Ba ote dakixu? | 2024ko Otsailaren 08a

Manouchian taldea (2/3)

Gilen Bacho

Manouchian%20taldea%20(2/3)

Manouchian taldetik arrastatuak izan ziren 23 kideetatik 10 bakarrik agertu ziren afixa gorrian. Nola hautatu zituzten naziek? Antisemitismoak zuen lehen esplikazioa emaiten. 23etan 12 juduak ziren baina afixan agertzen ziren 10etatik 7 judu baziren. “Juduetatik” haratago, “kanpotarrak” ziren nazien miran baina ere “langabeak”, afixaren liburuxkan idatzia zen bezala: “Frantses zenbaitek bipiltzen, ebasten, sakaskatzen (sabotajeak egiten) eta hiltzen badute, beti kanpotarrek dituzte manatzen. Beti langabeek eta kriminalek dituzte gauzatzen. Beti juduek dituzte inspiratzen. Krimenaren armada da Frantziaren kontra jokatzen dena”. Baina propaganda baztertuz, nor ziren egiazki pertsona horiek?


Etorkinen erresistentzia

Denak frankotiratzaileak ziren, etorkin laneko sasi-gudariak (FTP-MOI). Alderdi komunistak kanpotar lana (MOE) sortu zuen 1926an, etorkin lana (MOI) bilakatu zena 1930ean. Alderdiak langile etorkin taldeak antolatu nahi zituen. MOI-ko taldeak hizkuntzaren arabera antolatuak ziren (italiar, poloniar, hungariar, espainol, armeniar, errumaniar...). Judu anitz bazen hungariar edo errumaniar taldeetan baina yiddish-a ama-hizkuntza gisa zuten juduek haien taldea bazuten. 1939ko germaniar-sobietar ituna ortzi karraska bat izan zen eta ezinegon handia sortu zuen itun horrek talde horretan, Europako talde komunista guzietan bezala. Orduan, 1941eko ekainaren 22an, alemaniar armadak Sobietar Batasuna inbaditu zuelarik, atsegin handia izan zen militante komunistentzat. Agorrilaren 21ean, Pierre Georges-ek, “Fabien koronela” izenarekin ezagutuak, alemaniar ofizier bat hil zuen Barbès metroan. Ekintza horrekin, nazioarteko komunismoak erabakitako borroka armatua hasi zen. Lehenik, gaztetasunaren batailoiak (Albert Ouzoulias-ek kudeatzen zuenak) eta Organizazio bereziek zuten eraman. Baina 1942ko hasieran, FTP taldeetan integratuak izan ziren eta FTP-MOI taldeak apirilean sortu ziren. MOI talde bakoitzako %10 kide FTP-MOI-etan sartu behar ziren. Paristar herrialdean, Joseph Epstein-ek (“Gilles koronela”) zuen FTP frantsesa (FTPF) kudeatzen eta FTP-MOI bere zuzendaritzapean ezarria izan zen.


Anitz “jada hilerrian”

Gudariak lau soldadu taldetan antolatuak izan ziren: errumaniar, judu, italiar eta deskarrilatzaileak (“dérailleurs”). 1943ko udan, “talde berezia” gehitu zen. Gudari anitzek haien bizia utzi zuten borroka armatuagatik, zenbaitek zartagailuak erabiliz baina gehienak arrastatuak eta fusilatuak izanez. 1942ko udan fusilatua izan zen gudari baten (Léon Pakin, Espainian brigadista izan zena) emazteak, Jeanne List-ek, memento horretan erran zuen bezala: “Militanteen lehen belaunaldia jada hilerrian da”. Manouchian baztertuz, afixa gorriko aurpegi ezagunena Josph Boczov zen (Ferenz Wolf zuen bere egiazko izena). 1905ean sortua zen eta kimikaria zen. Hungariar eta judu, lehenik MOI-ko errumaniar taldean integratua izan zen, deskarrilatzaileen taldean sartu aitzin. Szlama Grzywacz-ek, 1910ean sortua zenak, ber bidea segitu zuen. Biak (Epstein bezala) komunista iraultzaileak ziren, Espainian borrokatu ziren eta Frantziako presoen kanpamenduak ezagutu zituzten. Manouchian orain. Armeniarra zen eta bere haurtzaroan turkiar gazteek burututako genozidiotik bizirik atera zen. Libanoko umezurztegi batera igorria izan zen. Gaztaroan, Marseillara etorri zen eta geroago Parisera. Poeta, itzultzaile, alderdi komunistan sartu zen 1934an eta MOI talde armeniarraren permanente bilakatu. 1943ko otsailean FTP-MOI-etan sartu zen. Memento horretan Boris Holban-ek zuen taldea manatzen militar mailan baina udan bere kargutik kendua izan zen estrategia kritikatzen baitzuen, sobera bizi sakrifikatuak baitziren. Orduan, 1943ko agorrilean, Missak Manouchianek Holban ordezkatu zuen eta, hiru hilabetez, FTP-MOI-ko buruzagi militarra egonen zen. Hiru hilabete leiendan sartzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3731. zbk

Azalekoa | 2024/02/08

Ohiz kanpoko eskola

A.E.

Ohiz%20kanpoko%20eskola

Urruñako “Erlaitza” eskolara joan gira, haurrek duten heziketa sistemaz gehiago ikasteko. Leku berezi baten ezagutza egin dugu, mintzatu gira Maitexa Aincy eta Adélaïde Darasperekin.

Eskolaren osaera

Eskolako ataria pasa eta, segidan lehen yurtara arribatu gira, ama eskolako haurrak hor egoiten dira. Gibelean, lehen hezkuntzako haurren bigarren yurta gordetzen da. Bidearen ezkerraldean, jostailuak badira, komunak eta apalategi baten gainean haurren kautxuzko botak bilduak dira. Aitzina segituz, etxola ttiki bat ikus daiteke aterpeñoarekin, hor haurrek bazkaltzen ahal dute. Bisita segituz, portalea ideki eta belar zelai handia bada, oihana gibelean. Zapatak kendu ondotik, yurtera sartu gira solasean hasteko.

“Erlaitza” eskola orain dela bortz urte, 2018ko abenduan, idekia izan zen, Urruñako Herriko Etxeak du terrenoa 166 eurotan alokatzen, eskolarendako laguntza estimagarria. Hasieran, zazpi ikasle ziren bakarrik, gaur egun 19 familia dira, orotara 24 haur. Eskolak 3 urteko haurrak lehenesten ditu, helburua da ikasle kopuru ttikian egotea. Herri desberdinetako haurrak dira, batzuk urrunetik heldu direnak, Senperetik, Bidartetik ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016