Herriz Herri - Hazparne (L) | 2023ko Azaroaren 30a

Suteen kontrako tresneria - Orgina berria - Krosa Teletonaren alde - Xilaba: hazpandarrak xapeldun! - Gazte Eguna

Suteen%20kontrako%20tresneria%20-%20Orgina%20berria%20-%20Krosa%20Teletonaren%20alde%20-%20Xilaba:%20hazpandarrak%20xapeldun!%20-%20Gazte%20Eguna

Suteen kontrako tresneria

Herriaren galdeari segituz enpresa berezitu batek ur aho guziak entseatuko ditu behar orduan eraginkorrak izan daitezen. Egitate horrek traba batzu sor ditzake, hala nola presio apaltze edo uraren kolore aldatze. Traba hauek ez dira iraunkorrak izanen eta beharrez Euskal Elkargoko zerbitzuek jendea lagunduko dute. Entsegu horiek abenduaren 12tik 29raino iraunen dute. Gehiago jakin nahi duenak Hazparne herrialdeko eta Bidaxuneko ekipoak deitzen ahal ditu 05-59-29-17-72 deituz.

Orgina berria

Badu orain hiru urte elizako orginaren aldatzeko diru bilketa bat abiatu zela: 87.231€ bildu dira. Ez da hurbiltzekorik ere aski hodiekilako orgina baten erosteko. Beraz Hazparne Eskualdeko Orgina elkarteak orgina numerikoa erosiko duela deliberatu du. Hautatu den saltzaileak proposatu du holako tresna batek zer emaiten duen eliza nagusian, publikoari erakustea. Beraz abenduaren 1ean ostiralez, nahi duena gomitatua da entzuteko eta nahi badu tresnaren entseatzeko. (11:00→16:00)

Krosa Teletonaren alde

Departamenduko kros laburren xapelketa abenduaren 3an Armand David lizeoan iraganen da (9:30). Lizentzia gabekoeri ere idekia da. Huna goizaren egitaraua:

(09:30)denendako krosa, (10:00) Kid krosa U10haurrendako, (10:30) Kid krosa U12 xitoendako, (11:00) emazteen kros laburra, (11:30) gizonen kros laburra, (12:00) U14 neska eta mutikoentzat, (12:20) U14 neskentzat, (12:40) U14 mutikoentzat.

Taloak eta edariak salduko dira Teletonaren alde.

Xilaba: hazpandarrak xapeldun!

Xilaba taldeka bertso zoin gehiagoka iragan da, azken hilabete hauetan herriz herri gaitzeko arrakasta bilduz eta berriki bururatu da Aiherran “Hazparke” taldearen garaipenarekin! Irantzu Idoate, Nahia Sasco eta Ortzi Idoatek dute talde hori osatzen eta “Muttikoak” taldearen parean hoberenak agertu dira. Zoin gehiagoka bixi hunek hogeita hemezortzi partaide ukan ditu eta ohartzekoa da, luzaz gizonen eremua izan den bertsolaritzan gero eta gehiago emazte badela. Biba zuek!

Gazte Eguna

Gazteek abertzale mugimendua xutik eta berregituratua nahi dute. Diote:“Belaunaldiz belaunaldi abertzale mugimendua berritu da. Orain gure aldia da, oraiko eta geroko abertzaleak gira...”. Bultzada berri horren gauzatzeko egun berezi bat izanen da abenduaren 2an, larunbatean Hazparnen.

Bi mahai inguru iraganen dira Ttattola berrian: lehenak emaztearen erronkak aipatuko ditu eta bigarrenak eremu askotan engaiatuak diren gazteen lekukotasunak bilduko ditu.

Bazkalondoan Team B txarangaren ondotik jendea Mendeala gelara joanen da, Olaia Inziarte, Gozategi, Odei eta Zea Mays famatuak entzutera. Gero pestak segituko du Ttattolan DJ Latxirogak alaiturik.

“Pesta horren biharamunean geroaren eraikitzen segituko dugu. Ezkertiar eta abertzale giren gazteak bilduko gira bide berri bat abiatzeko elgarrekin” diote oraino antolatzaileek.

Egun hortan lagundu nahi duen orok ongi etorria ukanen du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3722. zbk

Gure Hitza | 2023/11/30

Ile-apaindegiko oihartzunak

Peio Jorajuria

Ez da ile apaindegia bezalakorik han-hemenkako berrixken eta sentimenduen trukatzeko. Aitzin hortan, lauzpabost lagun ginen apaindegi batean, gure itzuliaren zain. Ile-apaintzaileak musika ezti bat ezarria zuen, beharrientzat entzun goxoa. Ileak mozten zizkionari esplikatzen zion aspertua zela orain arte pizten zuen irrati burrunbariaz, munduko berri ilunez baizik brokatua ez zaiona, gohainditzeraino. Bezeroak arrazoi ematen dio eta biak hasten dira berri ilun horien tira ahala zerrendatzen.

Nahas-mahas, Palestinako sarraski odoltsuak, Ukrainako gerla, eskualde guzietan biderkatzen ari diren uholdeak, Europak hamar urte gehiagorentzat eman duen glifosata erabiltzeko baimena eta gisa hortan minbiziak biharamun ederrak izango dituela oraino, pedofilia aferak... Ari ziren, ari, biak, litania horren soka luzeari tiraka eta tiraka. Hori da gure eguneroko bazka irrati, telebista eta sare sozialetatik, ziotela. Ezarria zen musika eztia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016