Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Otsailaren 22a

Beltzagitea etxearen berritzeko obrak - Aihertar eta antzuolarrak Segurara - Mikel Harguindeguy eta Teo Etcheverry txapeldun - Irulegiko Irratiko kanpaina

Beltzagitea%20etxearen%20berritzeko%20obrak%20-%20Aihertar%20eta%20antzuolarrak%20Segurara%20-%20Mikel%20Harguindeguy%20eta%20Teo%20Etcheverry%20txapeldun%20-%20Irulegiko%20Irratiko%20kanpaina

Beltzagitea etxearen berritzeko obrak hasiak

Beltzagitea etxearen berritzeko Herriko Etxeak 2024 urtean indar guziak emanen zituela auzapezak erran zuen urte berritzeko agiantzen kari egin mintzaldian. Obra hauen kostua 941.110 eurora helduko da (zergaz kanpo). Herri erdian kokatua den etxe hunek euskarazko haurtzain etxe bat, medikuntzako langileen bulegoak, alokatzeko bizitegi bat eta gela komun bat aterpetuko ditu. Azpimarratzekoa da proiektuaren mamia herriko hautetsiz eta herritar multxo batez osatu batzordearen emaitza dela. Denak ontsa joanez, obrak urte hondarreko bururatuak izan behar lukete. Beltzagitea lehen bizi handia zuen etxe bat baldin bazen, bere ostatuarekin eta bolanjeriarekin, pentsatzekoa da proiektu berri honek, heldu den urtetik goiti, herri barneari eta herriko plazari bizitasun berezia emanen diela.

Aihertar eta antzuolarrak Segurara

Martxoaren 10ean iraganen da, izenak otsailaren 26a aitzin eman behar dira. Deia errana dugun bezala, aurten Aiherra eta Antzuolaren arteko adiskidantzaren 40 urteak ospatuko dira. Lehen elgarretaratzea bi herrietako lagunek Seguran eginen dute, han antolatuko den “Iparra-Hegoa” bestaren kari. Aiherratik Antzuolara doan “Mugak zubi” oinezko ibilbidea herri huntarik pasatzen dela eta, pentsatzekoa da bidexka hunen zati batean gaindi elkarrekin oinez ibiliko direla. Ondotik denek parte hartuko dute Kuxkuxtu txarangak animatu bazkarian.

Dena den, Aiherratik autobusean abiatzea proposatua da (9:00). Ez ahantz, izenak otsailaren 26a aitzin beltzuntzeelkartea@gmail.com helbidera idatziz eman behar direla.


Gozategian, martxoaren 1ean, muslari hoberenak eta afaria

Union Basque batasunak antolatzen duen Frantziako mus txapelketa aurten Gozategia jatetxean eginen da, ibiakoitz arrats guziz 36 pare bilduz. Heldu den martxoaren lehenean bururatuko da, ostiral arratsez. Txapelketaren azken haitadak (finalerdiak eta finala) 18:30etan hasiko dira. Ondotik Gozategia ostatuak antolatzen duen afarian muslari eta muszale guziek parte har dezakete, aitzinetik izena emanez geroz, 05-59-45-91-63 ostatura deituz, otsailaren 28a aitzin. Afaria 28 eurotan izanen da, arnoa eta kafea barne: sartzean izokina barazkiak eta mustarda, gero aratxekia jusarekin eta neguko barazkiak eta etxeko deserta. Tokiaren erreserbatzeko deitu ostatura. Ongi etorri deneri.


Mikel Harguindeguy eta Teo Etcheverry pilotari txapeldunak

Joan den ibiakoitzean, Mikel Harguindeguy eta Teo Etcheverryk Frantziako pilota txapelketa eraman dute, Denek Bat-eko Iñaki Etcheverry eta Iban Heguyren aurka, 40-19 nagusiturik, Senpereko trinketean. Hastapenean elgarren bete baldin baziren, lehen berdintzea 8. puntuan eginik, gero frango aise nagusitu dira. Erran behar da Denek Bateko gibeleko pilotariak eskuan min zuela, ondorioz Abarratia batasuneko pilotariek partida errazki bururatu dute. Zonbeit aste lehenago Euskal Herriko txapelketa eraman zuten ere. Biba Mikel eta Teo, trinketean bi titulu eramanik eta goresmenak hauen trebatzaileei!


Irulegiko Irratiaren kanpaina: etxez etxe

Irulegi Irratiaren aldeko kanpaina gure herrian asteburu honetan hasiko da. Gazteek jakinarazten daukute etxeetan pasatuko direla, usaian bezala laguntza galdez. Etxez etxe ibiliko dira hemendik goiti, martxoaren 3a aitzin kanpaina bururatzeko gisan.

Ikusiz gure euskal irratiek euskaraz zer lan baliosa egiten duten, herrietako, auzo herrietako, Euskal Herriko eta munduan gaindiko berrien zabaltzeko, baita herrietako edozein abisuen pasatzeko. Ez da dudarik gure laguntzaren beharra dutela, denek ongi etorri ona eginen diegula. Aitzinetik eskerrak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3733. zbk

Gure Hitza | 2024/02/22

Laboraririk gabe, herririk ez!

Menane Oxandabaratz

Berrikitan laborariek eraman duten mobilizazio azkarra aspaldi huntan frantses estatuak ezagutu duen handienetarikoa izan da. Autobideak trabatuak, langileak blokeatuak, kamioi garraiolariak geldituak… hots bazterrak inarrosiak! Laborarien kexuak, milaka langile, enpresaburu, ofiziale, ikasle… kaltetu ditu, baina halere populazioaren sustengua lortu du.

Halako bat egin daut ikustea egunerokotasunean trabatuak ziren pertsona horiek laborarien borrokarekin nola bat egin zuten. Populazio parte handi bati, oharkabean, lurrarekin lan egiten dutenek, arbasoen sustraiak oroitarazten dizkio. Laborariak beren traktoreekin bideetan ikusteak, baserrialdearen irudia agerrarazi du.

Bestalde denek dakite laborantza peko errekara abian balitz, edozeinek pairatuko lukeela, bizitzeko janaria beharrezkoa baitu!

Mobilizazioak hain du plaza publikoa inarrosi, karriketan, sa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016