Herriz Herri - Donibane Lohizune (L) | 2024ko Martxoaren 28a
Baratze botanikoa - “Angela plana” - Gernikako haritzaren kimua - Tanka gelako hitzorduak
Baratze botanikoa
Bertze tailerra antolatua izanen da martxoaren 30ean (10:00-12:00), uraren zikloak izanen dira aipagai. Pirinio Atlantikoetako departamenduaren laguntzarekin, urririk da eta izena eman behar da parte hartzeko: www.saintjeandeluz.fr webgunetik, “baratze botanikoa” sailean.
“Angela plana”
Herriko Etxeak, espazio publikoen segurtasunaren aldeko ekintzekin segitu nahi du. Kale-jazarpenaren, mehatxuen eta erasoen kontrako engaiamendu zabalagoa hartu nahian, urte osoan zehar "Angela plana" zabalduko da. Profesionalak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko kanpaina abian da: dendak, ostatuak, kultur eragileak eta ekitaldietakoak. Profesionalentzako sentsibilizazio saioak laster antolatuko dira, hala nola apirilaren 2an, asteartearekin (14:00-15:30), eta apirilaren 12an ostiralez (8:30-10:00). Hitzordua Jai Alai-an izanen da, profesionalek aitzinetik izena eman behar dute www.saintjeandeluz.boutique webgunetik.
Gernikako haritzaren kimua
Martxoaren 16an larunbatarekin, “Verdun” plazan estreinatua izan zen Gernikako haritzaren kimua. Jean-François Irigoyen auzapeza eta herriko kontseiluaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Getxoko auzapez eta lehendakaria eta Gernikako auzapeza ere hor ziren.
Azken egun hauetan, magnoliak, platanoak eta beste hainbat espezie landatuak izan dira herrian baitan, baina horrez gain, keinu garrantzitsua egin nahi izan da Gernikako arbola ezagunaren kimua landatuz. Euskal Herriaren nortasunari erreferentzia egiten dion keinu azkarra da, baita bakeari eta unibertsaltasunari ere.
Tanka gelako hitzorduak
Martxoaren 30ean larunbatarekin (20:00), Cocanha eta Bilabal/Bilaka kolektiboak, Okzitaniako abesti polifoniko eta Euskal Herriko dantza tradizionalaren nahasketa bidez, gau dantzagarri eta besta giroa eskainiko dute. Ikusgarriak hiru orenez iraunen du, tokiak 10€ eta 20€ artean kostako du. Erreserba scenenationale.notre-billetterie.fr webgunetik egin daiteke.
Kontzertua
Martxoaren 31n igande goizarekin (11:00), Luis XIV plazan, Bost Axola taldearen kontzertua izanen da. Bost neska gaztek taldea osatzen dute, beren bozarekin herriko plaza alaituko dute, euskaraz gainera! Hurbil zaitezte martxoko azken eguna gozatzera!