Orotarik | 2024ko Uztailaren 18a
Kukumarro
Xarles Videgain
Dominus: ur garbia ote?
Herri anitzetan gure denboran ura eskas dela aipatzen da. Euskal Herrian ez hainbeste baina ahanzten dugu ura etxean berean izatea ez dela hain zaharra. Horren lekuko dira pegarra eta ferretak iturrira joan behar zelakoz urketa, alabaina emazteek zuten hori egiten burutina ekartzen zutelarik ontziaren pisua eztitzeko. Barrukian kabalek aski dute muturra erabiltzea ura jin dadin, aldiz lehen errekan edarangia bazen haientzat. Beharrik gauza kanbiatu dira beraz.
Lehenago zerbait edan aitzin, ur ala arno, libazionea egiten zuten; gizon batek arno botila ideki eta zerbitzatu aitzin, xorta bat lurrera aurtikitzen zuen, agian siratsaren edo xantzaren segurtatzeko. Erroma denboran ere egiten zen.
Ura errespetatu behar zen bortuan ere eta errito bat egin behar zutela nahitaez olhako artzainek. "Dominus" erran behar zuten. Dudarik gabe latinezko hitza da "dominus" hori eta besteak beste "doministeku" erraten da norbaitek urtzintz egiten duelarik. Baina artzainen "dominus" hori besterik da.
Horra Montorin, Sentagarazin, Altzürükün entzun dudana. Olha bakoitzak bazituen sei edo zazpi artzain, bakoitzak bere lana eginez, eta aldizkatuz. Denen saldoak bildurik, arthola bazen. Adineko artzainez gain egoten zen ere mutiko gazte bat artzaingoa zer zen ikasten zuena, itsasoko ontzietan mariñel gazteak bezala. Mohorade jaunak, Sentagarazin, erran zidan frangotan iturriko ura olhatik aski urrun zegoela. Eta urketa joatea artzain gaztearen kondu zen. Iturritik jiten zelarik bere baldearekin, olhan sartzean, alartzean zelarik, erran behar zuen absolutuki: "Dominus!" eta beste artzainek erraten zuten: "Benedikamus!" Kasu artzain gaztea ahazkor balin bazen. Ba omen ziren artzain zahar batzu aski "sebero" edo gogor zirenak. Artzain gaztea sartzen balin bazen "dominus" famatua erran gabe, artzain batek ontzia hartzen zion eta isurtzen zion deplauki erraten zuelarik, "Hur hoi ez dük xahü, habilua beste zeotara baten txerkha!". Nigarrez ari zen beharbada artzain gaztea lehen aldian, baina laster ikasten zuen errito hori. Bere zeroa edo ontzia har eta iturrira berriz joan ondoan itzultzean "Dominus" erraten zuen umil umila. Eta besteek: "Hur hoi xahü duk, garbi duk!".
Ez dakit beste bortuetan hori egiten zenez bainan ez dut sekulan entzun Zuberotik kanpo.













