Jainkoa bizia jendea | 2023ko Azaroaren 16a

Zer dio zure begiak?

Johanes Bordazahar

Istorio kontaketa beti horrela hasten da, BEGIRADA batekin. Batez ere haurrek duten zilar bizizko begirada, aho-sudur-beharriak zabalik.

Hau da behar bada kontaketaren mementorik goxoena. Amatxiren baratzean sartzean, arrosaren lehen usain delikatuak Pello haurrari egiten dion ongi etorria bezalakoa. Begi goseti horiek bultzatzen eta pozten zaituzte. Eta zu hor zaude nola sartu, arta handienarekin, isil-gune horretan.

Oroitzen naiz gure zaharrek bizitzaren martxa bihurria, aroa eta uzta txarrak, edozein atsekabe pairatzerakoan bazutela halako filosofia bat. “Ze na’uzu ba’a. Hola da!”“Biharkoa hobea izanen da!” Halabeharrekoa halabeharrez. Ez zituzten ezbeharrak baitezpada madarikatzen, ez eiki gaur bezala, jendea berehala mintzen, gaitzitzen eta asaldatzen baita, hobendun bat hatzeman beharrez. Gaurkoak maizenik petzero, biktima postura hartzen. Biziak eskaintzen zuenarekin nolazpait konpontzen ziren eta bizitza hobetzen saiatzen. Zenbaitzuk erranen dute fatalistak zirela edo ikuspuntu hau, iragan-minak jo duen gizon zaharkitu batena dela. Ez dut uste. Beren arteko etsaigoak ere bazituzten jakina, baina oro har bazuten bizitzari begiratzeko modu baikorra. Hein bateko autoestimuarekin zutik bizi ziren.

Maite zuten jendea begiratzea eta ere begiratuak izatea. Bazuten elea emateko eta elekatuak izaiteko plazera. Bazuten deitzeko eta deituak izaiteko atsegina. Eskua eskainiko zuten manera noblean eta esku eskainia hartuko duintasunez. Uste dut nonbait, jakingabean, esker ona bizi zutela. Noiznahi aurkitzen zuten estakuru bat auzoei bisita bat egiteko, besapean odolki, erreximenta pote edo kafe paketatxo batekin, IKUSTATEZ. BEGIRUNEZ…

Ez dugu denek begi berekin ikusten. Amatxiren baratzean, bi arrosa landareen artean, gauaz, armiarmak sarea ehundu du. Goizeko ihintzak ur ttantta ttipiak pausatu ditu hari finetan. Pello sartzen bada lehena amorratuko da. Hartu makila eta jo: “Fundi hortik lupu zikina!”. Ama sartzen bada, ohartuko da armiarmak zein abilki zabaldu duen amarauna arrosen inguruko marmutxak biltzeko. Amatxik ikusten badu, miretsiko du perlazko mantalina iguzkitara hedatua. “Oh! Ama-Birjina Mariaren bozkariozko nigar malkoak!”.

Eder edo itsusi, zein begik ikusi.

Erabiltzen dugun hizkuntza modernoaren eraginez, gure begi niniek jendea ez dute lehengoek bezala ikusten. Gure Pello gazteak “artzain” nahi du izan baina beldur naiz, gaurdanik, “esne ekoizle” soil geldituko dela. Betiko “Pello” izanen da hurbilekoentzat baina zenbaki batekin, kontsumitzaileen, zergapekoen, zordunen eta herrikideen edo beste pazienteen meta anonimoa osatuko du. Azken batean, anitz amatxi-aitatxi bezala “egoiliar” (Résident d’Ephad”) identitatearekin finitzeko. Supermerkatuan, ikusiko duzu jendea kesan pagatzen telefonoa beharrian, saltzaileari behako bat eman gabe. Horrenbestez, saltzaile zenbaitek salmahaian ezarri behar ukan dute: “Hemen, telefonoan dena ez dugu zerbitzatzen. Ez dugu trabatu nahi!”. Alderantziz batzuek ez dute begiratuak izatea jasaiten. “Ze’uk hik eni so!” eta haste pataska. Azken honek zer ikusi du urkoaren begitartean ez bada berak berean daukan esker tzarra.

Bukatzeko hitza utziko diogu gure Pello putikoari. Halako batez andereñoak galdatzen dio klaseari: “Zein dira ezagutzen dituzuen sagarren koloreak?” Haurren erantzunak: “Gorriak… Berdeak… Marroinak… Horiak...”. Klase zolan beti isilik dagoen Pellok, eskua altxa eta altxa: “Sagar guziak zuriak dira!”. Haurrak oro irriz. “Pello! Zergatik zuriak?” “Amatxik erran daut gauza guziak barnetik behar direla begiratu!”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Azalekoa | 2023/11/16

Bagira prozesuaren azken urratsak

M.O.

Bagira%20prozesuaren%20azken%20urratsak

Aurten Itsasun iragan zen Aberri Egunean, Bagira prozesua abiatu zen, Ipar Euskal Herriko abertzale mugimendua berrantolatzeko xedearekin. Ondotik inkesta bat egina izan zen, puntu anitzen inguruan, Aztiker ikerketa soziolinguistikoan aditua den egiturak emaitzak aztertu ditu.

Inkestaren erantzun kopurutsua

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen diagnostikoa egiteko, Bagira prozesuaren baitan zabaldu inkestak arrakasta ukan du, galdeketa errezibitzeko 2.250 pertsonek izena eman baitute, 1.500 erantzun inguru aztertuak izan dira. "Bat-batekotasunak, hausturak, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai huntan, mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gogoeta-tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunera baturik proiektatzeko” adierazi du Bagiraren gidaritza batzordeko Txomin Povedak.

Ipar Euskal Herrian bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu dute. Inkesta euskarri digitalaren bidez nagusiki bete da, paperez ere egiten ahal zena. Galdetegiari erantzun dutenen erdia baino gehiago gizonak izan dira (%53,1), beste kasik erdia emazteak (%46,5) eta erantzuleen %0,4k ez du bere burua gizon edo emazte bezala identifikatu.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016