Jainkoa bizia jendea | 2023ko Azaroaren 30a
Eliza eta Frantziako zuzenbide penala
Peio Ospital
Deigarria egin zait joan den urriaren 20an La Croix-en agertu tribuna bat, gutitan erabiltzen den gai bat aipatzen zuelako, hau da Eliza eta Frantziako zuzenbide penalaren arteko harremana. Tribuna hau Juliette Gaték izenpetua da, zuzenbide publikoko konferentzia Irakaslea da eta Aix-en-Provenceko Abokatuen Elkargoko abokatua. Bere burua aurkezten du "bataiatu soil bat bezala, ekintza katoliko ttipietan pozik engaiatua, baina ere zuzenbidean doktorea eta abokatua, gisa hortan Elizari ere interesatzen dena." Nere xedea da hemen artikulu honen funtsa zuenganatzea.
Asko dira, dio Juliette Gaték, sinetsi nahi izan dutenak CIASE-ren txostenak, maila goreneko jendeak idatzia eta bermatua, aro baten bururapena eta aro berri baten hastapena sinatzen zituela, non Eliza, azkenik, beldurrik gabe, Frantziako zuzenbide penalaren eskakizunen meneko jarriko zen. Harentzat, Elizaren eta zuzenbidearen arteko hitzorduak hutsegin du. Izan ere, erakundeak bere burua perfektutzat hartzen segitzen du, edo erabaki lasterregiak hartzen ditu, elizgizonak bortizki gaztigatzen dituztenak, bidezko prozedurarik gabe.
Elizaren eta zuzenbide penalaren arteko elkartzea egiazkoagoa eta emankorragoa izaiteko trabarik nagusiena da, dudarik gabe, Elizak, Estatuak bere gobernantzan sartu izanaren ondorioz, bere aurpegiaz gabetua izaiteko duen beldur iraunkorra, bereziki Frantzian. Ustezko mehatxu horren kontra egiteko, Elizak mendeak daramatza gizarte perfektuaren fikzioa mantentzen. Kontzeptu horrek erran nahi du Eliza gizarte buruaskia dela eta ez duela estatuen beharrik bizitzeko eta arautzeko. Gisa hortan, estatu baten ezaugarri guziak ezagutzen diozka bere buruari, estatu bat izan gabe, Vatikanoa ez delako. Ondorioz, Eliza-Gizarte-Perfektuak zuzenbide propioa du, eta zuzenbide horren menpe daude mundu osoko bere kideak, hainbat urtetan zuzenbide kanonikoaren kode batean bilduak, jurisdikzio propioetan eta hainbat zuzenbide adarretan, horien artean zuzenbide zibila eta zuzenbide penala (1311 kanona).
Gizarte perfektuaren ilusio urguilutsu hortarik datoz argitara atera diren arazo beldurgarri anitz. Kanonista sobera dira, alabaina, pentsatu izan dutenak beren baitarik eta beren arauen arabera konpon zitzaketela ezagutzera emanak zaizkioten arazo penalak. Sinesmen hori, besterik gabe, heresia juridikoa da. Arrazoi ezberdinengatik.
Lehen lehenik, estatuek bakarrik dutelako zuzenbide penal bat idazteko zilegitasuna, eta hori, gainera, ñabardura batzuk alde batera utzita, beren lurraldean bakarrik aplikatu litekeelarik. Bigarrenik, Frantziako lurraldean ez daitekeelako arautu eta pertsonarik epaitu, ezta diziplinazko zuzenbide baten bidez ere, Frantzian eta Europan indarrean diren oinarrizko arauak errespetatu gabe. Alta, aho batez, zuzenbide kanonikoak defentsa eskubideeri eta bidezko epaiketa baterako eskubideari darizkioten arau asko erdeinatzen ditu: prozedura kontraerrankorra, hobengabetasun presuntzioa, aitzin ikusgarritasuna, gaztiguen iraupen mugatua eta zehatza, auzitegi inpartziala, biktimen lekua prozesuan... Zuzenbide kanonikoaren eta frantses zuzenbide penalaren arteko artikulazio soilaren auzia bera ere ez dago batere konponduta, eta are gehiago, CIASE-k dioen bezala, zuzenbide frantsesean Eliza existitzen ez denean, edozein kalifikazio juridikori ihes eginez.
Iritzi publikoa eztitzeko, gaur egun Elizak bere kideak kargugabetzen ditu eperik gabe, susmo ttipien bat izanik, eta batzuetan protagonistak entzun gabe ere, askotan prozedura kanoniko dudazkoak erabiliz, epe zehatzik jarri gabe, ekintza horien eta auzitegi zibilen aitzineko prozedura baten arteko korrelazioa zehaztu gabe. Balanzari mugimendu maltzur baten ondorioz, elizgizonek ere jasaiten dituzte orain bermerik gabeko zuzenbide baten ondorioak.
Damugarria da topaketa hori behartua izaitea eta Elizak oraino denbora eta kemena galtzea gizarte perfektua delako ilusioa atxiki nahiz. Estatuarekin biltzea ez da mehatxua. Estatu frantsesak diziplinazko erabakien autonomia errespetatzen du eta kasu egiten du gai espiritualetan ez sartzea. Oinarrizko printzipioen arabera arautzea besterik ez du eskatzen, borroka handi bidez ardietsiak eta, gainera, anitzetan kristau pentsamendutik heredatuak. Ordainez, zuzenbide penala bere aginpide bakarra izaiten jarraitzea nahi du.
San Tomas More, XVI. mendeko abokatu katolikoak, hauxe idazten zuen jada L'Utopie-n: "Apezen eginkizuna baldin bada aholkuak emaitea eta gaitzespenak kudeatzea, gobernadorearen eta gainerako magistratuen esku dago delituak erreprimitzea eta hobendunen kontra jotzea". Bera aitzin, Jesusek bere dizipuluei agindu zioten Zesarri itzultzea Zesarri dagokiona eta Jainkoari Jainkoari dagokiona.