Jainkoa bizia jendea | 2024ko Apirilaren 25a

Berriz Abdelkader

Jean-Louis Davant

Abdelkader pastorala, 2020ko udan eman beharra, pandemiak urte batez luzatua, 2021ean Ürrüstoiko (Arrast) pilota plazan antzeztu zuten Zuberoa Pettarreko lau herrik elkarlanean. Tokia hertsi aire izanez, lau aldiz agertu zen, arrakasta ederra erdietsiz. Bigarren emanaldira, gauazkora, gure gomitari erantzunez etorri zitzaigun Bordeleko aljeriar kontsula bere lagun zenbaitekin, eta beren emirrari egin ginion omenaldia arras maite ukan zuten. Geroztik Bordelen antzeztera deitu gaituzte behin eta berriz, azkenean gure baia entzun arte.

Beraz Bordelen agertu gara apirilaren 21eko arratsaldean, igandekari, Femina teatro edo antzokian, babesle ginituelarik Bordeleko meria edo udaletxea, euskal etxea, diozesa eta Akitaniako franko-aljeriar elkartea, azken hau denen bultzatzailea. Oroitaraz dezagun Bordeleko auzapeza, Hurmik medikua, Donapaleuko ume dela, xirurjiano ezagunaren semea, ama berriz Zalgizeko Hoquy bat, zuberotar fina.

Pastorala ez dugu osoan eman, anitzez luzeegia izanen zen hiriko jendearentzat, nekeegia ere aktoreentzat kasik hiru urteren buruan. Beraz laburpen bat eskaini dugu: lehen predikua, azken predikua, bien artean hiru dantza, bost jelkaldi/jalgialdi, gehi bi filmatuak, eta sei kantu koroan: oren bat eta erdiko antzerkia. Usaiaz kanpoko ikuskizun horrek Bordeleko publikoa ez du guti harritu, eta gaitzeko harrera egin digu.

Beren eta gure historiako zati bero baten dastatzea gustukoa zuten, pastoralaren estetika ere maitatu dute, baina beharrena izan da nik uste trajeria horrek beste guzien ber eginbidez ekarri duen mezua, Abdelkaderren bizitzan eta irakaspenetan oinarritua.

Denetan ezaguna da naski gerla gizon bihoztoi hori, hamabost urtez Frantziako armada gaitzari buru eman ziona herriaren eta fedearen alde, lehenbiziko aljeriar estatu edo erresuma baten sortzailea eta buruzagia, gaurko aljeriar nazioaren aita. Baina garrantzitsuena eta gutiz gehienetan ahanzten dena emirra da, erlijio gizon sufia eta pentsalari gora, filosofoa, poeta mistikoa, teologoa, irakaslea, izkirio zaharren bila ibilki zen ikertzailea. Bi hitzez errateko, pentsalari unibertsala zen, eta saindu ekumenikoa muga eta kapera guzien gainetik.

1847ko Eguberri bezperan guduka utzirik, bost urtez Frantzian presoner egonik familiarekin, 1852ko larrazkenean Errepublikako lehen presidenteak libro utzirik, Siriako Damaskon plantatu zen eta han, 1860 urtean, kristau andana gaitza salbatu zuen islamista gogorren masakretik. Lavigerie baionar apezpikua, Aljereko artxapezpikugaia, eskertzera joan zitzaion.

Abdelkaderrek zinez aldarrikatzen zuen giristinoek eta musulmanek, Abraham/Ibrahimen ondokoak izanez Juduak bezala, ez dugula elkar gudukatu behar, alderantziz elkar ezagutu eta elkar aditu behar dugula, munduko bakearen alde lan egiteko. Hori dugu pastoral honen mezu nagusia. Hara zergatik Bordelera bildu gaituzten han elkarrekin ari diren giristino eta musulman batzuek, diozesa lagun. Eta hemen, Euskal Herrian, zertan gaude tokiko musulmanekin, juduak ahantzi gabe? Azken kantuko azken bertsoarekin buka dezagun:

Abrahamtarrak girade hiru gisaz fededünak

Jüdio ala kiristi, eta bardin müsülmanak

Bake xüxena dü behar Irak Abrahamen amak

Gainera libertatea Siriak eta Palestinak.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3745. zbk

Gure Hitza | 2024/04/25

Etxeko aferak

Peio Jorajuria

Gaur etxeko aferak aipatuko ditut hemen. Alabaina, Herria astekariaren biltzar nagusia genuen joan den ostiralean, Itsasun, Mikel Hiribarren auzapezak ongi-etorri beroena eginik. 2006an ere Itsasuko Herriko Etxean bildu ginen. Orduko argazkiari so egin diot, kuriostasunez. Gauzak aldatu direla hemezortzi urtez! Orduan Roger Gamoy auzapezak, berrikitan zendutakoak, eta Jean-Paul Iriquin auzapez-ordeak gintuzten errezibitu. Gaur Itsasuko giderrak eskuz aldatuak dira, bai eta Herria kazetarenak ere, orduko kide andana betirako airaturik, azkenik Beñat Goity izpurar apeza, urte luzetan elkartearen diruzain izana, euskaltzain urgazle bestalde, joan den ostiral goizean ehortzi dena, gure biltzar nagusia iragaiten ari zen memento berean. Bi hamarkada hauetan gure taldea gaztetu da, doi bat bederen, eta emazte kopurua emendatu, baitzuen elkarteak holakoren beharra. Ordutik, kazeta ere aldatu da, bai itxuraz, bai mam...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016