Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Uztailaren 18a
Otsantz kaperako ibilaldia - Laborarien gaualdiak - Mugak ikusgarria igandean - Heriotzeak - Jazz Laukotea Inharrian - Serres-eko bestak - Itsasontzi modelismoaren erakusketa
Otsantz kaperako ibilaldia
Uztailaren 22an, Santa Maria-Madalenaren besta kari, Senpere Jakobia elkarteak antolatzen du oinezko ateraldia, erretor-etxetik, Otsantz auzoan den Santa Madalena kapera xoragarriraino (6,6km). Ohiko ibilaldia 16:00etan abiaturik, bururatuko da (18:00) zeremonia batekin, hemen elkartuko baitira zuraidar, uztaritztar eta senpertar beilariak. Ondotik zintzur bustitzea eskainia da René Clément fundazioarenganik, erlijioa eta aisialdia uztartuz.
Laborarien gaualdiak
Hirugarren urtez segidan, Herriko Etxeak antolatzen ditu laborarien gaualdi bereziak, Xan Ithourria plazan uztailaren 21ean eta agorrilaren 18an (18:00-22:00). Karia hortarat, laborari askok baita tokiko ekoizleek platera finak proposatuko dituzte baserrietako ekoizpenekin. Produktu onen partekatzeko parada ezin hobea, ez huts egin.
Mugak ikusgarria igandean
Gorago aipatu laborarien gaualdiari segida emanen du Larreko salan, musika ta dantza ospatuko dituen ikuskizunak, uztailaren 21ean (19:00). Alaia eta Kalakan izanen dira protagonistak, Maita Kultura elkartea, Herriko Etxearen laguntzarekin, antolaketa lanetan. Zein mugaz ari gara? Gorputzaren eta espazioaren mugak, azalaren eta ingurumenaren mugak. Musikari eta dantzariek, nehork baino hobeki, mugetan gaindi eremanen gaituzte.
Heriotzeak
Egun hauetan, bi herritar ongi ezagunen ehorzketak iragan dira gure elizan, jendetza ederraren erdian. Amotz Agerreneko René Sanchez, 70 urterekin joan da 3 aste barne eritasun arraro batek suntsiturik, nehork ez baitzuen holakorik pentsatzen, aitzinean osasun hoberenean zelakoan. Umore ta bihotz ona partekatu ditu, Jaun erretoraren hitzetan, amodio eta bizi poza ereile izan da. Gehienik xofurgoan eraman du bizitza, aldiz izan da kirolari aparta, bereziki errugbian, azken memento arte errugbiko laguntzaile zintzoa egon da, Laminak taldean ere bere boza frogatu du. Ihizian eta mendian ibiltzea konpainiarekin oroz gainetik maitatu du. Bestalde, Aspeltzeko Pierrot Bereau 75. urtean pausatu da etxean, osagarriz ez zabiltzan sobera azkar. Zuhurtzia handiko eta gizon xume baten itxura utziko dauku, hau ere kirolari bikaina, partikularki lasterkan. Bere bizitza ongi bete du baserriko lanekin, garai batean esne banatzen ibili da karrika nagusian, geroxago herriko langile baita luzaz suhiltzaile jarraikia. Penetan uzten dituzten familia eta adixkideeri, kazeta hunen izenean dolumin bizienak eskaintzen dizkiegu.
Jazz Laukotea Inharrian
Inharreko baratzean, uztailaren 24an (20:30)"j4zzary" quartet laukoteak gomitatzen gaitu errezital bikainaren entzutera. Sekulako dinamika sortzen dute, xedea dutelarik publikoarekin memento goxo horiek partekatzea. Janari-edariak lekuan bertan, Senpereko Kultur eta Ondare elkartearen ekimenez. Erreserbak Ipar Euskal Herriko Turismo bulegoetan, prezioa 15€, 20 urtezpetik 10€.
Serres-eko bestakuztailaren 19 eta 20an
Ostiralean, (19:00) mus lehiaketa, 10€ izen emaitea. Larunbatean, (10:00) meza kaperan, (11:00) pilota, (14:00) bazkari animatua, prezioa 25€, haurrentzat 10€, (18:00) pilotako finala, (20:00) kantaldia, (21:00) txaranga, (23:00) Nat eta Watson.
Itsasontzi modelismoaren erakusketa
Senpereko Epaulard elkartearen ekimenez, erakusketa eta iniziazioa dohainik iraganen dira aintziran larunbatean uztailaren 20an, (10:00).











