Gure Hitza | 2024ko Uztailaren 18a

Terra incognita

Peio Jorajuria

Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, Euskal Irratien mikroan EH Bai alderdiko Jakes Bortairuk bi hitz soilez laburbildu zuen bizi dugun egoera politikoa: "Terra incognita". Erran nahi baita oraindik esploratua ez dagoen eremua, segurtamenik gabeko biharamuna, kezka, beldurra eta lotsa sustatzen dituen egoera. Eta bigarren itzulia ere iraganik, hortan gara bete betean: terra incognita!

Legebiltzarra hiru bloketan zatitua, nehork ez gehiengo argirik, gobernua gisa hortan ezin muntatua, hara beraz zertaratu duen Frantzia Emmanuel Macron presidentearen kanorerik gabeko erabakiak, urguiluak manarazi dionak. Lerro hauek idaztean, zerua beti lainotsu, aterabide egokirik oraindik ezin aurkitua baitute batzuek eta bertzek. Presidenteak, gainera, tantoak bere alde altxatu nahi, lehen atera den ezkertiar blokeari bidea ahal bezainbat trabatuz.

Michel Wieviorka soziologoak dio bi galtzaile handi ondorioztatu dituztela hauteskunde hauek. Emmanuel Macron bera, luzarako deskalifikatua ikusten duena, eraman duen koherentziarik gabeko politikagatik. Eta Marine Le Pen. Eskuin-muturraren aurpegi lisatuegia ororen buru ez da nahiko zuen bezain leuna agertu. Alabaina, arrazismoan oinarritutako alderdia arrazista baizik ez daiteke izan, bere ADN-an dakar hori. Hau ere luzarako deskalifikatua ote? Dudak baditugu. Hemen ez dugu sekula gorde alderdi hori ezin jasana dugula eta arku errepublikarrak eraikitako barraderaren aitzinean alderdi estremista hori ezinean gelditzeak pozik uzten gaitu. Nahiz badakigun, ikusiz orain arteko urratsak, alderdi hori goiz edo berant boterearen martxa gorenera hel litekeela, maluruski. Ezin konprenitua dugu nola hemen gaindi eta nonahi hainbertze jendek boza ekartzen ahal dion ahalkearen alderdi horri, bozalditik bozaldira gero eta gehiago jendek gainera.

Bada kontzeptu berri bat gero eta usuago erabiltzen dena: iliberalismoa. Batzuek diote gaur egun liberalismoa urrunegi joana dela pertsonaren libertatearen onarpenean eta giza eskubideen defentsan, politika motelegia aplikatzen dela, berezikiago immigrazioaren mailan bai eta generoaren mailan. Eta horiek "iliberalismoa" bultzatu nahi dute, bizi baldintzak gogortuz, neurriak zorroztuz, eskubideak urratuz. Bide hortarik doa eskuin-muturra, hots "demokrazia iliberala" eraiki nahi luke, erregimen zentralizatu batek kudea lezakeena, libertatearen kaltetan. Demokraziaren arropetan beztiturik, demokraziaren itxura baizik ez duen sistema da iliberalismoa. Jendeak hori nahi ote du egiazki? Anartean, kakofonia handia bizi du politikak frantses lurraldean, egoera ekonomikoa eta soziala ere gain beherako bidean ezarriz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3747. zbk

Gure Hitza | 2024/07/18

Terra incognita

Peio Jorajuria

Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, Euskal Irratien mikroan EH Bai alderdiko Jakes Bortairuk bi hitz soilez laburbildu zuen bizi dugun egoera politikoa: "Terra incognita". Erran nahi baita oraindik esploratua ez dagoen eremua, segurtamenik gabeko biharamuna, kezka, beldurra eta lotsa sustatzen dituen egoera. Eta bigarren itzulia ere iraganik, hortan gara bete betean: terra incognita!

Legebiltzarra hiru bloketan zatitua, nehork ez gehiengo argirik, gobernua gisa hortan ezin muntatua, hara beraz zertaratu duen Frantzia Emmanuel Macron presidentearen kanorerik gabeko erabakiak, urguiluak manarazi dionak. Lerro hauek idaztean, zerua beti lainotsu, aterabide egokirik oraindik ezin aurkitua baitute batzuek eta bertzek. Presidenteak, gainera, tantoak bere alde altxatu nahi, lehen atera den ezkertiar blokeari bidea ahal bezainbat trabatuz.

Michel...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016