Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Uztailaren 04a
Berritasuna herriko garajean - Herriko bestak iraganak - Hauteskundeetako bozen lehen itzulia
Berritasuna herriko garajean
Badu orain berrogoi bat urte Gérard Parachou lanean ari dela familiako garajean, Hazparneko bidean. Alabainan bere aitaren segida hartu zuen, hunek erretreta hartu zuelarik. Mekanikariek ontsa badakiten bezala, errotak bere itzulia egiten du eta hala orain bere erretretako orena hurbiltzen zaiola. Herritarrentzat plazera izanen da jakitea egiten dituen zerbitzuek segituko dutela, hunen segida hartu beharra baitu, uztailaren lehenetik goiti Jérome Olaizolak. Hau Ahurtikoa da, 42 urteko gizona, luzaz arizan da bertze garaje batean Bokaleko eskualdean. Azken urte hauetan La Réunion uhartean gaindi ibili da lan egiteko. Bere anderearen laguntzarekin bulegoko lanetan, hartuko dute beraz segida. Oraiko zerbitzuak segurtatuko dituzte, marka guzietako autoen erreparatze, karrozeria lanak eta tindaketak. Gérard-ek ondoko hilabetetan segituko du halere nagusi berriaren laguntzen.
Herriko bestak iraganak
Azken hamar bat urte hauetan, herriko bestak ospatzen dira Petri patroi sainduaren besta (hots ekainaren 29a) aitzin. Duela hamar bat egun hauek iragan dira. Orokorki denbora frango egokia izan da. Salbu lehen gaualdiarentzat auto kutxentzat. Hamar bat autok parte hartu dute eta horietan herriko hiru gaztek antolatuak zituztenak. Biharamunean, zikiroak 600 bat afaltiar bildu ditu. Igande arratsaldean egitarau frango aberatsa zen, pilota partida eder batekin konda zena Euskal Herriko xapelketaren kondu. Hazparneko pilotariak nagusitu ziren partida atakatu baten ondorioz. Hunen segidan, Urdiñarbeko dantzariek xoratu dute kopuruan jina zen publikoa. Astelehenarekin herritarren eguna zen, goizetik hasi da birla xapelketarekin Auxotea ostatuan. Arberoako eta Hazparneko xokoan ohidura dugu 9 birletako jokoan aritzea. Xapelgoan berrogoi bat jokalarik parte hartu dute. Aurtengo berezitasuna zen, Auxoteiko azken edizioa izan dela, Henriette Haristoy jabeak jakinarazi baitu erretretarat joanen zela buruiletik goiti. Xapeldun atera da (aurten ere!) lekuko semea Xarlo Haristoy. Herriko bestak astelehen arratsean bururatu dira paella batekin, berrehun afaltiar jin dira.
Horra beraz gure herrian aurtengo bestak iraganak direla, lagunekin pasatzeko eta ospatzeko beti memento goxoa dena.
Hauteskundeetako bozen lehen itzulia
Gure herria kokatzen da bosgarren bozka eremuan, Baiona eta Angeluko herriekin batera beraz. Alabainan, lehenagoko kantonamenduen moztearekin, Aiherra eta Izturitze lotuak ziren Bastidako kantonamenduari. Hamar hautagai ziren Florence Lasserre oraiko deputatuaren segidaren hartzeko. Hauek izan dira bozen kopuruak: 899 zerrendetan barne zirenetarik, 627 boz bali. Capdevielle (Fronte Popular Berria) 240 boz, Rosso 164 boz eta Lasserre 129 boz. Heldu den astean berriz bozkatzerat deituak gira bigarren itzuliarentzat.











