Ba ote dakixu? | 2024ko Apirilaren 25a
Lenin (4/4)
Gilen Bacho
Leninek alderdi militarizatu eta hierarkizatua eraiki zuen, burdinazko esku batez kudeatzen zuena. Boterea indarrez hartzeko tresna bazuen. Aukera bakarrik falta zitzaion. Lehen mundu gerlarekin helduko zen.
“Gerla inperialistatik” “iraultza sozialistara”
1914ko agorrilean mundu gerla hasi ondoan, Europako alderdi sozialista guziek gerlaren aldeko kredituak bozkatu zituzten. Leninek hautu hori gogorki salatu zuen (“traizio” bat zen haren ustez). Gerlaren kontra zen baina bazekien ere igurikatzen zuen aukera zela iraultza pizteko. 1914ko azaroan, “gerla inperialista gerla zibila” bilakatuko zela asmatu zuen, “gerla, historiaren katalizatzailea” zela pentsatzen baitzuen eta historiak arrazoi eman zion. 1916an, Suitzan, Europako ezker erradikala bateratu zuen gerlaren kontra eta bake orokor baten alde, bereizterik gabe. Trotski Leninez hurbildu zen memento horretan. Leninek asmatu zuen bezala, tsarraren erregimena, gero etahauskorragoa zena, ez zen gerlatik bizirik aterako. 1917ko martxoan (otsailean errusiar egutegian) lurrera erori zen, urteko lehen iraultzarengatik (tsarrak martxoan abdikatu zuen). Lenin, apirilaren 16an berriz Errusiara itzuli zen, Alemania zeharkatu ondoan. San Petersburgoko geltokian, lehen hitz hauek ukan zituen: “Gerla inperialista gerla zibilaren hastapena da Europa osoan. Iraultza sozialistaren argi-zirrintak dirdiratzen du.” Sozial-demokraten estrategia, bi etapez egingo zena (lehenik demokrazia eta gero iraultza sozialista), ez zuen segitu nahi eta anarteko gobernua, Kerenskik kudeatzen zuena, gogorki salatu zuen. Bere arabera, botere guzia Soviet deitutako kontseilueri (langile eta soldadu kontseiluak), zeinetan boltxebikek gehiengoa bazuten, berehala eman behar zen. Uztailean, boltxebikek, anarkistekin, jazarraldi bat eraman zuten baina huts egin zuten. Leninek berriz ihes egin behar izan zuen, Finlandiara aldi honetan, baina udazken hasieran berriz San Petersburgora itzuli zen.
“Urriko iraultza”
Urriaren 23an, Leninen alderdiko zuzendaritza boterea indarrez hartzearen alde agertu zen. Sozial demokratekin hautsi zuen. Orduan, Leninek bere alderdiko izena kanbiatu zuen, Errusiar Alderdi Komunista Boltxebikea izendapena hartzeko. Azaroaren 7an (urrian errusiar egutegian), Trotskirekin, iraultza sozialista eraman eta kausitu zuen. Ofizialki, boterea Soviet-eri emana zen baina egiazki boltxebikek zuten botere guzia hartu. Lenin populuaren komisarioen kontseiluko presidentea bilakatu zen (hil arte hala egon zen) eta Trotski armadaren komisarioa. 1918ko urtarrilean, Konstituziogile Biltzarra hautatua izan zen, zeinean boltxebikek 168 aulki ukan zituzten (703etatik). Baina Lenin demokrazia parlamentarioaren kontra zen eta biltzar hori bakarrik aldi batez bildu zen. Haren ustez, boterea indarrez hartu behar zen. Horregatik, bere oposizioa Europako alderdi sozialistekin gero eta gogorragoa zen. 1919an, III. Internazionala sortu zuen, zeinean alderdi sozialistak ez ziren sartu ahal izan. Sartzeko, komunismoaren, bere ideien eta autoritatearen menpe jarri behar ziren. Gerla zibilaren testuinguruan (“xurien” kontra, 1918tik 1921era), Leninek izialduraren erregimena plantan ezarri zuen eta hori ez zen kanbiatu gerla zibila irabazi-eta. Baina Leninek ez zuen luzaz botere hori beteko, 1923ko martxoan, buruko odol kolpe larria ukan baitzuen. Hil arte (1924ko urtarrilean), ez zituen sekula bere ahalmenak berreskuratuko. Boterea biltzeko borroka irekia zen, partikulazki Trotskiren (armada kudeatzen zuena) eta Stalinen artean (gizon “oiesa” Leninen arabera baina Pravda, alderdiko egunkaria, eskuetan zuena). Leninek bere aldetik, lehen estatu sozialista eraikiz munduko historia kanbiatu zuen.