Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Urtarrilaren 18a

Bertso afaria - Goiti Aire biltzar nagusia - Urte berriko agiantzak

Bertso%20afaria%20-%20Goiti%20Aire%20biltzar%20nagusia%20-%20Urte%20berriko%20agiantzak

Bertso afaria ostiral arratsean

Beltzuntze elkarteak bertso afaria proposatzen dauku, heldu den ostiral arratsean. Hau Gozategia jatetxean iraganen da, urtarrilaren 19an, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxerekin. Afaria 25€. Izenak aitzinetik eman behar ziren. Beranta dutenentzat, deitu 06-87-71-08-98 / 05-59-45-91-63 edo idatzi beltzuntzeelkartea@gmail.com jakiteko tokirik badenez oraino. Ongi etorri deneri!

Goiti Aire elkartearen biltzar nagusia

Hirugarren adinekoen elkarteak, otsailaren 6an Denen Etxeko gelan urteko biltzar nagusia eginen du, astearte goizarekin (11:00). Biltzar nagusian aipatuko diren gaiak hauek dira: iragan urteari buruzko konduak eta txosten morala, bulegoko kide batzuen ordezkatzea, urte sariaren emendatzea (22€) eta abar. Biltzar nagusiaren ondotik, denak mahain on baten inguruan bilduko dira, Denen Etxeko gelan. Apairuaren prezioa 30€ da, bainan elkarteak 10€ beregain hartuko baititu, ondorioz bakoitzaren gain 20€ baizik ez da izanen.

Jean-Louis Duguine lehendakariak oroitarazten du urtarrilaren 27an elkartearen bil tokian permanentzia bat atxikiko dela urte sarien biltzeko, bai eta biltzar nagusiko bazkariarentzat izenak emaiteko. Izenen aitzinetik emaitea baitezpadakoa da!

Urte berriko agiantzen ekitaldia

Urte berriko agiantzen ekitaldia iragan zen joan den igandean, Herriko Etxean. Usaian bezala hitzaldiak euskaraz eta erdaraz egin dira, auzapezak eta lau axuantek aldizka gai ezberdinak garatuz. Herriko dosier garrantzitsuenez pundua egin da, baina aihertarrek berriki eskuratua baitzuten herriko aldizkaria, etorkizuneko proiektuak baizik ez dituzte aipatu, hala nola berriki egin 2 lotizamenduak (4 etxe eta beste 4 etxe). Hauen eraikuntzarako orain egokitze lanak bururatuak dira. Erosleek, herriko edo inguruko gazte guziek hemendik aitzina beren etxearen eraikitzeko obrak has ditzakete. Etxexuria (1.590.000€tan salgai) etxearen saltzeko prezioak sortu duen haserrea azpimarratu dute, eta oroitarazi kostu ttipiagoan salgai diren etxeak ere (250.000€, 300.000€tan), karioegiak direla bikote gaztek erosteko, gure herrian bizitzeko. Hardoia guneari doakionez (harrobi ohia, bernaturatua), eskoletako haurrek eta herritarrek gero eta gehiago osasun ibilbidea baliatzen dute, lasterka edo oinez hor ibiliz. Gune hunen ekipatzen Herriko Etxeak segituko du.

2024ko proiektuak - Beltzagitea etxearen berritzean ditu Herriko Etxeak indar guziak emanen (941.110€ zerga gabe). Etxe horrek aterpetuko ditu euskarazko haurtzain etxe bat, medikuntzako langileen bulegoak, alokatzeko bizitegi bat eta gela komun bat. Aurten obratuko diren beste proiektuak hauek dira: suteen aurka babesteko tresnak ezarriko dituzte Apairi, Erketa eta Hergaitze auzo aldeetan. Bestalde 2024an hondakinen bereizketa eraldatuko da, urte hondarrean, erdi lurperatuak izanen diren kolonak instalatuz. Hazparne eta Aiherraren arteko mugan, Aran erreka gaineko zubia arraberrituko da, Hazparneko herriarekin elkarlanean. Azkenik, 2024. urtean ospatuko da ere Aiherra eta Antzuolaren arteko adiskidantza bereziaren 40. urtebetetzea, martxoan, apirilean eta urrian ekitaldiak bi herrietan antolatuz (xehetasunak berantago).

Bururatzean, Arño Gastambide auzapezak herriko elkarteak eskertu ditu, urtean zehar egiten duten lanarentzat eta antolatzen dituzten animazio eta hitzorduentzat. Herritar eta hautetsiek elkarri urte ona desiratuz, eta herriak eskaini hurrupaldia hartuz ekitaldia bururatu zen, Herriko Etxeko gela handian, giro goxoan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3721. zbk

Gure Hitza | 2024/01/18

Ihauteriaz...

Janbattitt Dirassar

Ihaute hitzari aise lotzen zaio ihauteria bistan da bainan ere inaute, inauteak eta holako zonbait. Noiz hasten den ihauteria ez da naski hain aise finkatzen ahal xuxen xuxena. Eguberri irian naski, hala diote segurik hor gaindi, lehengo Erromanoek keinka hortan egiten baitzituzten gaitzeko bestak, bazkari, afari, ikusgarri eta beste, deus ikustekorik ez haatik Jesusen sortzearekin. Biziki luzaz eta anitz gisetara ospatu da ihauteria. Ezinbestean, 40ko gerla denboran utzi zen usaia, alemanak gure artean dena larderia ibilki ziren urte heietan. Gerla bururatu-eta ondokoan berriz agertu ziren zonbait maskatu, hola deitzen gintuen alabainan, mozorrotu hitza ez baiginuen erabiltzen ez eta ezagutzen ere.

Gazte multxo bat, arrunt alegera. Denak laster ezagutu gintuen, urkoitarrak zirela, kusiak ba Zelaiko kasko heietan. Emeki emeki ihauteria arrapiztu zen beraz. Gero eta gehiago zonbait urte bakar barne. Ihauteria kotsukor izanki,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016