Ba ote dakixu? | 2024ko Urtarrilaren 18a
Mandela (À‚'¾)
1951n, Mandela, Oliver Tamborekin, Johannesburgeko lehen abokatu beltza bilakatu zen. Bere posizioa beltzen eskubideak defendatzeko erabili zuen. Abokatu gisa, pobre beltzeri, haien eskubideak defendatzeko, bere zerbitzuak prezio apalean edo zenbait aldiz kitorik proposatzen zituen.
Desobedientzia zibila
1952an, Mandela Transvaaleko ANCko presidentea bilakatu zen eta alderdiko presidente-ordea nazional mailan. ANCko buruzagi gisa, desobedientzia zibilaren kanpaina eraman zuen apartheid sistemaren kontra. 1952ko apirilaren 6an, ANC alderdiak manifestazio handi bat antolatu zuen, 10.000 jende bilduz. Poliziaren errepresioa izigarri gogorra izan zen. Kasik manifestari guziak (8.500 preseski) arrastatuak izan ziren eta Mandela ere (9 hilabeteko presoaldia bildu zuen, gibelapenarekin). Kanpaina urrian segitu zen eta manifestazio zenbait antolatuak izan ziren arrazazko bereizkuntzaren legeen kontra eta, partikulazki, "barneko pasaportearen" kontra. Beltzek dokumentu hori beti haiekin behar zuten ukan. Desobedientzia zibilaren kanpaina horrek (1953ko apirilean bukatu zena) ANC alderdiaren influentzia azkartu zuen. ANC-aren proiektuak, "arraza" guzien elkartasuna proposatzen zuenak, jende anitz erakartzen zituen eta ez bakarrik beltzak baina ere indiano eta "zuri" zenbait (komunistak sustut). Proiektu hori 1955eko "libertatearen kartan" (ANCak baina ere alderdi komunistak eta demokraten kongresuak sinatu zutenak) proklamatua izan zen. Baina proiektu ireki eta bateratzaile horrek oposizioak sorrarazi zituen. 1950eko hamarkadan, mugimendu "afrikanista", ekintza erradikalagoak eramatea gobernuaren kontra defendatzen zuena, hedatu zen, partikulazki townships-etan nun ANC-ari konkurrentzia egiten zuen.
Heriotzarainoko ideala
Mobilizazio horren aitzinean, errepresioa azkartu zen. 1956ko abenduaren 5ean, Mandela, 156 lagunekin, arrastatua izan zen eta "traizioaz" akusatua. Auzia bakarrik 1961ean bukatu zen. Jujeak kontsideratu zuen gobernuak ez zuela frogatu ANCak gobernua erorrarazi nahi zuela bortizkeria erabiliz. Orduan, hobengabetasun epaia eman zuen akusatu guzientzat. ANC-aren bakezale estrategiak akusatuak salbatu zituen baina sail horri buruz gauzak kanbiatuko ziren, gertakari tragiko baten ondotik, Sharpevilleko masakrea. 1960ko martxoaren 21ean, Transvaaleko hiri horretan, "barneko pasaportearen" kontra antolatutako manifestazio batean, poliziak abisurik gabe manifestarieri buruz tiratu zuen eta 69 pertsona hil zituen (haietan 10 haur). Errepresioari buru egiteko, maiatzean, ANCak greba orokorra, biziki segitua izan zena, antolatu zuen. Baina errepresioa oraino azkarragoa izan zen eta gobernuak ANC-a debekatu zuen. Orduan, bakezale estrategiak ez baitzuen emaitzarik eman, ANCak bere adar militarra sortu zuen, Mandelaren agintepean. Mandelak bortizkeria erabiltzea justifikatu zuen, "beti zapaltzaileak (zituela) ekintza metodoak deliberarazten" erranez. Baina, argiki erranez ere "gerilla, terrorismoa eta iraultza irekia" azken errekurtsoa zirela. Lehenik, bakarrik sakastak (sabotajeak), "giza-bizi galtzerik gabe", "apartheid-aren toki sinbolikoen" kontra, eramanak izan ziren. Ez zuen bigarren faserik eraman ahal izan. 1962ko agorrilaren 5ean, 17 hilabete gordean pasatu eta, Mandela arrastatua izan zen (CIAko informazioeri esker). 1963an, ANCko buruzagi anitz arrastatuak izan ziren. 1964ko "Rivoniako auzian", denek hiltzeko gaztigua arriskatzen zuten. Apirilaren 20an, Mandelak bere defentsa mintzaldia bukatu zuen esaldi hauekin, historian sartu direnak: "Nire bizia afrikar populuaren aldeko borrokari dedikatu dut. Zurien nagusitasunaren kontra borrokatu naiz eta beltzen nagusitasunaren kontra borrokatu naiz. Gizarte demokratiko eta libre baten ideala, zeinean denak elkarrekin biziko ginatekeen, harmonian, aukera berdinekin. Lortzea espero dudan eta bizitzea espero dudan ideala da. Baina, beharrezkoa bada, ideal horrentzat joan ninteke heriotzaraino".











