Azalekoa | 2024ko Otsailaren 08a

Ohiz kanpoko eskola

A.E.

Ohiz%20kanpoko%20eskola

Urruñako “Erlaitza” eskolara joan gira, haurrek duten heziketa sistemaz gehiago ikasteko. Leku berezi baten ezagutza egin dugu, mintzatu gira Maitexa Aincy eta Adélaïde Darasperekin.

Eskolaren osaera

Eskolako ataria pasa eta, segidan lehen yurtara arribatu gira, ama eskolako haurrak hor egoiten dira. Gibelean, lehen hezkuntzako haurren bigarren yurta gordetzen da. Bidearen ezkerraldean, jostailuak badira, komunak eta apalategi baten gainean haurren kautxuzko botak bilduak dira. Aitzina segituz, etxola ttiki bat ikus daiteke aterpeñoarekin, hor haurrek bazkaltzen ahal dute. Bisita segituz, portalea ideki eta belar zelai handia bada, oihana gibelean. Zapatak kendu ondotik, yurtera sartu gira solasean hasteko.

“Erlaitza” eskola orain dela bortz urte, 2018ko abenduan, idekia izan zen, Urruñako Herriko Etxeak du terrenoa 166 eurotan alokatzen, eskolarendako laguntza estimagarria. Hasieran, zazpi ikasle ziren bakarrik, gaur egun 19 familia dira, orotara 24 haur. Eskolak 3 urteko haurrak lehenesten ditu, helburua da ikasle kopuru ttikian egotea. Herri desberdinetako haurrak dira, batzuk urrunetik heldu direnak, Senperetik, Bidartetik edo Donostiatik adibidez. Langileei dagokionez, ez dira “irakasleak” deitzen, baizik eta “bidelagunak”, irakatsi baino gehiago haur horiek handitzen laguntzen eta segitzen dituztelako.

Heziketa metodo berezia

Eskola arruntari konparaturik, ikasgaiak lantzeko Montessori materiala erabilia da, hau da material manipulatiboa. Horrez gain, “Erlaitza” eskola euskarazko murgiltze ereduan da. Denen arteko elkar heziketa da, ikasle, bidelagun eta burasoekin egiten dena. Burasoentzat urtero formakuntzak antolatzen dituzte, haurrek eskolan duten heziketa etxean aplikatua izaten segi dezan. Helduek komunikazio ez bortitza erabiltzen dute, eskolaren hezkuntzaren oinarri dena. Haurrek beren emozioak zein diren adierazten ikasten dute. Gatazkak badirenean, zigortu ordez ulertzen entseatzen dira, haurrei bertze jarrera izaten laguntzeko, beti ere emozioak adieraziz eta hitz eginez. Zigorrik ez da, baina mugak bai! Haurrek elkar bizitza ikasten dute, beren arteko konkurrentziarik gabe. Kopuru ttikiak bakoitzaren erritmoari egokitzen entseatzea ahalbidetzen du, haurrak arduratsua izaten ikasten du. Horrez gain, eskolako pedagogiak naturaren ezagutza bultzatzen du. Biziki inportantea da ingurumenetik moztua ez izatea, bereziki gaurko jendartean, nundik heldu giren jakitea eta ikastea baitezpadakoa baita. Mayalen Etchart ikastetxe gibeleko oihanaren jabea da eta eskolari baimena eman dio bertan ibiltzeko, eskolarendako berri izigarri ona. Hurrengo helburuetako bat naturarekin ezagutza sakontzeko, baratze pedagogikoa egitea litzateke.

Diru egoera korapilatsua

Eskola hunen finantzaketa ez da batere errexa. Gaur egun, bi postu oso dira: Maitexa Aincy eskolako zuzendaria eta ama eskolako bidelaguna eta Joana Halsouet lehen hezkuntzakoa. Bestalde, Ainara Jaurena, ama eskolako bidelagunak denbora erdiz lan egiten du. Adélaïde Daraspe bolondresa da, “Erlaitza” eskolaz arduratzen den “Izan” elkarteko lehendakaria da. Horrez gain, noizbehinka, ingeleseko irakasle bat heldu da haurrekin solastatzera. Estatuak ekonomikoki kontratupean ez diren eskolak ez ditu laguntzen, “Erlaitza” ikastegia kasu horretan da, aldiz enpresen dohaintzak eskuratzen ditu. Hasieran, kredituak eta burasoek zuten eskola diruztatzen, aitamek hilabetero 250 euro pagatzen zituzten. Orain, sistema justuagoa pentsatu dute, burasoen soldaten araberakoa. Beti ere ahalik eta apalen pagarazten entseatzen dira, buraso bakoitzaren ordainsariaren arabera, nahiz eta praktikan ez den beti nahi den bezala egiten ahal. Horrek frogatzen du proiektu hunekin jendeak interes handia eta konfiantza duela. Ekonomikoki edo distantzia aldetik, eskola hunen hautua ez da bortxaz errexena, alta burasoek beren haurraren heziketa hobereneko, “Erlaitza” bezalako eskola baten hautua egiten dute.

“Erlaitza” eskola sustengatzeko, www.erlaitzaeskola.eus webgunetik “bilakatu zaitez erlaitza lagun” klikatuz diru-laguntza egin daiteke. Eskolak Facebook orria ere badu: “Erlaitza eskola aktiboa”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3731. zbk

Gure Hitza | 2024/02/08

Euskara lan munduan

Jean-Louis Harignordoquy

Enbatako kideak aspaldi ohartu ziren gazterik gabeko Euskal Herriak ez duela irauten ahal. Lanbiderik gabe gazteak ezin direla sorterrian bizi. Nolazpait erraiteko, ekonomiaren gainean behar baita herria eraiki. Kanpotik jin enpresa handien menturan egon gabe, hobe dela euskal herritarrek beren heineko lantegiak sortzea. Sokoa abiatu zenetik, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako industria saila ez da beharko zuen bezainbat garatu, bainan izan dira aitzinamendu zonbait.

Halere, deusez da betirako finkatua izaiten. Hala nola, zorigaitzez Lur Berri kooperatibako buruzagiek Jean Errecart zenaren euskal izpiritua aspaldi baztertu zuten. Esperantza atxiki behar da Patxi Nobliak ezin hobeki zaindu duen euskaltasunari leial egonen zaizkola Sokoaren arduradun berriak. Lantegian euskal giroa sendi zedin, harek nehondik ahalaz hartzen zituen langile euskaradunak eta euskara ikasteko gogoa erakusten zuten borondate-dunak. Gainera, enpresak diru za...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016