Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Apirilaren 25a
E-CHO proiektuaren kontrako bilkura - Amikuzeko oihanean obra berriak - “Street Eguna” - “Estitxu” filma
E-CHO proiektuaren kontrako bilkura
Amikuze-Kolektiboak eta CADE elkarteak bilkura publikoa antolatzen dute Lacq eskualdean asmatua den E-CHO proiektuari buruz. Hiru lantegi egitekoak dira, biga erregaiak ekoizteko hegazkin eta itsas ontziendako eta bat hidrogenoa ekoizteko beste bi lantegien itzulikarazteko.
Amikuze-Kolektiboa eta CADE elkarteendako proiektu horrek: “Bioaniztasuna mehatxatuko du eta oihanek klima berotzeari buruz duten erresistentzia arriskuan ezarriko... Bestalde, proiektu horrek urtero 500.000 tona zuhaitz suntsitu ditu Pirinio, Perigord eta Mediterraneo inguruko oihanetan; gainera 8 milioi metro kubiko ur Paueko uhaitzetik aterako ditu errekaren bizia arriskuan ezarriz...”.
Proiektu horri buruz informazio gehiago emana izanen da heldu den ostiralean, apirilaren 26an (20:30) Donapaleuko Herriko Etxean, gela berdean.
Jadanik xehetasun gehiago eskuratzen ahal da www.touchepasamaforet.eu sarean sartuz.
Amikuzeko oihanean obra berriak
Oragarre eskualdean deitua den Amikuzeko oihanak 655 ha egiten ditu eta Amikuzeko herriek osatu sindikatuak kudeatzen du. Publikoari harrera berria eskaintzeko, azken denbora hauetan antolaketa lanak eginak izan dira. Estreinaldia apirilaren 13an zen eta hortarako Fabrice Rosay (Baionako suprefeta), Jean-René Etchegaray (Euskal Elkargoko lehendakaria) eta Jean-Jacques Lasserre (Departamenduko lehendakaria) hor ziren, Gabriel Belleau sindikatako lehendakariak gomitaturik. Aro ederra lagun, lekuko beste hautetsi zenbait ere hor ziren. Egitura hauen diru laguntzeri esker, 350.000 euro gosta diren antolaketa lanak eginak izan dira, sindikatuaren gain 120.000 euroko autofinantzamendua utziz. Ibilaldi berriak (4 km) antolatuak izan dira behar diren zubi, aparkaleku, piknika leku, ttattola eta seinaletika berriekin. Proiektuaren bigarren fasean “Patatouch” izeneko lekuan, behaketa-dorrea egitekoa da. Eraikitzeko baimena eskuratua baldin bada, finantzamenduak ez dira oraino segurtatuak.
“Street Eguna”
Joan den ibiakoitzean, apirilaren 20an, Donapaleuko herriko gazteen kontseiluak antolatzen zuen “Street eguna” Punpa aisialdi gunean. Hastapen batean, joan den larrazkeneko bakantzetan egin beharra zen, bainan aro txarrarengatik gibelatua izan zen. Egun hortan, street kultura ezagutzeko parada emana zen, tailer desberdinen bidez(grafiti, skate, BMX). Ikastaldiak profesional batzuen laguntzarekin eginak ziren. 4 metro luze eta 2 goratasuneko grafitia egitekoa zuten.
Pettan Ayçaguer, Herriko Etxean gazte eta kirol saileko arduradunak erran du gazteen kontseiluak deliberatu duela Miarritzen maiatzaren 31n antolatua den gazte kontseiluen lehiaketan parte hartzea. Donapaleuko street eguneko gertakaria lehiaketa hortan aurkeztuko da.
“Estitxu” filma, Donapaleuko zineman
Franck Dolosor, kazetariak, berrikitan film bat osatu du Estitxu Robles euskal kantari famatuari buruz. Donapaleuko zineman ikusten ahalko da, apirilaren 30ean, asteartez (20:30).
Filmaren ondotik, Franck Dolosor bera hor izanen da xehetasun gehiago emaiteko eta publikoaren galdereri erantzuteko. Gainerat, Robles familiako kide zenbait (Gorka, Naia...) hor izanen dira kantu zenbaiten emaiteko.
30 urte Estitxu kantaria zendu dela, gaurko belaunaldiek ez dute ezagutu ahal ukan bere boz miresgarria, hain ezti eta garbia. Euskal kantari handi honen ezagutza egiteko parada emana zauku.