Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2023ko Azaroaren 30a
Emazteen kontrako indarkeria - Aritz Ibarra - Eguberriko merkartua - Bertso afaria
Emazteen kontrako indarkeriari buruz: animazio arrakastatsuak
Emazteen kontrako indarkerien salatzeko, Erran eta Bizi elkarteak, joan den ibiakoitzean Donapaleun Nazioarteko Eguna kari animazio desberdinak antolatu ditu. Goizean, merkatu estalian ibilaldi baten egiteko 70 bat pertsona bildu dira. Ondotik, arratsalde hondar arte tailer desberdinak proposatuak ziren Saint-Louis zineman, bortizkeriari buruz bakoitzak bere burua hobeki defenditzeko eta giza duintasuna berreskuratzeko. Jende anitzek parte hartu dute. Memento garrantzitsuena gaueko antzerkia eta ondotik izan den debatea dudarik gabe. “La Cave”, etxeko indarkeria arruntez hitz egiten duen antzerki obra, La Compagnie du Hasard taldeak antzeztu du. Ikerketa polizial baten itxuran, senar bortitz batekin maitemindutako emazte baten sentimenduak aztertzen ditu. Gaia untsa pausatu ondoan, Catherine Rivière eta Marie-Jo Vanier, Erran eta Biziko ordezkariek, debatea ideki dute, antzerkiko jokolariekin eta jende aditu batzuekin, hala nola Donapaleuko jendarmeriako ordezkaria, Baionako magistratu bat eta abokatu bat. Gaualdian 150 bat pertsonek parte hartu dute eta denak hunkiak atera dira gai minberatsu hunen gibelean diren sufrikarioak hobeki senditurik. Milesker Erran eta Bizi elkarteko kideeri holako egun baliosa antolaturik!
Aritz Ibarra Donapaleuko mediatekan
Zabalik eta Amikuzeko mediatekak mintzaldi bat antolatzen dute, Aritz Ibarra gasteiztarrarekin, ibiakoitz huntan, abenduaren 2an (10:00). “Gasteiz 1200, defentsa amaigabea” komikia aurkeztuko dauku.
1200. urtean, Gaztelako erresumak ipar-mendebaldeko lurraldeak Nafarroako erresumari kendu zizkion. Hortik heldu da Nafarroa garaiaren eta ipar-mendebaldeko lurraldeen arteko gaur egungo zatiketa. “Gasteiz 1200. Defentsa amaigabea” nobela Fernando Sánchez Aranazek idatzi du eta Aritz Ibarrak marrazkiak egin ditu. Nabarralde eta Martin Ttipia elkarteek argitaratu dute. Jin gustuan, ongi etorri beroena egina izanen zaizue.
Eguberriko merkatua
Aurten ere Amikuzeko ikastolak eguberriko merkatua antolatuko du, Donapaleuko merkatu estalian, abenduaren 2an larunbatarekin (10:00-18:00). Tokiko sortzaile, ekoizle eta eskulangile anitz izanen dira beren lanen aurkezteko eta mozkinen saltzeko. Usaian bezala jateko eta edateko ere izanen da, giro ezin hobean.
Eguberriko bertso afaria
Eskukula eta Zabalik elkarteek abenduaren 23an bertso afaria antolatzen dute, usaia duten bezala. Aurten Maialen Arzalluz eta Unai Agirre hor izanen dira gauaren animatzeko. Xehetasunak ondoko asteetan emanak izanen dira.