Azalekoa | 2024ko Apirilaren 25a

Frantsesenia lizeoak 70 urte

M.O.

Frantsesenia%20lizeoak%2070%20urte

Donibane Garazin kokatua den Frantsesenia lizeoak 70 urteurrena kari, apirilaren 27an, Izpuran, egun osoan animazio desberdinak antolatuko ditu. Bildu gira Iban Erguy eskolako zuzendariarekin eta Frantxua Tambourin presidentearekin.

Laborariak formatzeko nahikaria

1953an Garazi-Baigorri eskualdeko apezek eta orduetako politikariek xedea ukan zuten gazteak Amerikara edota hirietara lan egitera ez joaiteko, laborantza eskola baten muntatzea. Garai horietan laborantzetan bizitzea zaila izanez, anitzek Euskal Herritik harat abiatzeko gogoa zuten. Apez batzuen iniziatibaz, orduko Louis Inchauspe Garaziko kontseilari nagusia, Louis Dassance eta Aita Adrien Gachiteguy ingeniarien laguntzarekin sortu zen Frantsesenia eskola.

Laborantza garatzeko nahia

Frantxua Tambourin-ek erraiten zaukun gerla ondotik etxaldeak nekez bizi zirela, gazteriak Euskal Herritik partitzeko gogoa ukanez, emigrazio handia izan zen. Laborantzako eskola baten sortzea beharrezkoa zen, etxaldetan segida ukaiteaz gain, laborari gazteak formatu behar ziren. Gogoan zuen lan anitz eskuz egiten zirela, 70. hamarkadan arditegi berriak muntatu ziren, tresneria etxaldetan sartu zen, laborantza ereduan dinamika berria abiatu zen. Etxaldetan lan molde aldaketaz gain, gogoetak abiatu ziren etxeko ekoizpenen transformatzeko. Laborantza eskolako ikasketek, bereziki hazkuntza sailean ari zireneri, esnea saltzeko ordez, ekoiztea eta zuzenean merkatuetan saltzea ahalbidetu zieten.

Laborantza saila

Baigorriar laboraria Frantsesenian egon zelarik, eskola Donazaharreko Salha jauregian zen. Kontatzen zaukun, garai hartan etxaldearen segida hartzeko ez zela gogoetatzen, naturalki plantatzen zela.

Frantsesenian ibili izan direnen edota gaur egun ikasketak segitzen dituztenen formazioa tokiko laborantza ereduan oinarritua da. Frantseseneko presidenteak zioen, lizeoak lur eremurik ez duenez, ikasleek kurtso praktikoak etxalde desberdinetan egiten dituztela. Barnealdeko laborantza modelo desberdinak ikusten dituzte. Laborantzak ingurumenarentzat dituen ondorioak ikusiak eta ikasiak dira. Lizeoaren helburua da plantatuko den gazteak berak hauta dezan zer laborantza modeloa landu nahi duen.

Iban Erguk erraiten zaukun laborantzako eskola segitzen dutenak erdiz-erdi neskak eta mutikoak direla. Gehienek etxaldea baldin badute, zenbaitzuk beste mundu batetik heldu dira.

Frantseseneko presidentearentzat frantses estatuko beste lurralde batzueri konparatuz, Euskal Herrian nahikari handia bada, lau sormaka erdietsi dira, kalitatea bermatuz. Laborarien artean ekoizpen berdinak transformatuak eta salduak baldin badira, konkurrentziarik ez da, kontrarioa, batak bestea azkartzen du, lotura indartuz.

Frantsesenia sail desberdinetako eskola

Frantseseniak 1953an sortu zenetik, lurraldearen beharreri erantzuteko eboluzionatzen jakin du.

Gaur egun 123 ikasle dira, erdia Garazi-Baigorriko gazteak eta beste erdia beste tokietatik etorriak. Iban Erguy zuzendariak zioen barnetegiak arrakasta baduela, kasik ikasleen erdia hor egoiten baita (%40). Frantsesenia laborantza eskola bezala ezagutua bada, 2000. urte hasieratik beste formazio sail desberdinak plantan jarri ditu. Sozial eta osasun sailean: hezitzaile, artatzaile eta etxeko laguntzaile formazioak proposatuak dira. Azkenik abiatu den formazioa, harrerako ofizioetan lan egiteko da.

Frantseseniaren ezaugarriak

Frantxua Tambourinek eskolaren ezaugarriak bi sailetan kokatzen ditu. Formazio-heziketa alorrean, pantailaren menpekotasuna, alkoholaren arriskua eta jazarpena bezalako gaien inguruan lan bat eramana da. Helburua baita gaztea ongi izaitea, iniziatibak eta gogoetak eramanez.

Bigarren helburua, zerbitzu berrien sortzea izan da, bereziki sozial zerbitzuetako sailetan, baliabide zentroa bilakatuz. Lizeoko bi arduradunek, administrazio kontseilua eta erakasleen artean eramana den elkarlana goraipatu dute.

Lizeo berria

Lizeo berrian sartua izaiteak, ikasleen eta erakasleen baldintzak hobetu ditu. Bi arduradunentzat, Donibane Garazin Frantsesenia behar den tokian kokatua da, Nafarroa lizeoa ondoan izanez, gazte desberdinak gurutzatzen dira.

Larunbat huntan Izpuran iraganen den urteurreneko bestak segur arrakasta ukanen duela, lehengo eta oraiko ikasleek ukanen dute zer konta!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3745. zbk

Gure Hitza | 2024/04/25

Etxeko aferak

Peio Jorajuria

Gaur etxeko aferak aipatuko ditut hemen. Alabaina, Herria astekariaren biltzar nagusia genuen joan den ostiralean, Itsasun, Mikel Hiribarren auzapezak ongi-etorri beroena eginik. 2006an ere Itsasuko Herriko Etxean bildu ginen. Orduko argazkiari so egin diot, kuriostasunez. Gauzak aldatu direla hemezortzi urtez! Orduan Roger Gamoy auzapezak, berrikitan zendutakoak, eta Jean-Paul Iriquin auzapez-ordeak gintuzten errezibitu. Gaur Itsasuko giderrak eskuz aldatuak dira, bai eta Herria kazetarenak ere, orduko kide andana betirako airaturik, azkenik Beñat Goity izpurar apeza, urte luzetan elkartearen diruzain izana, euskaltzain urgazle bestalde, joan den ostiral goizean ehortzi dena, gure biltzar nagusia iragaiten ari zen memento berean. Bi hamarkada hauetan gure taldea gaztetu da, doi bat bederen, eta emazte kopurua emendatu, baitzuen elkarteak holakoren beharra. Ordutik, kazeta ere aldatu da, bai itxuraz, bai mam...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016