Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Azaroaren 30a

Herriko Etxearen estreinaldia - Ekintza hitsa - Erakusketa - Heraitzeren historiaz

Herriko%20Etxearen%20estreinaldia%20-%20Ekintza%20hitsa%20-%20Erakusketa%20-%20Heraitzeren%20historiaz

Herriko Etxearen estreinaldia

Joan den ortzirale goizean iragan da Lapurdi Herriko Etxearen estreinaldi ofiziala. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Fabrice Rosay suprefeta eta Bruno Carrere auzapezaren ingurura hautetsi asko bildu dira: Max Brisson senatorea, Christian Bru deputatua, Philippe Etcheverria kontseilari orokorra, auzo herrietako auzapez gehienak, hemengo beste hautetsiak, Béranger apeza, jendarmeen eta suhiltzaileen aitzindariak, bertan lan egin duten ofizialeen ordezkariak eta bulegoetako zerbitzuen buruak. Estreinaldia hasi da Lapurdi osoaren bisitarekin, bulego guziak zoin zoinenak diren auzapezak esplikatzen zuela. Gero kanpo aldean xingola moztea eginik, kontseiluaren gelan hartu dute hitza. Auzapezak azpimarratu du nola beharrezkoa zitzaion aspaldidanik herriko zerbitzuen bulegoak elgarretaratzea, aitzinean Gaztelondoan, Landagoienen eta Mailiarenan barreiatuak baitziren. Orain denak bilduak dira eta hanbat hobe zerbitzuen kalitatearentzat. Obra guziak gosta dira milioi bat eta laurogeita hiru mila euro, tasak bestalde, azpimarratzen zuela halere lehengo eraikuntzatik on ziren guziak atxikiak izan direla. Berinak, isolamendua, berogailua eta partikulazki elektrika osoa berrituak izan dira, errespetatuz ekologia eta energia ekonomia. Aipatu du ere ondoko urtean hortik hurbil eraikiko den mediateka berria, hau gaur den tokian ttinkixko gertatzen baita. Brisson senatoreak aipatu du nola Lapurdi gelan duela urte parrasta biltzar luze baten ondotik, Euskararen Erakunde Publikoa sortu zen, baietz erran ziola orduan. Bru deputatuak goretsi du Carreren ideia ona denak zentralizatuz, Herriko Etxe, ikastetxe, eliza, pilota plaza ederra denak elgarri hurbil baitira. Pikoa botatzen zuela lehengo Lesbats auzapezari, hunek Herriko Etxea eman nahi baitzuen Haltya jauregian, denetatik oso urruti. Ez zen ere laudorio faltarik Etchegaray, Etcheverria eta suprefet jaunen aldetik. Adiskidantzazko hurrupaldi batekin estreinaldia bukatu da.

Ekintza hitsa

Berrikitan kartzelatik libratua izana den egoitza gabeko gizon batek funditze ekintza batzu Herriko Etxean egin ditu, lekuko batek dioenez edariaren eta hertsiduraren ondorio txarrak ziren. Laster arrastatua izan da eta Baionako auzitegiak hamalau hilabeterentzat itzalean eman du.

Erakusketa

Judith Millot andere artistak “Bitartean” erakusketa emana du t'Tok erakuts etxean. Judith Périgueux hirian sortua da, bainan orain Baionan bizi. Okzitaniako Tolosako Arte Institutuan 2008an DNSEP arte plastikoen titulua eskuratua du. Ikasketa bukaerako diplomak, hiri ingurunea eta jokoa ditu ikasgai. Ikasbidea burututa bere lana egonaldien bidez garatzea erabaki du, 2013an Bidarten eta 2015ean bi kiderekin “Labo Estampe” elkartea sortuz. Ikerketa plastikoarekin batera Judith Millot-ek Euskal Elkargoko Arte Goi Eskolan formakuntzak ere eskaintzen ditu. Grabadura irakasten du eta ikastetxetan maiz tailerrak emaiten ditu. Erakusketa zabaldua da azaroaren 24tik urtarrilaren 11ra. Bisita tenoreak hauek dira: asteartea (17:00-20:00), asteazkena (9:00-16:00) eta osteguna: (15:00-18:00). Bainan ordutegi hortarik kanpo idekia izan daiteke, aitzinetik hitzordua hartuz gero telefono huntara: 06-01-98-00-24. Sartzea urririk da. Antolatzaileak adierazten du halere urte bukaerako bestetan abenduaren 23tik urtarrilaren 3a arte hetsia izanen dela.

Heraitzeren historiaz

Heraitzeko kapera leporaino bete da joan den ortzirale arratsean Heraitzeren historiaz bi elkartek antolatu mintzaldiaren entzuteko. Erran bezala mintzalaria Marie-Christine Amestoy. Heraitzek historia luzea du, pantaila batean erakutsi dokumentuen arabera. Hamabigarren mendetik gaur arte zer aldaketak. Auzo hortako asko etxe eta jauregiak erakutsiak izan dira, berdin XVII. mendetik heldu direnak. Garai bateko laborantza, biztanleen ofizio desberdinak, bizimoldeak (gisu labe eta latsagiekin), errespetatu behar ziren legeak, denak agertu dira. XX. mende hastapenean 100 bat etxe baldin baziren bakarrik, gaur egun 620 bizitegi bederen baditu Heraitzek. Denen aipatzea hemen luzeegi litaike. Publikoak ikusi du halere holako aurkezpenarentzat Marie Christinek artxibo desberdinetan zer ikerketa lan erraldoia erabili duen. Oren bat eta erdi pasaturik arizan da, nehor ez da aspertu eta bukaeran txalo beroenak errezebitu ditu. Hartu hemendik ere Marie Christine goresmen beroenak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3722. zbk

Gure Hitza | 2023/11/30

Ile-apaindegiko oihartzunak

Peio Jorajuria

Ez da ile apaindegia bezalakorik han-hemenkako berrixken eta sentimenduen trukatzeko. Aitzin hortan, lauzpabost lagun ginen apaindegi batean, gure itzuliaren zain. Ile-apaintzaileak musika ezti bat ezarria zuen, beharrientzat entzun goxoa. Ileak mozten zizkionari esplikatzen zion aspertua zela orain arte pizten zuen irrati burrunbariaz, munduko berri ilunez baizik brokatua ez zaiona, gohainditzeraino. Bezeroak arrazoi ematen dio eta biak hasten dira berri ilun horien tira ahala zerrendatzen.

Nahas-mahas, Palestinako sarraski odoltsuak, Ukrainako gerla, eskualde guzietan biderkatzen ari diren uholdeak, Europak hamar urte gehiagorentzat eman duen glifosata erabiltzeko baimena eta gisa hortan minbiziak biharamun ederrak izango dituela oraino, pedofilia aferak... Ari ziren, ari, biak, litania horren soka luzeari tiraka eta tiraka. Hori da gure eguneroko bazka irrati, telebista eta sare sozialetatik, ziotela. Ezarria zen musika eztia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016