Jainkoa bizia jendea | 2024ko Otsailaren 08a

Bi apez euskaldun

Mikel Erramouspe

Duela zonbeit aste, Lapurdi Irratiarentzat, bi apez, biak batean solastatu nintuen. Alde batetik Jean-Pierre Etcheverry, 86 urte, bainan oraino Garazi aldeko parropien zerbitzuko eta bestetik François Régis Janot 38 urteko apez gaztea, berriki Ortzaize, Donazaharre eta Donibane Garaziko parropien erretore izendatua. Nahi izan ditut mintzarazi beren biziaz, egin dituzten hautuez eta nola bakotxa bere jitearekin, bere apeztasuna bizi duen.

Ez niz segur eneatu!

Jean-Pierre Etcheberry biziki ezaguna dugu. Ibilaldi aberatsa, liburu zonbait idatzi dituena frantsesez ala euskaraz. Haur denbora kondatzen dauku: Domintxinen sortua, laborari etxe batean. Aita gerlan kolpatua, ez zen baitezpada fede handikoa, bainan ama ezkontzaz familia hortarat etorri zelarik fede kartsu bat ekarri zuen. Otoitz eta gogoeta, lekukotasun umil bezain barnakorra bizi zen Jean-Pierren etxean. Eta Jean Pierrek 11 urtetan apez egin nahi zuela aitortu zuen. Aitari ez zaion iduritzen beren etxetik apezik atera daitekeenik! Mauleko kolegioan estudioak eginik, seminario handian segitu zuen, bainan osagarriak ez zuen laguntzen. Orduko erakasleek konpreniarazten zioten ez zela apezten ahalko. Anartean Tolosan ikasketak segitu zituen, letra klasikoetan. Zendako ez erakasle izan? Ondotik segitzen du teologia lizentzia batekin. Anartean bere bokazioa barnatu du. Eritasuna dela medio gogoeta frango eginarazten dizkio eta guzien buruan 27 urtetan apezten da.

François Régis-en istorioa ez da batere berdina! Rochefort sur Mer hirian sortua da, katolikoa ez den familia batean. Aitamek ez dute beraz bataiatzen. Bainan noiztenka amatxi xiberotarrarekin mezan ibiltzen da, deus ulertu gabe bistan dena. Horra gure François Régis lizeoan. Lagun batzuk gomitatzen dute aumoneriarat. Han ebanjelioaz eta fedeaz mintzo dira. Jakin-min handia sortzen zaio eta kristau izaiteko gutizia ere. Prestakuntza serios baten ondotik bataioa galdetzen du, familiak onarturik. François Régisek ikastea maite du eta oroz gainetik zientziak, fisika eta kimika. Erreala estudiatzen, aztertzen da, esperientzietan probatzen. Hori bai gai seriosa! Beretzat egiazko jakitatea literatura edo filosofia ez bezala.

Baxoa airez aire gainditurik, Tolosan “classes préparatoires”, ondotik Parisen “école nationale supérieure de chimie” sartzen da ingeniaritza sailean bainan horra fisika kuantikoa deskubritzen duela. “Oraino beste mundu batharrigarria” dio François Régis-ek. Ingeniaritza bukatu eta, ikerketari lotzen da doktorego baten pasatzeko “École normale supérieure” ikastetxe ospetsuan. Laborategi batean ari da ikertzen eta ikertzen. Teoria eta esperientzia uztartuz. Denbora berean estudiante batzuen tutore da. Transmisio lan hori ere arras gustatzen zaio. Tesiaren gaia: “Laser à cascade quantique”, laser hunek infra-gorri uhinek elektroien mugimendua aztertzen duela… lehen aldikoz tesi hortan agerrarazten zuela elektroien arteko harat eta hunatak eta heien arteko harremanak.

Gure François Régis bere lanean uros dela ohartu zirezte. Fedea ez ote duen galdu galdegiten diot. Inoiz ez, dio François Régisek. Zientziak erraiten dauku nola ibiltzen den mundua. Fedea aldiz harreman istorio bat da. Jainkoarekilako eta gizon-emaztekilakoa. Ez da batere gauza bera. Biek badute beren eremua.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3731. zbk

Gure Hitza | 2024/02/08

Euskara lan munduan

Jean-Louis Harignordoquy

Enbatako kideak aspaldi ohartu ziren gazterik gabeko Euskal Herriak ez duela irauten ahal. Lanbiderik gabe gazteak ezin direla sorterrian bizi. Nolazpait erraiteko, ekonomiaren gainean behar baita herria eraiki. Kanpotik jin enpresa handien menturan egon gabe, hobe dela euskal herritarrek beren heineko lantegiak sortzea. Sokoa abiatu zenetik, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako industria saila ez da beharko zuen bezainbat garatu, bainan izan dira aitzinamendu zonbait.

Halere, deusez da betirako finkatua izaiten. Hala nola, zorigaitzez Lur Berri kooperatibako buruzagiek Jean Errecart zenaren euskal izpiritua aspaldi baztertu zuten. Esperantza atxiki behar da Patxi Nobliak ezin hobeki zaindu duen euskaltasunari leial egonen zaizkola Sokoaren arduradun berriak. Lantegian euskal giroa sendi zedin, harek nehondik ahalaz hartzen zituen langile euskaradunak eta euskara ikasteko gogoa erakusten zuten borondate-dunak. Gainera, enpresak diru za...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016