Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Azaroaren 30a
Loraldiberri azoka - Intzolako bideari buruzko liburua - Arrantzaleen ezizenak - Aita Alaba filma - Urruñar idazleak Durangon - Seaska egutegia - Pilota
Loraldiberri liburu eta disko azoka
Abenduaren 3an, igandearekin eta Euskararen Egunarekin bat eginez, Urrunaga eta Berttoli elkarteek antolatu Loraldiberri liburu eta disko azoka izanen da elizaren aitzineko zabaldian, R. Soubelet plazan. Aurtengoa bigarren edizioa izanen da. Parada ezin hobea bai haur eta bai helduendako Olentzero edo Eguberri opariak erosteko. Hogei bat argitaletxe eta elkartek parte hartuko dute. Horra orain arteko partaideen zerrenda: Elkar, Maiatz, Zortziko, Dakit, Gatuzain Biarte, Lapurdi 1609, Hatsaren Poesia, Itsas Bazterra, Maita Kultura, Urruñako Antzerki Eskola, Ibantuta, Thierri Bizkari, Urrunaga eta Herria astekaria (10.00-13:50). Egitaraua: zabaltzea (10:00), Ibantutaren kantua (11:00), euskal xokolata (11:30) eta Asiskoren mintzaldia (12:00).
Intzolako bideari buruzko liburua
Berako Mugerri eta Ziburuko Jakintza elkarteek Intzolako bideari buruzko liburua egin eta plazaratu dute. “Intzola, pasoko bidea” izena du eta jadanik salgai dago. Urruña eta Beraren arteko pasabide hau zahar-zaharra da, hemengo gizakia bezain zaharra. Erromatarrek bide horren gainean galtzada egin zuten, gaur oraindik ikus daitekeena eta mende luzetan itsas aldeko Pirinioak zeharkatzeko bide naturala izan dena. Karlistek, kontrabandistek, errefuxiatuek, ETAko militanteek…, erabili izan dute, eta kobidaren garaian, muga hertsirik zutela, ohiko pasabide bilakatu zen. Pasabide honetan, ezker-eskuin, badira hilobi eta eraikin megalitikoak, meategiak, burdinolak, eiherak… bidearen garrantzi handia gogora ekartzen digutenak.
Arrantzaleen ezizenak
Kiki Mujika urruñarrak berriki liburu bat egin eta plazaratu du Donibane Lohizuneko eta Ziburuko portuetan lan egin duten arrantzaleen ezizen edo izengoitien berri emanez: erranahia, jatorria eta abar. Liburu ederra da kolorezko argazkiz apaindua. Aipatzen dituen arrantzale gehienak donibandarrak eta ziburutarrak dira baina baita bi urruñar ere: René Ostiz, Kaia ezizenaz ezagutua, Zokoa auzokoa eta Janbattitt Urruzmendi, Galtzaburu ezizenaz ezagutua.
“Aitaren Alaba” filma
Hilaren 24an, ostiralarekin, “Aitaren Alaba” izeneko filmaren estreinaldia eman zuten Itsas Mendi zineman, Eleak elkarteak antolaturik. Bukatzean aperitifa izan zen, baita solasa ere.
Urruñar idazleak Durangoko Azokan
Aurten, Durangoko Liburu eta Disko Azoka abenduaren 6tik 10era izanen da, Landako gunean. Aurten ere Urruñako idazleen ekoizpenak han izanen dira. Ixabel Etxeberriak, Euskaltzaindiaren bitartez, “Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549) Antzezlanak eta gutunak” aurkeztuko du eta Joseba Aurkenerenak Angeluko Zortziko argitaletxearen bitartez, “Xiberoa, bihotzean eta gogoan”.
Seaskaren egutegi berria
Jadanik, Seaska Iparraldeko Ikastolen Erakundeak 2024ko egutegia plazaratu du. Herrian salgai da: ikastolan, tabako bulegoan, Xaia ostatuan eta beste zenbait ostatu eta saltokitan. Aupa ikastolak!
Pilotari urruñarren emaitzak
Iparraldeko Pilota Batzordeak antolatu trinket lehiaketan, amatur mailan, honako emaitzak erdietsi dituzte pilotari urruñarrek:Biskubi/Jauregi (Urruñarrak) 40 - Alkasena/Larre (Zaharrer Segi) 34 eta Elgart/Harotzarene (Sarako Izarra) 40 - Zigarroa/Lazkano (Urruñarrak) 21.
Adindunendako Ekitaldiak
Hilaren 23an, ostegunarekin, ibilaldia eta askaria Miarritzen. Mahai jokoak Posta gelan. Hilaren 27an, astelehenarekin, erorketen prebentzioa eta lasaiketa (10:00-11:30), Posta gelan. Petanka Posta gelan (14:00). Hilaren 28an, asteartearekin, sukaldaritza saioa eta bazkari partekatua (10:00), Posta gelan. Asmaketa arratsaldea (14:00). Hilaren 29an, asteazkenarekin, ateraldia Baionan barna. Bazkaria eta bowling-a 6 euro. Lotura: 3. autobusa. Hilaren 30ean, ostegunarekin, mahai jokoak Posta gelan (14:00). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.