Gure Hitza | 2024ko Apirilaren 25a

Etxeko aferak

Peio Jorajuria

Gaur etxeko aferak aipatuko ditut hemen. Alabaina, Herria astekariaren biltzar nagusia genuen joan den ostiralean, Itsasun, Mikel Hiribarren auzapezak ongi-etorri beroena eginik. 2006an ere Itsasuko Herriko Etxean bildu ginen. Orduko argazkiari so egin diot, kuriostasunez. Gauzak aldatu direla hemezortzi urtez! Orduan Roger Gamoy auzapezak, berrikitan zendutakoak, eta Jean-Paul Iriquin auzapez-ordeak gintuzten errezibitu. Gaur Itsasuko giderrak eskuz aldatuak dira, bai eta Herria kazetarenak ere, orduko kide andana betirako airaturik, azkenik Beñat Goity izpurar apeza, urte luzetan elkartearen diruzain izana, euskaltzain urgazle bestalde, joan den ostiral goizean ehortzi dena, gure biltzar nagusia iragaiten ari zen memento berean. Bi hamarkada hauetan gure taldea gaztetu da, doi bat bederen, eta emazte kopurua emendatu, baitzuen elkarteak holakoren beharra. Ordutik, kazeta ere aldatu da, bai itxuraz, bai mamiz.

Urte berezia dugu aurtengo hau, kazetak 80 urte beteko baititu datorren larrazkenean. Urte berezia ere, idazleburuz aldatuko baikara, uda hastapenean oraingoa erretretara joanen baita, lan ederra eginik, gazte suhar batek diola lekukoa hartuko. Desafio handi askori beharko du gure aldizkariak buru egin, ahal bezain sendoki aitzina jotzeko. Bada nahikari. Edozein iritziri irekia den kazeta dugu zabaltzen. Aitor dezagun, haatik, batzuetan irakurleengandik dolamenezko oihartzunak heldu zaizkigula beharrietara.

Artikulu nagusiez eta herrietako berriez gain, kronikak ere zabaltzen ditugu, norberari libertatea utzirik bere gogoetak eta ikusmoldeak agertzeko. Zenbait aldiz haatik gerta daiteke, kronika horietarik batean edo bertzean, gure ikusmoldearen edo irakurlearenaren kontrako iritzia agertzea, hitz zorrotzegitan, hortz karraskak sustatuz. Egia da kontrako iritzia ez dela sekula irents errexa. Alta, bakoitzari hitza libreki utziz, behar dugu ikasi entzun nahi ez duguna ere entzuten. Ondotik ados ez denari dagokio erreferaren botatzea, gure astekarian eginen zaio toki.

Iritzi “inkorrektoak” ere entzun behar direla zioen Joseba Sarrionandia idazleak, Baigorriko kulturaldian Josu Martinez zinegileak aurkeztu duen “Mirande, film bat egiteko zirriborroa” filmaren ondotikako solasaldi-eztabaidan. Jon Mirande zuberotarra (1925-1972) idazle handitzat ekarria da baina aldi berean eskuin-muturreko ideiak zituen, antisemita zen eta nazien aldekoa ere. Hala ere zen bezalakoa hartu behar dugula dio Sarrionandiak, haize kontra jokatu den gizon eta idazle zinez ausarta baitzaio. “Arazorik ez duen gizartea hilda dago” zuen erran bere aldetik Argia astekariari Pablo Antoñana nafar idazle zenak, “garbantzu beltzak dituen herriak dira bizitza ematen dutenak, eta hori da Euskal Herriak duena”. Goazen beraz aitzina, iritzi eta kontra-iritzi guziekin.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3745. zbk

Gure Hitza | 2024/04/25

Etxeko aferak

Peio Jorajuria

Gaur etxeko aferak aipatuko ditut hemen. Alabaina, Herria astekariaren biltzar nagusia genuen joan den ostiralean, Itsasun, Mikel Hiribarren auzapezak ongi-etorri beroena eginik. 2006an ere Itsasuko Herriko Etxean bildu ginen. Orduko argazkiari so egin diot, kuriostasunez. Gauzak aldatu direla hemezortzi urtez! Orduan Roger Gamoy auzapezak, berrikitan zendutakoak, eta Jean-Paul Iriquin auzapez-ordeak gintuzten errezibitu. Gaur Itsasuko giderrak eskuz aldatuak dira, bai eta Herria kazetarenak ere, orduko kide andana betirako airaturik, azkenik Beñat Goity izpurar apeza, urte luzetan elkartearen diruzain izana, euskaltzain urgazle bestalde, joan den ostiral goizean ehortzi dena, gure biltzar nagusia iragaiten ari zen memento berean. Bi hamarkada hauetan gure taldea gaztetu da, doi bat bederen, eta emazte kopurua emendatu, baitzuen elkarteak holakoren beharra. Ordutik, kazeta ere aldatu da, bai itxuraz, bai mam...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016