Mundu zabalean | 2024ko Martxoaren 28a
Genetikoki aldatu organismoak (OGM)
M.O.
Genetikoki aldatu organismoak (OGM) eztabaida publikoan berriz agertu dira. Europako Batzordea OGM berri batzuen merkaturatzea baimentzen ari da, arriskuak eta trazabilitatea ebaluatzeko betekizunetatik baztertuko ditu.
OGM berriak merkaturatzeko arriskuan
Genetikoki aldatu organismo (OGM) mota berri bat merkaturatzeko, neurriak malgutzea du helburu. Erabaki hori iritzi publikoaren kontra ez ezik, logika zientifiko ororen kontra doa. Kontseilu Europarrak onartuz gero, ingurumena eta jendeen osasunarendako ondorio itzulezinak ukanen ditu.
Merkaturatzeko eta Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA), elikagaien kalitatearentzat eta ingurumenarentzat diren arriskuen ebaluazio zehatzak egin behar ditu. Produktu horiek Europan merkaturatzen badira, trazabilitatea eta etiketatzea segurtatu behar dute. Mementoan Europan erabilia izaiteko baimena duen bakarra Mon810 artoa da.Europako herri batzuetan, genetikoki aldatu organismo produktu hau erabiltzea debekatua da.
Europako Batzordeak 2023ko uztailean egin proposamenaren ondotik, otsailaren 7an Europako Parlamentuak, teknika genomikoak erregulazioaren kentzearen alde bozkatu du. “OGM berrien” ez arautzearen alde 307 eurodeputatuk alde bozkatu dute, 263k kontra eta 41 abstentzio. Orain debateak Europar Batasuneko Kontseiluan segituko du, urte hondarreko testuak bozkatua izan behar luke.
OGM-en etekinak Monsantorentzat
“Transgenesia” deitzen den prozesuaren helburua da organismo baten material genetikoa (adibidez landarea) nahi den gisara aldatzea, eritasunen kontrako erresistentzia eta herbiziden tolerantzia hobetzeko. Estatu Batuetako Elikadura eta Laborantzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) datuen arabera, Ipar Amerikan bi hamarkadatan transgenikoen erabiltzeak ez du Europak baino errendimendu handiagorik eragin. Fungizidaren eta intsektizidaren merkatua %21ez goratu da, Monsantorentzat ustekabeko oparia.
Transgenikoak debekatzen diren tokietan, azken hogei urteetan, pestizidak gutiago erabiliak dira. Berri ona ingurumenarentzat, aldiz agro-industriarentzat ez. Europar Parlamentuak bozkatu dituen neurri berriak laborantza intentsiboaren defendatzaileak satisfatu ditu.
Selekziorako teknika berrien helburua
Selekziorako Teknika Berriak (NGT) teknologiari esker, material genetikoaren aldaketa zehatzagoak pentsatzea ahalbidetzen du. Helburua da laborategian organismo baten kromosoma artifizialki aldatzea. Errendimenduak emendatuz, landareek eritasun eta intsektuentzat duten erresistentzia hobetuko da. Ekonomiarentzat eta osasunarentzat onuragarri izaiteko, zientifikoek diote ezin bestekoa dela pestiziden erabilera murriztea. Etekinen promesez gain, ez dakigu teknologia horrek ingurumenean ondorioak ukanen dituen. Dakigun gauza bakarra da atzeraezina izanen dela.
Ez da froga sinesgarririk OGM berriak klima aldaketaren aitzinean erresistenteak direnik. Adituek diote biodibertsitatean arazo handiak sortzen ahalko lituzkeela, laborantza biologikoaren garapenean kalteak ekarriz.
Aurkariak parean
Horren kontra borrokatzen den Confédération paysanne laborari sindikatuak adierazi du: “Hitzarmen genetiko hau engainua da, potentzial genetikorik onena duen landare batek ez du deus emanen, ingurune batera, klimara, praktika jakin batzuetara egokitzen ez bada.Teknika genomiko horiek laborantzaren kontra doan agro-industrialarenak dira".
OGM horiek beste edozein landare bezala legeztatzea da Europako Parlamentuan eztabaidatu eta bozkatua izan dena. Baieztapen horrek justifikatzen du arau espezifikorik ez ezartzea.
Europako dozena bat erakunde Estrasburgon horren kontra altxatu dira. Horietan, Laborantza Organikoaren Mugimenduen Nazioarteko Federazioa (Ifoam), Demeter elkartea eta Via Campesina.
Mobilizazio horretan entzun da: “Gure mobilizazioa Europako Parlamentuko deputatu guziekin harremanetan jartzea da, Batzordearen proposamena irizpide zientifikoetan oinarritzen ez dela oroitarazteko".
Parlamentariek eztabaidatzen duten testuaren kontrakoen argudioa, Osasun Segurtasuneko Agentzia Nazionalak (ANSES), 2023ko azaroan eman kriterioan oinarritzen da. Aipatua da arauak argitzea eta oinarrizko azterketa zientifikoak eginak izaitea.
500.000 herritarrek petizioa sinatu dute Europan transgeniko berriak ez baimentzea eskatzeko, hautetsieri interes orokorra defenda dezaten eskatuz.
Laborantza biologikoa lanjerrean
Daniel Evaine, Laborantza Ekologikoaren Federazio Nazionaleko (FNAB) erreferentea kezkatua agertu da, arazo larriena laborantza biologikoan ari direnen irabaziak lehertuko baitira. Europako Justizia Auzitegiaren arabera, teknika horietarik heldu diren OMG-ak, laborantza biologikoan debekatuak dira.
Christophe Clergeau, Europar Parlamentuko S&D ezker talde politikoaren izenean mintzatu da: “Azken bost urte hauetan lobby pro-OGM batzuen ofentsiba ikusten dugu, teknologia berri horiek merkatuan erregulaziorik gabe jartzeko txeke zuria nahi zuten".