Orotarik | 2024ko Martxoaren 28a
Kukumarro: Alartze pean hatzemana ala egite ukan, antza izan
Xarles Videgain
Euskaraz beste mintzairetan bezala, norbaitek beste presuna baten egite handia duelarik, bereziki familia batean, egite edo antza izaten ahal da begitartean berean, gorputzean, edo ibiltzeko pausuan, irri egiteko maneran eta beste gauza anitzetan, orduan erraiteko moldeak badira. Atabismoa deitzen da segurki eta diogu haur bat aitaren edo amaren potreta dela.
Baina bestalde, lehenik animaleak aipatzen dira: phikak gara gara, humiak hala hala. Hots pikak ez du belerik egiten. Edota txakurraren humiak horak, dakigularik hora ere zakurra dela: guk ihiztora erraiten dugu eta zakur-emea, ollaka hogara dela aipatzen. Zuberoan entzuten dut ere: “mündü huntan apho dena, bestin krepaut”. Haur denboran “krepauta” entzuten nuen nitaz haur hastiala eta bihurria izanez baina hemen “krepauta” apo erraiteko beste hitz bat dela ageri da. Gaskoiez diote akerrak urrin gaixtoa baduela izatez. Ez du berak hobenik eta usaina badu, ez zaio gertatzen zikin delako, halakoa da izatez. “Par nature pue le bouc”.
Baina genetikak duen pisua horrela aipatzen zuen Oihenartek bere denboran. Odolak thiratzen du ehun idi pare batek baino gehiago. Adierazi nahi du batzuetan izigarriko determinismoa badagoela jendeetan eta nahi eta ez, askazien “odola” mintzatzen dela eta pentsatzen ahal ez diren gauza zonbaiten egitera pusatzen gaituela. Delako odolaren mintzoa azkarra dela ez da dudarik eta zaila da hari ihardukitzea.
Zuberoan ere beste erraiteko manera bat erabiltzen da. Eman dezagun familia batean semea edo alaba elkitzen dela dantzari gaitza, jalgitzen dela kantari ona eta familia berean aita edo ama ere dantzari ala kantari hautuak izan direla. Orduan erranen da semeaz ala alabaz: hori hatzaman dizü alhartzepin. Zer da bada alhartze pean?
Alhartzea da muga egiten duen etxeko barnearen eta kanpoaren artean, muga edo pasaia, iragangia. Badakigu etxea Euskal Herrian eta oro har Pirinioetan entitate handia izan dela eta bere mugak badituela ongi finkatuak, alhartzeak hori egiten du. Alhartzea ez da baitezpada harrizkoa izan behar. Lehen zur bat izaten ahal zen trebes emanik etxean edo artegian sartzeko. Ardi bat maingu delarik zangoa ez du aise altxatzen ahal, eta alhartzea hunkitzen du herrestan,min duela ikusten da. Artatu behar da eta alartzeak seinalatu du. Beraz zura izan daiteke alartzea. Frantsesez “le seuil” deitzen da, latinetik SOLEA.Solea ez zen harri bat, taula bat zen. Erroman baziren etxeari lotuak ziren jainko eta dibinitate ttipi batzuk eta uste izateko da alhartzeak muga bat ezartzen zuela. Gure herrian ere.
Norbaitek berez familiatik egite agerikoa duelarik, nik ere “hatzemaiten” dut Zuberoko mintzatzeko manera honek etxearen eta etxekoen eragina aski ongi erakusten duela. Alartzepean hatzeman du.