Orotarik | 2023ko Azaroaren 30a
BEKAIZKERIA
Epelondo
Gauza jakina da bioxido gisa eragiten duten materia kimikoak ez direla onak bizidunentzat. Industria kimikoa sustatzen dutenek ekai horien egokitasun eza ezagutzen dute aspalditik eta 1962an Rachel Carson biologoak DDTaren erabileraren salaketa entzutetsua egin zuen bere “Udaberri isila” ikerketa liburuan. DDTa debekatua izan da, baina honen ordez ehun mila molekula berri asmatu dira. DDTari dagokionez, oroitzen nola gure amek, gusturik hoberenean, sukaldean bertan, leihoak itxirik eta barnean geundela, barreiatzen zuten produktu letal hori?
Beso-indarka bat abiatua da bi hamarkada hauetan, industrialen, laborarien eta lehen lerroan ekologistak eta zientifiko zenbait buru dituzten kontsumitzaile-multzoen artean. Bigarrenek, patitzen eta jasaten dituzte ekai kimikoen hedatze masiboen ondorioak, asko perturbatzaile endokrinarrak direlako, beste hainbeste gure eguneroko plastikozko gauzetan, kosmetikoetan, jantzietan edo azietetan aurkitzen ditugulako, ederki gorderik alabaina. Eritasun larri anitzen oinarrietan kausitzen dira gainera, hala nola Altzeimer eta Parkinson, ernalketa arazoetan edo prostatako, bularreko edo pankreako minbizietan. Zerrenda luza daiteke. Mediku gastu ekonomiko alimaleak ekartzen dizkio jendarteari, guztiok ordaintzen dugun Segurtasun Sozialak bere gain hartzen duela olde industrialen bekaizkeria!
Industrialak aipa ditzagun, denak alde dituzte. Botere politikoak errabiaz ari dira gaurkoan, arlo kimikoko lobby azkarrak gibeletik dituztela zaunkaz bezala: iragan astean, europar parlamentuko diputatuek ezezkoa eman diote 2030eko epean, pestiziden baliatzea erdira murrizteko xedeari. Parlamentu horrek berak glifosataren erabilpena berriz baimendu zuen, leku frankotan jadanik debekatua delarik. Bazaizu?