Azalekoa | 2024ko Martxoaren 28a

Xistera hasieratik bukaerara

A.E.

Xistera%20hasieratik%20bukaerara

Eskutik pilotaren inguruko materiala ekoizten duen kooperatiba da. Izenak dion bezala, dena eskuz egina da. Sarako Urtxola jatetxearen gainean duten tailerraz gain, herriko eskola publikoaren parean bigarren tailerra eskuratu dute, hara joan gira haien lanaz gehiago ikasteko. Bertan, kooperatibako kide batzuk ikusi ditugu, Francis Carricart horietako batekin solastatu gira.

Enpresatik kooperatibara

Hasieran Ellande Alfarok Eskutik enpresa sortu zuen, pilotak eskuz egiten zituen Jean Lucugaray pilota egileak irakatsirik. Pilotak eta xareak egiten hasi zen, Martina Huguenard pilota joslearen laguntzarekin. Ondotik, Ellande Alfaro, Thierry Lopesekin lotu zen, pilotez gain eskularruak ere egiten hasi ziren. Bilakaera horretan, kirol hunen sail desberdinetako tresnak ekoiztu nahi ukan zituzten. Pilotak ez direnez bakarrik eskukakoak, baina xisterakoak ere, pilota elkarte batzuk galdeginik, Ellande Alfaro lotu zen Claire Grillard eta Francis Carricart-ekin xistera proiektua plantan jartzeko. Anartean Covid-a arribatu zen, taldearentzat gogoetak eta ikasketak egiteko parada izan zen. Untsa sakondu eta, Eskutik kooperatiba 2022ko urte hasieran sortu zen. Gaur egun, kooperatibak pilotak, eskularruak, xareak eta xisterak ekoizten ditu. Sei pertsonek osatzen dute: Ellande Alfaro, Thierry Lopes, Claire Grillard, Francis Carricart, Oier Oa eta berriki sartu den Alejandro Garciak.

Pilotarako tresna berria

Kooperatibak xisterak ekoizten hasi nahi ukan zuen, prozesua izigarri luzea izan zen, egile famatu baten bidez ikasi nahi ukan baitzuten. Usurbileko 76 urteko Jesus Mari Lopetegi xistera egilearekin bildu ziren, bai zesta puntan, bai eta joko garbin aditua dena. Bi urtez, harekin ibili ziren xisterak ekoizten ikasten. Francisek erran digu biziki interesgarria atzeman zutela bere profila, Jesus Marik xistera ekoizteko etapa guziak hasieratik bukaeraraino egiten baitzituen, oihanera zuzenean zuraren xerka joanez. Xistera baten egiteko gaztain zura, zumea (osier) eta larrua erabiltzen dira. Proiektu horren garatzeko kooperatibak Lopetegiri maxinak erosi dizkio, horrez gain, ekoizpenerako Saran bigarren tailerra muntatu du. Xisteren ekoizpenaz, Alejandro, Claire eta Francis arduratzen dira, eta bestalde bi azken hauek pilotak josten dituzte. Jakin behar da xisterak hasieratik bukaerara ekoizten duen egilerik ez dela gehiago, denek adina dutelako eta nehor ez baita horren segida hartzeko. Horregatik, Eskutik kooperatibak proiektu horri segida eman nahi ukan du, segurtatuz etorkizunean xistera ekoizpenaren jakitateak iraunen duela. Horrez gain, Iparraldeko Pilota Batzordearekin elkarlanean haurrendako egokia den xistera berezia sortu dute “xirrixt” deitutakoa.

Xisteraren ekoizpena

Kooperatiba Sara eta inguruko herrietako oihanera joaten hasi da zura biltzera. Produkzioak hiru fase ditu: zura bildu, landu, eta ondotik muntatu. Lantokian, maxina desberdin ugari badira, zura mozteko, berotzeko, malgutzeko, makurtzeko eta behar den forma harrarazteko. Zintzilik idortzen egoten dira urte batez edo 6 hilabetez. Zumea osorik heldu zaie, beraz, maxina desberdinetatik pasatzen da, luzeran pikatzen dute behin eta berriz, ahalik eta finena izateko. Zumea lehen Salamancatik heldu zen, baina orain parte handi bat Txiletik heldu da. Francisek erran digu beren asmoa zumea gure lurraldera berriz ekarraraztea dela. Horregatik, Frantzia erdialdean diren bizpahiru kooperatibekin harremanetan dira, laborari batzuk janeko landatzen hasiak baitira. Oro har, lan biziki fina eta luzea da, dena urte bat aitzin aurreikusi behar baita.

Eskutik kooperatibako produktuen manatzea zuzenean eskutik.eus webgunetik egin daiteke. Haiekin harremanetan sartzeko: info@eskutik.eus.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3741. zbk

Gure Hitza | 2024/03/28

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo “Harro Herri” leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016