Euskal diaspora | 2023ko Azaroaren 30a
Buenos Airesko Iparraldeko EEa, Paranako irratia eta beste hainbat hitzordu
Joseba Etxarri
Argazki-oina:
DIASPORAKO KANTALDIA Donapaleun. Euskal Argentina elkarteak eta Donapaleuko Bideak-ek antolatu Euskal Emigrazio eta Diasporari buruzko jardunaldiak joan den igandean bururatu ziren hainbat kantarik egin zuten kantaldi ederrarekin, Bideak-en aretoa jendez egiazki mukurru. Kantari arizan ziren Pantxix, Marie eta Pagoa Bidart, Berzaitz anaiak, Anuxka Etchetto, Frantxoa Caset eta Léa Escondeur, eta gutun zaharrak irakurtzen Monika Legarto. Kantaldi ederra, jardunaldi xarmantak bururatzeko!
--------------------
BUENOS AIRES, ARGENTINA. Hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeak, Itsasuko Agiriaren 60. urteurrena solasgai izan zuen mintzaldiarekin bururatu zuen joan den astean 2023ko Hitzaldi Sorta, elkarteko Kultura Azpibatzordeko kide den Carlos Martinezek emanik. Jende frango bildu zen azaroaren 22ko elgarretaratzera eta gaiak iritzi eta galdera truke bizia sortu zuen. Saioa bukaturik, bertaratutakoek afaria partekatu zuten elkarteko 'kintxo'an. Euskal Etxeko idazkari den Norma Riosek HERRIAriadierazi dionez, "urtea zaila izan dugu, batez ere ekonomiari dagokionez, Argentina osoak pairatzen duen gauza da". "Horregatik bereziki poztu gaituzte Euskal Herritik eta Estatu Batuetatik jaso ditugun adiskideen bisitek. Esker biziak eman nahi dizkiegu Roberto Plorutti presidente ohiari, emandako babesagatik eta Martin Usandizaga pilota lekuko arduradunari, gonbidatuak hartzeko duen jarrera onagatik", azpimarratu nahi izan digu. Lan bikaina, Norma, Carlos eta Euskal Etxeko lagunok!
PARANÁ, ARGENTINA. 'Presencia Vasca' du izena Entre Rios probintzia argentinarreko Paraná hiriburuan duela 33 urtedanik igande guziz orenbetez aireratzen den irratsaioak, eta bertan sortu Federico Borrás Alcain da saioko arduraduna, lekukoa bere aitatxi Raúl Alcaini hartu ziolarik. Azaroaren 16an, eta Borrás bera eta hiriko Urrundik Euskal Etxea antolatzaile, Argentinako Gizataldeen Irratsaioen Lehen Tailer-Elgarretaratzea egin dute. Partaideen artean, irratsaioa duten komunitateak, eta baita ez duten eta ukan nahiko luketen batzuk ere, izan ere horiek ere helburu baitzituen topaketak. Arrakasta handiz egin da, Entre Rios-eko Gizataldeen Batasuna eta Paranako Hiria lankide, eta besteak beste alemanak, esloveniarrak, katalanak, israeldarrak, siziliarrak eta veneziarrak izan ditu partaide, eta oraino irratsaioa ez dutenen artean, Paranako Errusiar Etxea. Sare sozialak eta belaunaldi berrien praktika eta kontsumoekin bat egitearekin irratiak dituen erronka zein aukera berriak, izan zen gehien jorratu zen gaietako bat. Zorionak, Federico eta Urrundik!
MUNDUAN BARNA. Karraskan labur beste hitzordu batzuk: Argentinako Navarro herrian, euskal etxe berria sortu dute, 'Eusko Txokoa', eta omenaldia egin diote bertako alaba den Sabrina Andrade Blason pala pilotari gazteari, haren arra-aitatxi EHtik jin Luis Basterretxea izan zela, EE berriko María Inés Llanos Luloagak azaldu digunez. Hainbat saio munduan, heldu den astean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, horien artean, Madrilen, bertso saioa eginen dute astelehenean Euskal Etxean, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita kantari. Unai Elorriaga idazlea Mexikon da, Guadalajarako Liburu Azokan partaide, eta aurkezpen bat eginen du hiriburuko EEan ere. Berlinen, abenduaren 1ean, kontzertua, 'Garazi eta Sala' bikote akustikoarekin. Egun berean, Salt Lake City-n, bertako Euskal Etxeko Triskalariak dantza taldeak 'Christkindlmarkt' Eguberri Azokan dantzatuko du; eta biharamunean urteko bere Gabon Besta eginen du. Fresnon, Etchechuritarren Santa Fe euskal ostatuan, San Frantziskoko Gure Euskal Etxean eta Boiseko Euskal Etxean, Museoan eta Ikastolan ere, Eguberri bestak. Mendozan, Nafarroako Etxeak, bere 40. urteurrena ospatuko du... Heldu den astean aipatuko dugu elgarretaratze eta hitzordu gehiago. Pasa heldu den asteazkenean, Euskararen Nazioarteko Egun polita!