentzia izigarri azkarra izan zen. Ber mementoan, urtarrilaren 22an, Anzio aldean, Gustav lerroaren iparrean eta Erromatik hurbil, aliatuek lehorreratze bat egin zuten baina alemaniarrek fite kontraeraso azkarra eta eraginkorra eraman zuten. Vichyko erregimenaren propaganda ironiaz mintzatu zen aliatuen aitzinamendu urriaz. Afixa batean, zeinean Italiako mapa agertzen zen, beherean karakoil bat agertzen zen britainiar eta amerikar banderekin eta esaldi honekin: “It’s a long way to Rome”, britainiar kantu ospetsua plagiatuz: “It’s a long way to Tipperary”.


Erromaren libratzea

Frantses espedizio gorputzaren indarren heltzeak, Juin jeneralak manatzen zuena, aliatueri laguntza erabakigarria ekarri zuen. Hilabete anitzez Ipar Afrikan borrokaturik, mendiko gudukak ezagutzen zituzten. Alexander britainiar jeneralak eraso masiboa piztu zuen maiatzaren 12an (Monte Cassinoko laugarren bataila). Britainiar VIII. armadak eraso nagusia eraman zuen eta amerikanoek eta frantsesek Liriko ibarraren eta Tirreniar itsasoaren artean atakatu zuten, urratze erabakigarria probokatuz. Kesselring alemaniar marexalak Anzioko frontetik gizon zenbait kendu zituen urratze horren trabatzeko baina amerikar 6. gorputzak, Anzioko inguruetan blokatua zena, erabaki hori baliatu zuen berriz aitzinatzeko. Alemaniarrek defentsa lerro berri bat eraiki zuten, baina kanadarrek lerro berri hori hautsi zuten maiatzaren 23an. Erromako bidea ideki zen eta, ekainaren 4an, lehen amerikar soldaduak italiar hiriburuan sartu ziren. Bi hilabete lehenago, martxoaren 24an, Erroman, alemaniarrek 335 italiar bahitu fusilatu zituzten (ber maneraz, agorrilean, SS talde batek 560 italiar fusilatu zituen Toskanako herri batean eta 955 Marzabotton, Bolonia ondoan). Ekainean, aliatuek Erroma libratu zuten baina ez zuten oraino Italia osoa konkistatu. Florentziara eta Arno ibarrera bakarrik agorrilaren 4an heldu ziren. Britainiarrek agorrilaren 26an libratu zuten Rimini baina V. amerikar armada Boloniatik 20 kilometrora gelditua izan zen. Alemaniarrek defentsa lerro berri bat finkatzea kausitu zuten, lerro gotikoa, Apeninoen kontra azkarki bermatua zena, Po ordokiaren hegoan. 1945eko udaberrira arte, aliatuak ez ziren gehiago aitzinatuko. Beste fronte bat ideki behar zen, Frantziako iparraldean, baina hori beste historia bat izango zen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Azalekoa | 2023/11/16

Bagira prozesuaren azken urratsak

M.O.

Bagira%20prozesuaren%20azken%20urratsak

Aurten Itsasun iragan zen Aberri Egunean, Bagira prozesua abiatu zen, Ipar Euskal Herriko abertzale mugimendua berrantolatzeko xedearekin. Ondotik inkesta bat egina izan zen, puntu anitzen inguruan, Aztiker ikerketa soziolinguistikoan aditua den egiturak emaitzak aztertu ditu.

Inkestaren erantzun kopurutsua

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen diagnostikoa egiteko, Bagira prozesuaren baitan zabaldu inkestak arrakasta ukan du, galdeketa errezibitzeko 2.250 pertsonek izena eman baitute, 1.500 erantzun inguru aztertuak izan dira. "Bat-batekotasunak, hausturak, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai huntan, mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gogoeta-tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunera baturik proiektatzeko” adierazi du Bagiraren gidaritza batzordeko Txomin Povedak.

Ipar Euskal Herrian bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu dute. Inkesta euskarri digitalaren bidez nagusiki bete da, paperez ere egiten ahal zena. Galdetegiari erantzun dutenen erdia baino gehiago gizonak izan dira (%53,1), beste kasik erdia emazteak (%46,5) eta erantzuleen %0,4k ez du bere burua gizon edo emazte bezala identifikatu.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016