Euskal diaspora | 2024ko Uztailaren 04a

EuskarAbentura, Barnetegia Buenos Airesen eta besta sasoina

Joseba Etxarri

EuskarAbentura_%20Barnetegia%20Buenos%20Airesen%20eta%20besta%20sasoina

ATHARRATZE. Iragan astelehenean, uztailaren 1ean, abiatu zen Atharratzetik EuskarAbenturaren zazpigarren edizioa. Gogoan atxiki 16-18 urte arteko gazte euskaldunendako hilabeteko ekimena dela, bizikidetza eta Euskal Herria barnetik ezagutzeko. Euskara da bertaratu diren 127 gazteen lokarri, Euskal Herriko bazter guzietarik jinak baitira, bakotxa bere euskalki eta manerekin, baina beti ere gaineratekoak ezagutu, denbora goxoa pasatu eta elkarrekin ikasteko xedez, izan euskal geografia, historia eta istorio, usadioak... eta hurbiltzeko eta usaia hartzeko beste euskalkieri. Hilabete huntan Euskal Herri osoa oinez zeharkaturik, Atharratzen hasi eta Bilbon bururatuko dute ibilaldia. Partaideen artean, bada Diasporako seme bat ere, Perutik jina, Cusco hirian sortua. Xabier Cuadra du izena eta jakinik bere inguruan euskararik mintzo ez dela, halaxe erran dio Herriari nola ikasi duen euskaraz: "Aitarekin ikasi dut. Aita Euskal Herrikoa dut eta ama Cuscokoa. Aitak beti, txikitatik, euskaraz egin dit. Etxean beti, aitarekin euskaraz eta amarekin erdaraz egin dut". Ongi etorri, beraz, etxera, Xabier, eta baita EuskarAbentura 2024ko neska-mutiko guzieri ere. Hilabete osoan nonahi, Euskal Herriko errepide, mendi, herri eta auzoetan ikusiko dituzue. Hurbildu eta mintzatu heiekin euskaraz!

BUENOS AIRES. Jauzi handi bat emanen dugu, eta Argentinako hiriburura pasatuko gara, adierazteko heldu den astean, uztailaren 13tik 19ra (eta ondotik 20 eta 21ean maila egiaztatze azterketak) bere Neguko Barnetegia eginen duela "Euskara Munduan" programak, Diasporako pertsonak euskaldundu eta, kasu huntan, euskara erakasle bilakatzeko plangintzapean. FEVA, Etxepare Euskal Institutua eta tokiko Euskal Etxeak lankide dituen ekimen hau Buenos Airesko "Laurak Bat" Euskal Etxean eginen da aurten, munduko euskal etxerik zaharrenean, 1877an sortu baitzen. 18 ikasle/irakaslek parte hartuko dute, guziak argentinarrak, txiletar bat salbu. Barnetegiko helburu behinena, urrats berriak ematea euskararekin, baina 24 orenak euskaraz biziz, eta dakiten euskara zinez erabiliz. Erakasleak, Tandilgo Ines Olazabal eta Viedmako Rocio Basterra izanen dira, Jon Urdangarin erakasle lazkaotarrak prestatu materialarekin. Koordinatzaileak, Gabriela Mendia (FEVA) eta Kinku Zinkunegi (Etxepare). Eta hondarreko ebiakoitz-igandez, egiaztapen azterketak, zuzentzaileak Irene Lopez de Vicuña, Sabrina Otegui eta Kinku Zinkunegi bera, bi lehenak Argentinakoak, eta hirugarrena Euskal Herrikoak.

ELKO, LAPUENTE... Eta segitzen du Estatu Batuetan euskal piknik eta besta sasoinak. Uztailaren 4a, estatubatuar besta nazionala, aste huntako ortzegunean ospaturik, asteburuan Elkoko Euskal Besta Nazionala, eta igandean, La Puenteko piknika edo Southern Californis Eskualdun Cluba zenaren piknika eginen dituzte. Jean Flesher buru duen Amerikanuak banda izanen da bietan dantzaldiko musika jotzaile. Baina horrez gain, Diaspora osoan ukanen ditugu bestalariak hainbat euskal etxe eta komunitatetan, izan ere igandean baita San Fermin, eta besta hori euskal etxeetan gehien ospatzen den bestetarik baita, bereziki Argentinan, baina oro har Diaspora osoan, eta baita ere nafarrak edo euskaldunak ez diren beste hainbat jende emendaturik. Euskal Etxeetan, Mexiko, Venezuela, Espainia, Estatu Batuetan, Txinan... Gora San Fermin!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3745. zbk

Gure Hitza | 2024/07/04

Bizian badira...

Ainhoa Etchenique

Bizian badira, behin bakarrik gertatzen diren aukera sinestezinak. Herria astekarian lan egitea horietako bat izan da niretzat. Gutien espero nuenean gertatu da, esperantza galdu nuen momentuan. Hasi naizenetik jadaneko sei hilabete pasa dira, denbora izigarri fite pasa da. Gauza anitz ikasi ditut eta oraino ditut ikasteko. Kazetaritzaren mundua deskubritzen hasi naiz, artikuluak idazteko arauak, hots astekaria eskuetan duzunean eta artikuluak irakurtzen dituzunean, begipean duzuna nola egina izan ote den nehoiz galdetu ez nintzen guzi hori. Kazetaritza biziki aberatsa da, egunero gauzak ikasten dira eta jende anitzekin gurutzatzen da. Irakurri, idatzi, ezagutu eta deskubritu euskaraz egin ahal izatea gainera, oraindik politagoa da. Astekari hunek dituen baloreak maite ditut, denek egiten ditugun indarrei esker, aurten Herriak 80 urte beteko ditu.

Bizian badira aldaketa batzuk, kapituluak hesten eta beste...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016