Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Urtarrilaren 18a

Bizkarsoro filma - Zabalik elkartearen bilkura publikoa - Amikuze Kantzu - 2024ko libertimenduak

Bizkarsoro%20filma%20-%20Zabalik%20elkartearen%20bilkura%20publikoa%20-%20Amikuze%20Kantzu%20-%202024ko%20libertimenduak

Bizkarsoro filma Donapaleun

Azken egun hauetan anitz aipatua den "Bizkarsoro" filmaren ikusteko parada Donapaleun badugu. Jadanik duela zenbait egun erakutsia izan bada Donapaleuko zinegelan, ostegun huntan, urtarrilaren 18an (20:30) eta heldu den igandean, urtarrilaren 21ean (18:00) berriz proiektatua izanen da.

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da. 1914tik 1982a arte gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Bizkarsoro herria ez da existitzen baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Film hunek 20. mendean, euskaldunek euskara mintzatzen zutelako bizi behar ukan dituztenak kondatzen ditu.

Ofiziozko aktoreekin batera, Baigorri eskualdeko 100 bat pertsonaiek filman parte hartu dute.

Zabalik elkartearen bilkura publikoa

Zabalikek hiru gai proposatu ditu, "Iturzainean" bere lokalean egin duen bilkuran: Korrikaren antolatzea Amikuzen, Kanaldudek proposatzen dituen zerbitzuen aurkezpena eta Amikuzeko euskaltzaleen arteko gogoeta zikloaren antolatzea.

Huna nola Zabalikek idatzi duen bilkura hortarako deia: "Azken urteetan, gure arteko elkarlana indartu dugu hainbat ekintzen karietara (Euskaraldia, Nafarroa bizirik,...). Ondoko aldia KORRIKAren inguruan izanen da, Libertimendua ere heldu da... Euskararen komunitatea ez da hain azkarra agian, baina badu mitxa eta bizi-nahi beroa, gure aurpegietako irrietan ezagun dena biltzen girenean. Nola segitu alde on horien hazten eta indarrak zertan eman ikusteko, gogoeta ziklo bat proposatzen dugu.Zauri datorren asteazkeneko bilkurara, batzu besteen ideiekin urrunago joanen baigira".

Bilkura, urtarrilaren 17an, asteazken arrestirian iragan da. Ondorioak, ondoko asteetan emanen ditugu.

Amikuze kantuz elkartearen hitzordua

Hilabetero, hirugarren igande goizetan, kantua maite duten amikuztarrak biltzen dira elkarrekin kantuz memento goxo baten pasatzeko. 2024 urtea untsa hasteko, hitzordua heldu den igandean, urtarrilaren 21ean, Kennedy ostatuan emana da (10:15).

2024ko libertimendua Donapaleun

Aurten ere, gazte multxo bat lanari lotu da, eta bazterrak (bai eta matel hezurrak) harrotzeko parioa egiten dute. Libertimendua otsailaren 18an iraganen da Donapaleun. Santibate ospatua izanen da lehenago otsailaren 3ko gauean Donapaleuko ostatuetan gaindi.

Ez ahantz ere, Pagolako maskarada. Pagolan emana izanen da urtarrilaren 21ean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3721. zbk

Gure Hitza | 2024/01/18

Ihauteriaz...

Janbattitt Dirassar

Ihaute hitzari aise lotzen zaio ihauteria bistan da bainan ere inaute, inauteak eta holako zonbait. Noiz hasten den ihauteria ez da naski hain aise finkatzen ahal xuxen xuxena. Eguberri irian naski, hala diote segurik hor gaindi, lehengo Erromanoek keinka hortan egiten baitzituzten gaitzeko bestak, bazkari, afari, ikusgarri eta beste, deus ikustekorik ez haatik Jesusen sortzearekin. Biziki luzaz eta anitz gisetara ospatu da ihauteria. Ezinbestean, 40ko gerla denboran utzi zen usaia, alemanak gure artean dena larderia ibilki ziren urte heietan. Gerla bururatu-eta ondokoan berriz agertu ziren zonbait maskatu, hola deitzen gintuen alabainan, mozorrotu hitza ez baiginuen erabiltzen ez eta ezagutzen ere.

Gazte multxo bat, arrunt alegera. Denak laster ezagutu gintuen, urkoitarrak zirela, kusiak ba Zelaiko kasko heietan. Emeki emeki ihauteria arrapiztu zen beraz. Gero eta gehiago zonbait urte bakar barne. Ihauteria kotsukor izanki,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016