Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Apirilaren 25a

Savidan medikuari omenaldia - Hondarkin biltzeaz - Kantaldia - Mus lehiaketa

Savidan%20medikuari%20omenaldia%20-%20Hondarkin%20biltzeaz%20-%20Kantaldia%20-%20Mus%20lehiaketa

Savidan medikuari omenaldia

Finkatu bezala joan den larunbat goizean iragan da ''Souvenir Français'' erakundeak antolatu omenaldia, Jean Marie Savidan mediku militar zenari buruz. Tenoreko etorririk 50 bat lagunek, horietan asko marinel aitzindari, parte hartu dute Eskuz Esku gelako omenaldiaren lehen partean, Uztaritzeko eta Larresoroko auzapezak ere bertan zirela. Henri Fourmy amiralaren ongi etorriaren ondotik, Luc Cordouer-ek bere mintzaldian aipatu du 1910eko “Pluviose” itsaspeko ontziaren gertakaria. Itsaspeko ontzi hori Calais portutik urruntxago urperat sartua egonik, bere maniobran berriz ur gainera ateratzen ari zen orduan. Bidaiari ontzi handi batek jorik, makur handiak egin zizkion eta ondorioz itsaspekoan ziren 27 gizonak itorik zendu ziren. Bi aste berantago ontzi dohakabea kostaldeari hurbilago tiratu zuten. Savidan armadako mediku ezaguna, goiko agintariek enkargatu zuten barnean ziren hilen gorputzak ateratzera familieri itzultzeko. Gorputzak egoera itsusian ziren. Lan hori kuraia handirekin egin zuen, egiazko heroia bezala estimatua izan zen, handizki eskertua ere, frantses estatuak sariztatu zuen ohorezko legio gurutze medaila emanez gradurik gorenean, 1910eko ekainaren 22an.

Nolaz bildu zen Uztaritzerat ere argiki jakin da, 1904an Marie Eugénie Dive landestar anderearekin hemen esposatu baitzen eta hiru haur ukan zituzten. Bere aitaginarrebak, Dive jaunak, urte luzetan farmazia Uztaritzen atxiki zuen. Medikua bera kasik beti Frantzian barna zabilerarik, beti Uztaritzerentzat lotura atxiki du. Hogei urte berantago, 1930ean, istripu baten ondotik bere bi semeren heriotza jasan behar ukan zuen. Medikua bera 1942an zendu zen, Eliza Hegiko hilerrian ehortzia izan zen.

Omenaldiaren bigarren partea hilerrian iragan da. Aturri inguruko marinelen koruak hasieran, otoitz bezala, “Gurekin egon gurekin Jauna” kantua, bi hizkuntzetan eman du. Armadetako bi jeneral aitzindarik gertakariaz bedera mintzaldi egin dute eta ondotik bedera lore azau medikuaren hilobian pausatu. Baionako suprefetak ere bere lore azaua finkatu du, beste bien ondoan. Gero beti bezala soldadu hileri egiten zaien kleron soinua entzun da eta omenaldia bukatzeko han ziren kantariengandik frantses himno nazionala. Gertakariaz egin liburua ere aurkeztua eta izenpetua izan da. Eskuz Esku gelan adiskidantzazko hurrupaldi batek elgarretaratu dituela partaide guziak.

Hondarkin biltzeaz

Herriko Etxeak jakinarazten du maiatzaren leheneko hondarkin biltzea eginen dela, ondoko larunbatean, 4an. Aldiz maiatzaren 8ko, 9ko eta 20koak atxikiak dira. Egun horietan hondarkindegi guziak hetsiak egonen dira. Kontutan hartzeko.

Kantaldi

''Les Amis de la Chapelle'' elkarteak ortzirale huntan, 26an (20:30), kantaldi berezia antolatzen du, Heraitzeko kaperan iraganen dena. Hastapenean bi zuberotar neska kantari gaztek, Léa eta Anouchka entzunen dira, azken denbora hauetan arrakasta handia biltzen ari direnak. Ondotik aspaldi ezaguna den bikotea, Daniel Aire ''Xalbador'' eta Gérard Ihidoy. Sartzea 10 eurotan finkatua da, kantaldiaren etekina kaperaren obrentzat baliatuko da. Ongi etorri deneri.

Mus lehiaketa

Arruntzako eskolako burasoen elkarteak mus lehiaketa antolatzen du, maiatzaren 1ean Aldacourou gelan (14:00). Izenen hartzea tokian berean eginen da (13:00), bainan aitzinetik ere eman daiteke telefono huntara: 06-15-15-52-93. Parte hartzaile bakotxak 12 euro ordaindu beharko ditu. Lehiaketaren etekinak baliatuko dira lehen mailako haurren bidaia antolatzeko, Oléron uharterat eta haur ttipienentzat St Lary alderat. Irabazleek 300 euro eskuratuko dituzte eta finalistek 150 euro. Denbora guzian jan-edariak tokian berean segurtatuak dira. Inbido eta hordagoak libre!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3745. zbk

Gure Hitza | 2024/04/25

Etxeko aferak

Peio Jorajuria

Gaur etxeko aferak aipatuko ditut hemen. Alabaina, Herria astekariaren biltzar nagusia genuen joan den ostiralean, Itsasun, Mikel Hiribarren auzapezak ongi-etorri beroena eginik. 2006an ere Itsasuko Herriko Etxean bildu ginen. Orduko argazkiari so egin diot, kuriostasunez. Gauzak aldatu direla hemezortzi urtez! Orduan Roger Gamoy auzapezak, berrikitan zendutakoak, eta Jean-Paul Iriquin auzapez-ordeak gintuzten errezibitu. Gaur Itsasuko giderrak eskuz aldatuak dira, bai eta Herria kazetarenak ere, orduko kide andana betirako airaturik, azkenik Beñat Goity izpurar apeza, urte luzetan elkartearen diruzain izana, euskaltzain urgazle bestalde, joan den ostiral goizean ehortzi dena, gure biltzar nagusia iragaiten ari zen memento berean. Bi hamarkada hauetan gure taldea gaztetu da, doi bat bederen, eta emazte kopurua emendatu, baitzuen elkarteak holakoren beharra. Ordutik, kazeta ere aldatu da, bai itxuraz, bai mam...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016