Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Urtarrilaren 18a
Scaramuccia antzerki eskola - Puska trabagarrien bilketa - Abenduko sortze eta heriotzak - Zakuzaharren ateraldiak - Estitxu dokumentala
Scaramuccia antzerki eskola
Bere denboraldiari amaiera emanen dako, publikoari gomita zabalduz, aurki ditzan azkeneko sorkuntzak. Larreko antzokian iraganen dira, urtarrilaren 19 eta 20an (20:30) eta urtarrilaren 21ean (18:00). Donibaneko tropela belaunaldi guzietako antzezlari amaturrek osatzen dute eta poz handiarekin nahi dute aurkeztu urte guzian beren tailerretan eraman lana. Dohainik eskainia da "Passons aux actes" deitu festibala. Larreko atarian edariak eta janariak eskuragarriak izanen dira.
Puska trabagarrien bilketa
Hemendik aitzina, hilabetero egiten den bilketa berezi hori, hilaren lehen asteazkenetan eginen da. Izen emaitea deituz: 05-59-54-10 19 edo mailaz contact@senpere64.fr. Oroitarazia da, autoetan garraiatu ez direnak baizik bilduak direla etxetako mugetan, ez haatik berinazko gauzak eta landareak.
Abenduko sortze eta heriotzak
Horra zer seinalatua izan zaukun.
Sortzeak- Roca Rafael, Ollivon Paola, Botella Martial, Dos Santos Oliveira Matteo, Chomiez Iguiniz Milia, Duluc Maylan, Descourtis Theo eta Nathan, Dumoulin Jean Gil.
Heriotzak- Ezponda Saint-Martin 66 urte, Olaizola Martin 76 urte, Gaigneron Jollimon de MarollesNicole sortzez Pascault 82 urte, Dardel Corinne sortzez Fabre 70 urte. Dolumin beroenak hauen senide eta adiskideeri.
Zakuzaharren ateraldiak
Otsailaren 3an iraganen diren Ihauterien prestakuntzetan ari dira balekibale, elkarte hunetako kideak. Etxez-etxe ibiltzeko ohidura dute, egitarauen partekatzeko, batez ere beren dantza, kanta, musika eta irriak eskaintzeko auzoetan. Jadanik Olha, Ibarrun eta Amotzen gaindi ibiliak dira, Urguri bistan dute hilaren 20an eta Hergarai 27an. Lehengo galderak zioen:"xingar eta arroltze, bat edo bertze? Biak hobe!" ea hari beretik ibiliko diren, dena den harrera hoberena merezi dute beren animazioekin, bazterrak eta bihotzak alaitzeagatik.
Estitxu dokumentalari so
Bortz urteren buruan Franck Dolosor-ek frantses bertsioan aurkeztu duen dokumentalak, Larreko kulturgunean sekulako ikusmina sortu du. Jendalde ederrak harmailak bete ditu, aitortzekoa da emozioa nagusi izan dela, Estitxuren oroitzapenen berpizteak ongi hunkiturik utzi du publikoa. Txalotzekoa da Franck-en ekimena, baita huni juntatu diren presuna guziak, ahantzi gabe hor bilduak ziren Robles familiako zonbait kide. Familia hunek Euskal Herriari izigarriko ekarpena eman dio, gaurko euskal kantuetan aitzindari izan da eta beti euskararen alde obratu du.











