Euskal diaspora | 2024ko Martxoaren 28a

Aberri Eguna ospagai, Mercomus txapelketa eta Arantxa Anitua

Joseba Etxarri

Aberri%20Eguna%20ospagai_%20Mercomus%20txapelketa%20eta%20Arantxa%20Anitua

HABANAko Korrika. Joan den astekoan bildu genuenez, mundu osoan ere arrakasta haundikoa izan da eta segimendu handia ukan du 2024ko Korrikak. Argazkira bildu dugun irudia, Kubakoa da, Habanan egin zuten Korrikakoa. Alaitasuna, engaiamendua, aldarrikapena eta besta izan dira mundu osoan Korrikak izan dituen ezaugarriak. Tipi-tapa...

---------------------

ABERRI EGUNA. Aberri Eguna tradizio handia duen urteko elgarretaratzea da Diasporan, bereziki Europa eta Hego Amerikako euskal etxeen artean. Beste euskal ospakizun batzuetan bezala, frangok egunean berean ospatuko dute eta beste askok, opor egunak izanik, ondokoetan, ahalik eta jende gehien biltzea helburu. Heldu den igandean, martxoaren 31n bertan, konparazio, leku guti batzu aipatzeko, erran dezagun New Yorkeko Euzko Etxean ospatuko dutela, Caracaseko Eusko Etxean, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxean, Mexiko Hiriko Euskal Etxean edo Bruselako Euskal Etxean... Argentinako Cañuelasen, adibidez, gazteria asteburu osoan bildurik ospatuko dute, Aberri Eguneko Dantzari Topaketan, iaz, konparazio, 16 euskal etxetako gazte eta dantza taldeak partaide. Ondoko asteetan ere emanen dugu topaketa gehiagoren isla, zerrenda polita baita.

MERCOMUS. Ezagutua da munduan gure Diasporan musak biltzen duen zaletasun handia. Jakinarazi berria da, Munduko Txapelketaz gain, oihartzun berezia lortzen duen 'Mercomus' delako Txapelketako berri, aurten heldu den astean, apirilaren 3tik 6ra jokatuko dena, Argentinako La Platan, La Platako Euzko Etxea antolatzaile, euskal elkarte honek 80 urte betetzea kari antolatu duen programaren baitan. Txile, Uruguai, Argentina, Mexiko, Venezuela eta Peruko 18 bikote bilduko dira eta, txapelketa paralelo batzuk ere ukanen ditu. HERRIAk jakin ahal ukan du non eginen den txapelketa ondoko urteetan: 2025ean Peruko Lima eta 2026an Txilen, lekua finkatzeko.

ARANTXA ANITUA. Hondarreko bost urteetan izana da Buenos Aires hirikoa den abokat hau FEVA Argentinako euskal etxeen federazioko lehendakari, eta oraino hala da. Lehenengoz, FEVAren lehenagoko president hautetsia Euskal Herrira pasatuko zelarik berak, lehendakariorde izanki, hartu zuen urtebetez postua. Gero ondoko bi hauteskundeetan, lehendakari hautatu zuten eta orain, FEVAn lehendakari gehienez bi urteko bi alditan egotea posible denez, beste bati pasatuko dio lekukoa. Seguruenik zerrenda bakarra, adostasunezkoa aurkeztuko delarik, segurutzat jotzen dute ondoko presidentea Mar del Platako Asier Iriberri izango dela. Arantxa Anitua, urte hauetan, munduko euskal etxeen eta diasporako ordezkari izan da Eusko Jaurlaritzako Euskal Gitzataldeentzako Aholku Batzordean, eta Kanpo Harremanetarako Batzordean ere. Hauteskunde berriak, FEVAk apirilaren 27an Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan eginen duen urteko biltzar nagusian gauzatuko dira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3741. zbk

Gure Hitza | 2024/03/28

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo “Harro Herri” leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016