Ba ote dakixu? | 2023ko Azaroaren 30a
Trantsizioa (2/5)
Gilen Bacho
Arias Navarroren gobernuak frankismoaren tendentzia guziak (“ultra”, “aperturistas” eta erregearen gizon hurbilak) bildu zituen. Bere 1976ko urtarrilaren 28ko diskurtsoa, frankisten biltzarraren aitzinean, gehiago frankistak lasaitzeko egina izan zen irekidura bat erakusteko baino. Oposizioari buruz, errepresioa segitu zen eta ez zen ofizialki solasaldirik ireki.
“Haustura negoziatua”
1976ko hastapenean, oposizioa zatitua zen, partikulazki bi talderen inguruan, Junta democratica taldea, Santiago Carrilloren alderdi komunistak (PCE) kontrolatzen zuena, eta Plataforma de Convergencia Democratica taldea, Felipe Gonzalezen alderdi sozialistak (PSOE) kudeatzen zuena. Otsailaren 23an, Santiago Carrillo eta Felipe Gonzalez Erroman elkarretaratu ziren eta akordio bat lortu zuten. Oposizioko bi taldeak elkartu ziren Coordinacion democratica taldearen barnean, jendeek fite Platajunta deitu zutena. Talde berri horrek oposizioko tendentzia gehienak elkartu zituen, ez bakarrik sozialistak eta komunistak baina ere sozial-demokratak, katalan eta euskal abertzaleak eta bi sindikatu handienen liderrak, Marcelino Camacho Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuarentzat, eta Nicolas Redondo Union General de Trabajadores (UGT) sindikatuarentzat. Platajuntak aparatu frankistaren likidazioa, alderdi eta sindikatuen legeztatzea, amnistia preso politikoentzat eta erbesteratuentzat, autonomia estatutua Kataluniarentzat eta hauteskunde libreak antolatzea (lehen urrats gisa biltzar konstituziogile baten osatzeko) eskatu zituen. Errepublikaren berrezartzea ez zen agertzen programan eta horrek oposizioko alderdiek negoziaketaren hautua, boterearekin, egin zutela erakusten zuen. “Haustura negoziatua” formulak zuen posizio hori laburbildu. Oposizioko alderdi politikoetako buruzagiek demokraziaren berrezartzea lortzea botere politikoarekin (eta orduan aparatu frankistarekin) negoziatuz hautatu zuten eta ez herritarren mobilizazioetan oinarrituz.
Gasteizko masakrea
Alderdien estrategia negoziatzea zen baina herritarrak azkarki mobilizatu ziren trantsizio denboran. 1975eko urtarriletik 1976ko martxora, orotarat, Espainia osoan, 17 milioi herritar mobilizatu ziren karriketan. 1976ko lehen hilabeteetan, greba eta manifestazio anitz eta handiak izan ziren, oraino debekatuak zirenak eta kasik beti bortizki erreprimituak, poliziak eta armadak diktadura frankistaren usaiak begiratu baitzituen, ezer kanbiatu gabe (tortura mailan ere ez). Martxoaren 3an, Gasteizen, poliziak 5 manifestari tiroz hil zituen (17 urteko gazte bat haien artean) eta ehun bat jende kolpatu. 5.000 manifestari Asisko San Frantzisko elizan aterpetu ziren. Manifestariak barreiatzeko, poliziak gas negar-eragilezko granadak botatu zituen eta horrek izialdura mugimendua probokatu zuen. Jendeek elizatik kanpora ateratzeko jauzi egin zuten eta memento horretan zuen poliziak tiro egin manifestarieri buruz. Orotarat, 1976ko lehen sei hilabeteetan, 2.600 pertsona auzitegietara igorriak izan ziren (1975ean baino bi aldiz gehiago). 1976ko urte osoan, 3.6 milioi grebalari izan ziren eta 110 greba egun. Urtarrilean, adibidez, greba handi bat izan zen Madrilgo metroan. Mugimendua biziki segitua izan zen eta gobernuak soldaduak igorri zituen langileak ordezkatzeko, guardia zibilen eskoltarekin. Mobilizazio sozialak azkarrak ziren baina, azkenean, oposizioko alderdien eta frankista erreformisten arteko negoziaketek zuten influentzia handiena ukan trantsizioaren eboluzioan. Gero eta argiago zen Arias Navarrok ez zituela negoziaketa horiek eramaten ahal eta erregeak gobernuko presidentez kanbiatu behar zuela ulertu zuen.