Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Azaroaren 30a

Gazteek finalean galdu - Herriko aldizkaria - Kantu Afaria - Teletoia - Urte hondarreko arratsaldeko askaria

Gazteek%20finalean%20galdu%20-%20Herriko%20aldizkaria%20-%20Kantu%20Afaria%20-%20Teletoia%20-%20Urte%20hondarreko%20arratsaldeko%20askaria

Gazteek finalean galdu

Aitzineko asteburuan, herriko 2 neska gaztek Euskal Herriko pilota txapelketaren finala jokatu zuten, palaz pilota goma hutsarekin, Iholdiko trinket berrian, denbora berean hau estreinatzen zutela. Maiana Durruty eta Emma Etcheverryk zorigaitzez galdu zuten Kapito Harriko Elena Irigoin-Nahia Agorrodyk osatu ekipoaren kontra, 2 mantxetan, 13/15 eta 11/15. Galdurik ere, biba zuek, txapelketa ederra eginik eta hein hortara heldurik. Bestaldian txapela zuentzat izanen da. Anartean Abarratia pilota batasuneko pilotariek nazional mailako txapelketa segitzen dute.

Herriko aldizkaria

Herriko aldizkari koloretsua joan den aste hondarrean eskuratu dugu. 24 orrialde ditu, artikulu elebidunez eta argazki andana batez osatua. Herriko kontseiluak hartu erabakiak eta deliberatu proiektuak dira xeheki azaltzen.

Auzapezak bere hastapeneko hitzan proiektuen aldetik azken urtea zer izan den eta 2024koa zer izanen den azaltzen du, xehetasun asko emanez ondoko orrialdetan. Urtarrilean Herriko Etxe berria ireki zuten (445.148,63€ kostua), gero bi lotizamendu edo etxe multzoen egokitzea bururaturik, denak herritarrak edo auzo herritarrak diren erosleek, obrak hasi eta hasiko dituzte. Heldu den urtean, Beltzagitea etxearen arraberritzea izanen da, herri erdian gauzatuko den obra garrantzitsuena. Hunek aterbetuko ditu ama-laguntzaile etxe euskalduna (3 hezitzaile, 12 haur) beherean, lehen estaian osasuneko profesionalen errezibitzeko gelak eta bigarren estaian apartamentua herriko gazteak memento batez errezibitzeko. Hunen kostua 944.110€tara helduko da eta obrak urtarrilean hasi beharrak dira. Tratatuak diren bertze gaiak: 2022/2023 hirigintza baimenak, herriko aitzinkontuak eta herriko zorren heina, bide obren programa (63.624€), Lurxurietako hondarkin geldoen biltegiaren handitzea (orrialde oso bat), Aiherra/Antzuola parekatzea (heldu den urtean 40 urte), auzapezordeen edo axuanten aldatzea, herriko elkarteen aurkezpenak, eskola publiko, pribatu eta ikastolen berri, trinketa eta Denen Etxearen alokatze prezioak eta abar… Estatu zibilaren azken urteko bilduma hau da (buruiletik buruilera): 20 sortze, 8 heriotze eta 2 ezkontza.

Herriko aldizkariaren ale bat Herriko Etxean eskura daiteke, edo www.ayherre.fr edo www.aiherra.eus webgunean irakur. Irakurketa on!


Kantu Afaria, Gozategian

Aiherrako “Korsikako kakolak” beren burua deitzen duten taldekoek oroitarazten dute heldu den ostiralean proposatzen duten kantu afarian (19:30), nornahik parte har lezakeela, herritarrak ala beste, zahar eta gazte, gizon eta emazte. Afaria (arroltze moleta, lukainka, artekia eta gasna, arnoa barne) 15€tan izanen da. Haatik, tokiaren aitzinetik erreserbatzea galdatzen dute, ostatua (05-59-45-91-63) edo Jean-Mixel (06-87-71-08-98) deituz, ahalaz azaroaren 29 arratseko berantenaz. Jin zuen kantu liburuekin, ongi etorri deneri!

Teletoia abenduaren 9an

Aurten Teletoian gure herrian manera berezi batez parte hartzen ahalko da. Berrikitan Herriko Etxeak bernaturatu duen harrobi ohian, Hardoia parkean, 2 oreneko aldizkako lasterketa edo ibilaldia proposatua da, (9:30-11:30). Izan kirolaria edo ez, kafe eta xokolatesne gozatzen ahalko duzue, bixkotxekin. Zatozte kopuru handian!


Urte hondarreko arratsaldeko askaria

Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak urte hondarra kari, bere kideeri arratsalde goxoa proposatzen die. Hau abenduaren 12an iraganen da (14:30). Kartetan arizan ondoan, arratsaldeko askari ona eskainia izanen zaie(16:30): zerrikia, erreximenta, gasna, bixkotxa, kafea ala dutea. Haatik abenduaren 5a aitzin izena eman beharko da, Frantxua Christyri: 06-11-14-30-21. Izena emaitean, autorik ez dutenek zerbait erran dezatela. Norbait xerka jinen zaie.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3722. zbk

Gure Hitza | 2023/11/30

Ile-apaindegiko oihartzunak

Peio Jorajuria

Ez da ile apaindegia bezalakorik han-hemenkako berrixken eta sentimenduen trukatzeko. Aitzin hortan, lauzpabost lagun ginen apaindegi batean, gure itzuliaren zain. Ile-apaintzaileak musika ezti bat ezarria zuen, beharrientzat entzun goxoa. Ileak mozten zizkionari esplikatzen zion aspertua zela orain arte pizten zuen irrati burrunbariaz, munduko berri ilunez baizik brokatua ez zaiona, gohainditzeraino. Bezeroak arrazoi ematen dio eta biak hasten dira berri ilun horien tira ahala zerrendatzen.

Nahas-mahas, Palestinako sarraski odoltsuak, Ukrainako gerla, eskualde guzietan biderkatzen ari diren uholdeak, Europak hamar urte gehiagorentzat eman duen glifosata erabiltzeko baimena eta gisa hortan minbiziak biharamun ederrak izango dituela oraino, pedofilia aferak... Ari ziren, ari, biak, litania horren soka luzeari tiraka eta tiraka. Hori da gure eguneroko bazka irrati, telebista eta sare sozialetatik, ziotela. Ezarria zen musika eztia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016