Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Martxoaren 28a
Aste Sainduko ospakizunak - San Frentses kolegioak 100 urte - Ihiztarien lehiaketa - Mintzaldia - Berri labur
Aste Sainduko elizkizunak
Errobiko Salbatore parropian Aste Sainduko elizkizunak honela dira: Ortzegun Sainduz azken afariaren ospakizuna Bixintxo elizan (19:00), Ortzirale sainduz Gurutzearen bidea Heraitzen (15:00), Kristoren pasionea Bixintxo elizan (19:00), Larunbat sainduz (21:00) suaren benedizionearekin Pazko beila eta ondotik Kristoren berpiztearen meza Bixintxo elizan, Pazko eguneko mezak (9:00) Heraitzen eta Haltsun, (10:00) komentuko kaperan eta (10:30) Arruntzan eta Larresoron. Aste Saindu on deneri.
San Frantses kolegioak 100 urte
Uztaritzeko seminario ttipia, orain San Frantses kolegioa dena, eraikitzeko xedea hartu zen 1905ean, estatuaren eta elizaren bereiztearen ondorioz, Larresorokoa hetsi baitzen, orduko frantses gobernua jabeturik. Erabaki zen Uztaritzen kasko batean berria eraikitzea. Bainan holako obra bat dirurik gabe ezin zen egin. Dei asko eginik, Euskal Herri guzitik, Lapurditik Zuberoraino, eraikuntza berriarentzat herri anitzek hilabete eta urtetan zehar diru emaitzak egin zituzten. Lehen harriaren pausatzea Pazko biharamunean egin zen, 1924ko Gieure orduko apezpikuak benedikatu zuela. Ordutik eraikuntza bikaina egin da. Lehen harriaren pausatzearen 100. urtemuga apirilaren 14an ospatuko da, egun hortako Uztaritzeko meza nagusia bertako kaperan emanen dela. Ondotik zintzur bustitzea eskainia izanen da eta tokian bazkaltzeko ahala ere bakotxak piknika ekarriz. Atxiki eguna oraindanik.
Ihiztarien lehiaketa
AFACCC 64 elkarteak antolatzen ditu ihiziko zakur lasterkarien lehiaketak, bereziki azeri, orein, orkatz edo basurde ondotik dabiltzanenak. Aitzineko asteburuan Uztaritzen Herriko Etxeak utzirik Haitzekobordan egin da elgarretaratzea, aurten basurdeko zakur taldeen aldi. Hiru urtez Senperen eginik izan da. Ipar Euskal Herritik gehienak, bainan zonbait urrunagotik etorriak, 18 ihiztari elkartek parte hartu dute. Goizetik abiatu aitzin umore eta giro ona sendi zen. Tokian berean janari-edariak segurtatuak ziren. Larunbatarekin 11 talde ibili dira ihiziarentzat barreiatu direla Lapurdi osoan, batzu ikusi direla Jatsun, Hazparnen, berdin Ahetzen ala Ezpeletan, Larrun mendiraino. Talde bakotxak bi oreneko txanda zuen eta hiru epailez segituak. Igandearekin gelditzen ziren zazpien aldi. Aroa idor eta beroegi ez zuten sobera alde eta jakiten zen azkenean basurde guti altxatu zela. Bi eguneko ekitaldi hori bukatzeko igande eguerdian zikiro besta batek elgarretaratu ditu, karpa azpian parte hartzaile eta antolatzaileak 160 bazkaltiar bilduz, Ur Begi kantari taldeak alaiturik. Apairu ondoan talde bakotxa izendatua izan da, sari bana eskuratu dute eta irakurria izan zaie epaileen txostena. On eta ez hain on, bazen denetarik, den bezala entzun eta onartu behar. Azkenean bikote bat txapeldun atera da, Jonathan Balat eta Jean Christophe Pène Haute Garonne departamendutik etorriak zirenak. Auzapeza ordezkatzen zuela, Jean-Michel Serrano hautetsiak herriari bizia eman duen ekintza horrentzat, guziak eskertu ditu. Antolatzaileak pozik gelditu dira, batek erraiten zautala lehiaketa bera bezain garrantzitsua zela ihiztarien topaketa handi hori egitea. Heldu den urtean berriz egiteko asmoa dute. Nun?
Mintzaldi
Aurtengo Ur Begiren azken mintzaldia iraganen da ortzirale huntan, gaia: bordarigo edo etxetiargoa. Joan den mendean hemen gaindi etxetiar asko baziren, bereziki Amikuzen. Lur jabeek uztaren erdia bereganatzen zuten lurra etxetiarren esku uztearen ordaintzeko. Kontratuak beti urte batentzat eginak ziren, San Martinetan egiten zirela aldairak, etxetiarraren nahitara ala jabeak kanporaturik. Munduko bigarren gerla ondotik lege batek eman zioten etxetiarreri arrandan ustiatzen jarraitzeko eskubidea. Egoera hortaz mintzatuko zaigu Jean-Claude Malharin. Mintzaldia eginen da Lapurdi gelan (18:30), gehien bat euskaraz, itzulpena segurtatua izanen da. Ongi etorri deneri!
Berri labur
Asteazkenean jakin da Lesbats auzapez ohia kondenatua izan dela, 10 hilabete kartzelara atzerapenarekin, asurantza kutxari egin diru desbideratzearengatik. Diru horiek oro (62.000 euro) itzuli behar ditu eta gainera 10.000 euroko isuna hartu du. Ezin da ere 5 urtez hauteskundeetan aurkeztu.