Orotarik | 2024ko Otsailaren 08a
KUKUMARRO: Biphi haphar bihar euskaraz
Xarles Videgain
Duela aspaldi, Pagolako Caset deitu andereak galdegin zidan ea buhame mintzaira ezagutzen nuenez. Buhamen mintzaira ez baina Pagolan, Arhantsusin eta Amikuzen bizi ziren “Buhame” deitzen zirenak ezagutzen nituen, hala nola Anjela eta Erramun. Denak zenduak dira. Euskara ederki ematen zuten, beste euskaldunek bezala, agian “rrrrr” soinua gehiago dardararaziz eta beti xuka mintzatuz, norbait madarikatzen zutelarik ere, hala nola xamangoa galdegiten zutelarik jendea ez bazitzaien aski eskuzabala. Liburuetan aipatzen da buhameek lehenago beren mintzaira bazutela edo bederen hitz andana bat, besteek ulertuko ez zituztenak. Zuzenki ez dut horren berririk ukan.
Bainan ez zen hortaz ari Caset anderea. Bere izen ttipia horra nola eman zidan: Ka pha tta pha li phi phin. Nik: “Mantxut?” Ka pha tta pha li phi phin. Azkenean adierazi zidan Kattalin deitzen zela: Ka pha tta pha li phi phin. Hura zen buhame-mintzaira deitzen zuena. Hegoaldean ere entzun daiteke zeper napai dupu zupu, eta “zer nahi duzu” erran nahi du edo eta epez topot napai, “ez dot nai”. Pagolan erran zidan mintzaira hori aitamek erabiltzen zutela haurrek ez zezaten konpreni. Bainan haurrek, nola ez, laster ikasten zuten eta aitamak bezain trebe egiten ziren. Erran gabe doa ez dela buhameek emaiten duten mintzaira. Buhameek ez zuten deus egitekorik manera horretan. Baina buhame hitza zen erabiltzen.
Beste hizkuntza gehienetan mota honetako jokoa bada, hala nola frantsesez “javanais” edo “louchédem” edo “verlan” ezagunak. Ez da egiazko argota: silaba, kontsonante, hots soinu batzuk behar diren bezala sartzea ala lekuz aldatzea da zailena. Larlépem eta ez “parler”, Béton erranen dute eta ez “tomber”.
Iduri du Euskal Herrian leku anitzetan erabiltzen zela, Pagolan entzun eta ikasi ez nuena. Beude beraz buhameak bakean.
Badaude oraino mintzaira hori ematen badakiten euskaldunak. Jakin dut gazte batzuk ari direla horrela elestatzen eta mintzatzeko manera hori zabaltzeko nahian dabiltzala. Zergatik ez? On du euskarak izpiritu erneko hizlariak ukaitea.