Hegoaldean | 2024ko Urtarrilaren 18a
Plastikozko pikorrak hondartzetarat
A.E.
Plastikozko pikorrak (pellets) zeramatzan Toconao itsasontziak itsasoan galdu kontainerrak poluzioa eragin du. Ezbeharra Portugaleko uretan gertatu da. Pisu gutiko pikorrak izanez itsasoak eta haizeak errexki mugitzen ditu. Ondorioz pikorrak Galizia eta Asturiasko hondartzetarat heltzen ari dira eta ez da nehondik ere baztertzekoa Bizkaia, Gipuzkoa edo Lapurdiko hondartzetarat helduko direla. Jadanik zenbait pikor aurkituak izan dira Hegoaldeko hondartzetan. Bizkaiko Foru Aldundiak erran du ez direla ohartu Bizkaiko hondartzetan aurkitutako plastiko kopurua handitu denik, guti baitira eta anitz barreiatuak baitaude. Bizkaian, plastikoak aurkitu dituzte Arenako hondartzan eta Sopelan.
Arantza Atutxak, Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak, adierazi duenez larrialdiko informazioa zainek, eguneroko zaintza-datuek ez dute hondakin plastikoen gorakadarik ikusi. Arantza Atutxak erran du ez dakitela "Toconao" ontzikoak ote diren, egin analisien emaitzak oraindik ez dituztelako.
Instituzioak prestatzen ari dira. Oraingoz ez da segurua azken orduetan kostaldera heltzen hasi diren plastiko zatiak Toconao ontzitik uretara eroritakoak direla. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azaldu duenez, laster espero dituzte laginei eginak izan diren proben emaitzak. AZTI eta Gaiker ari dira laginak aztertzen.
Tapiak azaldu du jasotako plastiko lagin horiek dentsitate ttipia dutela eta urak aise zabaldu ditzakeela, baina oraindik ez dutela datu segurik istripuaren ondorioz uretaratutakoak ote diren. Halere, adierazi du litekeena dela plastiko kutsadura horren zati batzuk euskal kostaldera heltzea, horri aurre egiteko prestatzen ari direla zehaztu du, etortzen baldin bada ahalik eta gehien garbitu ahal izateko.
Ingurumen Sailak aginduta, itsasontzi bat abiatu da Muskiztik (Bizkaia), ikusteko ea itsasoan plastiko horien aztarnarik ba ote den. Horrez gain, Tapiak azaldu duenez, Santurtzin beste itsasontzi bat egokitzen ari dira uretatik plastiko pikorrak xurgatzeko, beharko balitz sare biziki trinko batzuk ere egokitzea aipatua izan da.











