Han eta Hemen | 2024ko Uztailaren 18a

I-Ener eta Enargia aitzina begira

I-Ener eta Enargia kooperatiben biltzar nagusiak
I-Ener%20eta%20Enargia%20kooperatiben%20biltzar%20nagusiak

Ekainaren 22an iragan ziren I-Ener sozietatearen eta Enargia kooperatibaren biltzar nagusiak, biak bat bertzearen segidan, Uztaritzen, Lapurdi gelan. Usaiaz kanpoko akziodun kopuru handia bildua zen karia hortara, gehien bat Enargiak azken hilabeteetan bizi duen barne krisiak sustaturik. Bi egiturak hurbildik lotuak dira elkarri, I-Ener izanki argindarraren ekoizlea eta Enargia argindarraren hornitzailea.

I-Ener, garapenaren bidean

Nikolas Blain uztariztar hautetsiak eginik ongi-etorria, I-Enerreko aferak dira lehenik aurkeztu eta eztabaidatu, Maël Rampillon lehendakariak kudeaturik. I-Enerrek 22 zentral fotovoltaiko baditu eraikiak gaur arte, 750.000kw oreneko ekoiztuz urtean. 600.000 euroko kapitala dauka, tokiko 605 akziodunek ekarria. Mementoko, teilatuetako panel fotovoltaikoak ditu instalatzen, bastimendu publikoetan zein pribatuetan. Haatik, itzaleko zentralak bai eta aparkalekuetakoak nahi lituzke hemendik aitzina garatu, argindar gehiago ekoizteko. 16 proiektu berritan abiatua da, partzuer berriak aurkiturik panelak instalatzeko, Etxindar sozietatea eta Zuberoako Alkar kooperatiba. 2023a, haatik, 193.000 euroren galtzearekin bukatu zaio, krisi energetikoaren ondorioz. Baina I-Enerrekoak baikor daude gerorako, diru mailan 2025erako orekara heltzeko esperantzarekin. Kontuak eta txostenak gehiengo nasaian onartu ditu biltzar nagusiak.

Krisi egoera jabaldu

Enargiaren biltzar nagusiak hartu du segida, Iban Lizarralde lehendakariak kudeaturik. Tentsio pean, administrazio kontseiluaren eta langileen artean izan diren eztabaida saminek pizturik. Orain arte bost langile zauzkan Enargiak, beren arteko Patxi Bergara zuzendari orokor zegoela. Hunen hilabete sariaren gainetik da sua piztu, sari handiegia administrazio kontseiluko gehiengoaren arabera, kooperatibaren araudiak hausten zituena. Ondorioz, bere kargutik kendua izan da Patxi Bergara, beti langile geldituz haatik. Beste lau langileek ez dute kargu kentze hori onartu eta greban jarri dira lehenik, eta ondotik eri geldialdian sartu. Kooperatibak aitzina funtziona dezan, beste bost langile hartuak izan dira, bitartean ordu artekoek enpresa uzteko nahikaria erakutsirik. Biltzarrean, eztabaida hori luze eta zabal komentatu da batzuen eta besteen artean, biltzarrak ororen buru administrazio kontseiluari sostengu osoa ematen ziola aitzina jotzeko, egoera jabalduz oinarri sendoagoekin (238.000 euroren etekina atera du Enargiak 2023an).

Gobernantza bateratua

Gaur, I-Enerreko Arnaud Boudou ingeniariak du Enargia kudeatzen, bolondres moduan, laster haatik zuzendaritza kolegiala dela muntatuko, Marie-Pierre Arrieta, Mikel Berra eta Marion Picheryrekin. Administrazio kontseilua ere ber-osatuko da, besteak beste Joset Bergarak (Herkide) eta Timothée Acheritogarayk (Sokoa) beren parteak eskaturik eta atea harturik. Ororen buru, gobernantza bateratua da ondoko asteetan bideratuko, bi enpresak, I-Ener eta Enargia, modu egokiagoan aitzinatzeko, eskuz esku, kooperatibismoak hala eskatzen-eta.

Energiaren besta

Hamar urte betetzen ditu aurten I-Enerrek eta bost Enargiak. Urriaren 5ean ospatuko dira urtebetetze horiek, Enargiaren besta handi batean, indar guziek bi enpresak norabide berdinera gidatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Han eta Hemen | 2024/07/18

Euskaltzaindiaren jardunaldia

Baionan iragan jardunaldia
Baionan%20iragan%20jardunaldia

Ekainaren 21ean, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia antolatu zuen Baionan. Aurtengo izenburua "Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian" izan da. Baionako Herriko Etxearekin baita Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean eramandako proiektua izan da. Euskararen alde lan egiten duten instituzio publikoak, elkarteak eta adituak hurbildu dira jardunaldira.

Irakurri segida

3747. zbk

Gure Hitza | 2024/07/18

Terra incognita

Peio Jorajuria

Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, Euskal Irratien mikroan EH Bai alderdiko Jakes Bortairuk bi hitz soilez laburbildu zuen bizi dugun egoera politikoa: "Terra incognita". Erran nahi baita oraindik esploratua ez dagoen eremua, segurtamenik gabeko biharamuna, kezka, beldurra eta lotsa sustatzen dituen egoera. Eta bigarren itzulia ere iraganik, hortan gara bete betean: terra incognita!

Legebiltzarra hiru bloketan zatitua, nehork ez gehiengo argirik, gobernua gisa hortan ezin muntatua, hara beraz zertaratu duen Frantzia Emmanuel Macron presidentearen kanorerik gabeko erabakiak, urguiluak manarazi dionak. Lerro hauek idaztean, zerua beti lainotsu, aterabide egokirik oraindik ezin aurkitua baitute batzuek eta bertzek. Presidenteak, gainera, tantoak bere alde altxatu nahi, lehen atera den ezkertiar blokeari bidea ahal bezainbat trabatuz.

Michel...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016