Gure Hitza | 2023ko Azaroaren 30a

Ile-apaindegiko oihartzunak

Peio Jorajuria

Ez da ile apaindegia bezalakorik han-hemenkako berrixken eta sentimenduen trukatzeko. Aitzin hortan, lauzpabost lagun ginen apaindegi batean, gure itzuliaren zain. Ile-apaintzaileak musika ezti bat ezarria zuen, beharrientzat entzun goxoa. Ileak mozten zizkionari esplikatzen zion aspertua zela orain arte pizten zuen irrati burrunbariaz, munduko berri ilunez baizik brokatua ez zaiona, gohainditzeraino. Bezeroak arrazoi ematen dio eta biak hasten dira berri ilun horien tira ahala zerrendatzen.

Nahas-mahas, Palestinako sarraski odoltsuak, Ukrainako gerla, eskualde guzietan biderkatzen ari diren uholdeak, Europak hamar urte gehiagorentzat eman duen glifosata erabiltzeko baimena eta gisa hortan minbiziak biharamun ederrak izango dituela oraino, pedofilia aferak... Ari ziren, ari, biak, litania horren soka luzeari tiraka eta tiraka. Hori da gure eguneroko bazka irrati, telebista eta sare sozialetatik, ziotela. Ezarria zen musika eztia estaltzen zuten beren solas lotsatuek. Eta ni, gogoetatua: “Berri txarrek hainbesteraino itotzen ote dituzte berri onak?” Alta berri onik ere bada. Egia da, haatik, hauek gehienetan harrabots guti egiten dutela edo batere ez. Oihuek eta basakeriek, aldiz, zer oihartzuna!

Argentinan, Javier Milei ultraeskuindarrak eskuratu du presidente aulkia. “El loco” deitzen dute. Ezagutzen genituen Trump estatubatuarraren eta Bolsonaro brasildarraren oilarkeriak eta kanorerik gabeko erabaki mainguak, baina ematen du hauek beretterrak direla nornahitaz eta zernahitaz errespetu mikorik gabe mintzo den argentinar ahobero horren aldean. Mundua zakur saingarien aztaparretara eroriko ote da? Badira jende etsituak, uste dutenak kaosaren bezperan dagoela mundua. Baina kaosaren baitatik onik ere atera daiteke. Miarritzen, Itsas Museoaren inguru hurbilean dagoen Zigor zizelkariaren harrizko eskultura gotor batek, “kaosaren antolamendu poetikoa” deitua duenak, hori erakusten du. Eta kaosaren baitan poesia badeno, salbu gira.

Berri ilunen artetik onak ere badirela nioen gorago, eta uste baino gehiago. Horietarik bat dugu hurbiletik hunkitzen gaituen hau, arras pozgarria daukaguna: Menane Oxandabaratz gure idazle-buruak asteazken huntan eskuratu du Andoainen Rikardo Arregi kazetaritza saria, bereziki Euskal Irratietan eta Herria astekarian euskarazko kazetaritzaren alde emandako lanaren goraipamen gisa. Badakit nahiagoko zuela bere xokoan umil umila segitu, saririk batere eskuratu gabe. Har ditzala, halere, hemendik gure goresmenik beroenak. Lan zintzoak merezi du sari.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3722. zbk

Azalekoa | 2023/11/30

“Eraiki”: dotazio funtsa

M.O.

a€œEraikia€:%20dotazio%20funtsa

Ipar Euskal Herrian diren elkarte batzuen egoitzen kudeaketarako, “Eraiki” dotazio-funtsa sortu da. Xebax Christy proiektu horretan partaide denarekin bildu gira, guti aipatzen den gai huntaz xehetasunak eman dauzkigu.

Ondarearen geroa segurtatu

Euskal Herriak tradizio luzea du elkartuz eta mobilizatuz, proiektuak eramaiteko behar dituen baliabide propioak muntatzeko. Hainbat sailetan ari direnek, bereziki elkarte moduan antolatuak, tresnak behar dituzte. Lan horren eramaiteko, azken hamarkadetan militanteen diru-laguntzeri esker, egoitzak beharrezkoak izanez, konfiantza osoz pertsona batzuen izenean erosiak izan dira. Ontasun horiek interes orokorraren zerbitzurako atxikiak izan dira, etekin pertsonalik atera gabe. Urteak pasatzen ari direla eta, Xebax Christyk erraiten zaukun egoitza horiek elkarteek erabiltzen badituzte, juridikoki gauzak argi ez izanez, finkatzeko beharra agertu dela. Pertsona horietako bati zerbait gertatuz gero, haien ondokoekin arazoak sor daitezke, legez justifikatzen ahal bailukete ontasun hori berena dela. Anitz gogoeta eramanik, legeak ongi azterturik eta araudiak finkaturik erabaki da “Eraiki” dotazio funtsa sortzea.


...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016