Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Martxoaren 28a

Go!azen-en ikusgarria - Freddie Mercury antzerkia - Pazkoko elizkizunak - Arroltze bilketa - Selauru hustea - Atxik azoka- Poesiaren udaberria - Korrika Ttiki

Go!azen-en%20ikusgarria%20-%20Freddie%20Mercury%20antzerkia%20-%20Pazkoko%20elizkizunak%20-%20Arroltze%20bilketa%20-%20Selauru%20hustea%20-%20Atxik%20azoka-%20Poesiaren%20udaberria%20-%20Korrika%20Ttiki

Go!azen-en ikusgarria

Martxoaren 17an, “Go!azen” telesaileko aktoreek zer arratsalde polita eta gozagarria eskaini duten Larreko sala mukuru bete duen publikoari. Hauetan sekulako haurreria, besta giro hoberenean, emozioz beterikoa. Zaldubi ikastolak antolatu kontzertu solidarioak bere helburua ongi bete du, “Syndrome PACS1” elkarteari diru laguntza potoloa ekar zezan. Eritasun hunek hunkitzen duen Nahia Laurencena eta hunen familia guziak ekimena ongi estimatu dute.

Freddie Mercury antzerkia

1991n zendua delakoz, artista handi hunen“sosia” Jean-François deitzen dena aurkituko dugu oholtzan, martxoaren 30ean (20:30), Larreko salan. Bere gisa sartzen da Freddieren pertsonaiaren baitan, goi-mailako musikari eta kantaria ahalik eta hobekienik imitatuz, Queen rock talde mitikoa sortu zuena. Dibertigarria, askotan musikala, batzuetan hunkigarria, bere irudimenaren txokoetatik pasaraziko gaitu eta oroitzapen txikiena Queen-en abesti bihurtuko du. Herriko Etxeak antolaturik, erreserbak Euskal Herriko turismo bulegoetan, prezio betea 16€, prezioa murriztua 10€.

Pazkoko elizkizunak

Ostegun Sainduko zeremonia Azkainen iraganen da (19:00), aldiz ostiral Saindukoa Saran (19:00). Pazko bezperan meza gure elizan iraganen da, fede aitormenarekin (20:00). Biharamunean Pazkoko meza nagusia (10:30). Izenak dion bezala, Pazkok Bakera gomitatzen gaitu.

Arroltze bilketa larunbatean

Eliza gibeleko parkean, Herriko Etxeak antolatzen du familieri buruz ohiko arroltze ihizia, martxoaren 30ean (11:00). Haurrek atsegin hartuko dute, kasu txokolate soberakinari!

Selauru hustea Amotzen

Etxeko puska salketa berezi hau Amotzeko “artista ttipien” elkarteak antolatzen du, kartierreko eskolaren alde. Prezioa 4€ metroa mahainik gabe, 10€ bi metroko mahainarekin, deitu 06-78-50-72-45.

Atxik Azoka Inharrian

Martxoaren 30 eta 31n, 2 egunetan ardo eta liburu konprometituen merkatua antolatua da. Azoka hortan 358 arnogile eta 20 liburugilek parte hartuko dute, batzuk beren ekoizpenen ezagutarazteko, bertzek beren obren aurkezteko gisan. Bi egunez izanen da hitzaldi, tailerrak eta kontzertuak, egitarau aberatsa. 10€ sartzea, basoa eskainia, bertan jatekoa eta edatekoak nasaiki.

Poesiaren Udaberria

Hiru ekitaldi iragarriak ziren. Martxoaren 12an, poema irakurketak mediatekan, ongi animatua. Hilaren 16an Larreko kulturgunean Slam ikusgarria Arretxea kolegioko ikasleak taula gainean, Rina eta Ortzok animaturik. Azpimarratzekoa da, Ixabel Aguirresabore ipuin kontalariak euskaraz eskaini duen saio berezia, 30 haurren aitzinean, martxoaren 14an, mediatekan. Bi euskalkien topaketa baziren, alde batean Ixabel gipuzkoarra eta bertzaldean publiko lapurtarra, interes handikoa izan da eta kontzentrazio gehiago galdegin. Bertzalde Ixabelek, mediatekari, “Amona Tomatxa udazkenean” bere azken albuma eskaini du. Ekitaldia krakada goxo baten inguruan bukatu da.

Korrika Ttiki

-Argazkia: Senpereko eskoletako haurrak “Korrika Ttikin”

Martxoaren 21 goizarekin Senpereko hiru eskolek Korrika Ttikin parte hartu dute. Karrika nagusia zeharkaturik, korrikalari ttipiak Olhako biribilgunean itzuli dira pilota plazaraino. Herriko Etxeak eskaini gosaria partekatua izan da, korrikarako musikak entzunez haurren atseginetan. Aldiz igande goizean goizik, Korrika nagusiak bere bigarren pasaldia Baionara buruz egin du, plazerez ikusten da euskarak indar anitz biltzen badakiela.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3741. zbk

Gure Hitza | 2024/03/28

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo “Harro Herri” leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016