Euskal diaspora | 2023ko Azaroaren 23a

'Transmisioa', barnetegia Valentzian, Itsasuk 60 urte eta Brusela

Transmisioa_%20barnetegia%20Valentzian_%20Itsasuk%2060%20urte%20eta%20Brusela

Argazki oina:

EUSKAL ASTE NAZIONALA 2023. Oraino segitzen dute Argentinan Necocheako Euskal Aste Nazionaleko oihartzunek. Xarmanki atera zen eta jendea indarrak berriturik itzuli zen, bakotxa bere euskal etxe eta herrira, urtea behar bezala bukatzeko, egungo egoera ekonomiko eta politikoa batere errexa ez badute ere. Zorionak berriz ere antolatzaile eta partaide izan ziren guzier! Euskal etxe batzuen izena huna ekarriz, 'Beti Aurrera, lagunak'!


'Transmisioa' filma. Segitzen dute Euskal Herrian barrena Olentzeroren Lagunak elkartekoek, iaz Argentinako euskal komunitateetan grabatu zuten 'Transmisioa' dokumentala ematen. Hainbat herri bisitatu ondoren, ortzegun huntan Kanbora heldu dira, eta ebiakoitzean, azaroaren 25ean, Anhauzen emanen dute filma. Ondoko emanaldiak, azaroaren 29an Uztaritzen, abenduaren 1ean Bardozen, 3an Biarritzeko Royal Zineman, 7an Senperen eta 8an Ezpeletan. Aukera ederra da taldeak eta Hazparneko joaldunek hainbat euskal etxe argentinar bisitaturik egin bidaia eta harrera ezagutzeko eta euskal kulturak egungo Argentinan duen oihartzun eta indarrari hurbiltzeko poxi bat, bereziki Eguberria eta Olentzerori lotu neguko tradizioak ate joka ditugun sasoin huntan.

Barnetegia Valentzian. Indartsu dabil azkenaldian Mediterraneo aldean Valentzia eta inguruko euskal irakaskuntza. Heldu den asteburu huntan, izan ere, ortzegunetik igandera, 'Udazkeneko Barnetegia' deitu dutena antolatu dute, bi gau aterpetxe batean pasaturik eta han diren bitartean guzia euskaraz eginik. Valentziako Euskal Etxea dute antolatzaile, eta inguruko hiru Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Euskal Etxeko ikasle, irakasle eta kideak partaide, Valentzia, Castelló eta Alacant-ekoak. Hunakoa euskara apur bat gehiago mintzatzen dutenendako da, eta eginen dute geroago beste bat gutiago dakitenendako. Irakasleak, Estatu Batuetako NABOko Euskara irakasle izan zen Izaskun Kortazar, egun Valentzian bizi dena, Garikoitz Knörr eta Leire Garcia. Asteburu xarmanta pasatuko dute, lagunarteko giroan, euskara lokarri dutela.

Itsasuko adierazpena. Buenos Airesen, hiriko Iparraldeko Euskal Etxeak, hitzaldi bat egin du hondarreko asteazken huntan, azaroaren 22an, "Itsasuko Adierazpena: 60 urte Iparraldean eta Euskal Herrian" izenpean, euskal etxeko Kultura Azpibatzordeko kide den Carlos Martinezen eskutik.

Brusela, Belgika. Eta Eguberriko sasoina ere inguratzen ari dela, Bruselako Euskal Etxekoek asteburu huntan saio berri bat eginen dute, batetik euskal sukaldaritza landuz, eta urteko azken elgarretaratzeetarik baño egiten. Heldu den larunbat huntan izanen da, elkartearen egoitzan, eta lehenik 'Bakailaoa ajoarriero erara' prestatzen irakatsiko dute 17:00etan, eta ondotik, klasean prestatu dutenarekin eta gauza gehiagorekin Euskal Etxeko kideak deitu dituzte lagunarteko afaria egiteko familia giroan, kantua eta musika faltatuko ez direla. Hau guzia heldu den hilabetean Olentzero errezibitzeko eginen dituzten prestakizunen aitzin. Eman izena bruselakoeuskaletxea@gmail.com helbidean.

Euskararen Eguna. Eta heldu den asteburuan abenduaren 3a, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren edizio berri bat hemen delarik, hainbat dira munduan data berezi hori prestatzen ari diren Euskal Etxeak, askorentzat urteko besta eta elgarretaratze handietarik baita. Honi buruz mintzatuko gira heldu den astean. Zuhaur ere partaide izanen zirea, irakurle? Bitartean, segi pixkor!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3721. zbk

Azalekoa | 2023/11/23

Konkolotx: euskarazko haurtzaintza bateratua

M.O.

Konkolotx:%20euskarazko%20haurtzaintza%20bateratua

Konkolotx Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi eta haurtzain-etxeak biltzen dituen elkartea da. Diru kanpaina bat eramaiten ari dela, bildu gira Elorri Arin elkarteko langilearekin ikusteko haurtzaintzan ari diren euskal egiturak zertan diren.

Elkarrekin biltzeko gogoa

2022an, haurrekin euskaraz lan egiten duten 3 haurtzaindegi eta 5 haurtzain-etxe bildu ziren elkarrekin lan baten eramaiteko, Konkolotx elkartea sortu zen. Parte hartzen duten haurtzaindegiak, Ohakoa (Miarritze), Luma (Baiona), Ttinka (Lakarra) eta haurtzain-etxeak Sübükota (Maule), Xoko Ttipi (Angelu), Kilima (Azkaine), Ttuku Ttuku (Ziburu) eta Txiki Txoko (Hendaia). Konkolotx haurtzaintzan ari diren arduradun-langileek elkar ezagutzeko aukera badute, elkarrekin bakoitzaren beharrak zein diren aipatuak dira, baliatuz formakuntza batzuk plantan jartzeko. Prestakuntza desberdin horientzat adituak gomitatuak dira. 20 bat langile bildu dira Maialen Alfarorekin, kantuen erritualen bidez nola dinamika sortu haurren beharrak kontutan hartzeko aipatua izan da. Berrikitan beste saio bat egina izan da bi ortofonistekin, haurtzaroko profesionalek haurren komunikazioan eta hizkuntzaren garapenean ardura baitute. Konkolotxen diren langileeri ah...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016