Hegoaldean | 2024ko Otsailaren 08a
Aroa, euskararen plan berria
M.V.
Heldu den hamarkadan euskara biziberritzen segitzeko plan berria aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 30eko Gobernu Kontseiluan. “Aroa” du izena eta euskararen erabilpen soziala handitzeko helburua du, bai eta ere euskaraz ikasteko eta lan egiteko erraztasunak zabaltzeko. Plan hau euskara biziberritzeko eta ahalduntzeko sail estrategiko berria da, 2012-2022 aldirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ordezkatzen du.
Bigen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera, jendartean azken hamar urteetan izan diren aldaketei erantzuten dio plan honek, eta “egungo testuinguru eleanitzean, euskaldun aktibo eta ahaldunak dituen komunitatea indartzea” du xede.
Planak bortz helburu nagusi zehazten ditu: ikasteko paradak handitzea eta erraztea, eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea, ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea, euskaraz lan egiteko aukerak emendatzea eta euskarazko edukiak sortzeko eta kontsumitzeko ahalak zabaltzea.
Gainera, dokumentuak euskara biziberritzen jarraitzeko oinarriak finkatzen ditu, erakundeekin eta herritarrekin, bai eta euskararen saileko eragileekin elkarlanean.