Gure Hitza | 2024ko Martxoaren 28a

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo “Harro Herri” leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga, ikurrinen pean estalia, ezeztatua, mugarik batere ez balitz bezala, zer sinbolo ederra!

Korrikaren helburu lehena da diruaren biltzea, urte guzian AEK-ko euskaltegiek egin dezaten lan, ahal bezain jende euskalduntzen laguntzeko. Eta bada lan! Euskararen bideak ez baititu ez Parisek ez Madrilek errexten, ez eta ere hemen bereko arduradun zenbaitek. Baditugu gaur egun ere berrikitako film arrakastatsuzko Bizkarsororen gisako herriak, euskararen etsaigoa hazten dutenak. Horietarik dugu Beskoitze, edo genuen, zeren joan den astean herri horretako auzapez anderearen kargu uztearen berria zabaldu da. Tokiko ikastolarentzat berri ona, etorkizunerako bidea argitu diezaiokeena.

Baionarako heltzea ere ederra izan da joan den igandean, milaka eta milaka euskaltzalerekin. Ipar Euskal Herriko hiri jendetsuena dugu Baiona, 53.000 biztanlerekin. Baina araberan hain euskaradun guti daukana, nahiz indarrak emanak diren euskarak bere tokia eskura dezan. Halere, Korrikaren besta ikaragarria izan da, Herriko Etxeko plazan jendea bat bertzearen gainean, hamarnaka joaldunek idekitzen zutela Santespietako zubitik zetorren Korrikaren heltzea, txalapartaren doinuan. Eta entzun dugu Garazi Arrula tafallar idazlearen mezu suharra, euskararen aldeko politika urgentziazkoa dela zioena. “Bizi gareno kantatuko dugu; bizi deno, herri honek euskara dantzatuko du”. Arrainak ura behar duen bezala, guk euskara behar dugu, gure hatsa da-eta.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3741. zbk

Gure Hitza | 2024/03/28

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo “Harro Herri” leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016