Gure Hitza | 2024ko Maiatzaren 23a
Zuziaren trosta
Peio Jorajuria
Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.
Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez departamenduburua erdi negarrez ari izana da baizik eta diru zama xuhurregia duela euskalgintza nahi lukeen bezainbat diruz laguntzeko. Frantzian gaindi badira halere 30 departamendu zentzu on gehiagorekin jokatu direnak, euro bakar bat ere gastatzea onartu ez dutenak, lehentasuna beren eremuari osoki emanez eta ez Jokoen harrokeriari, zuziaren garraiatzeak gainera zentimorik ez lukeelarik kosta behar. Baina badakigu Olinpiar Jokoak diruarenak direla gehiago kirolarenak baino.
Zuziak bere trosta segituko du besteak beste frantses ekarriak diren itsasoz haraindiko uharteetan. Frantziak bere hegal zabalak erakutsi nahi ditu, neke handienak dituela denborako kolonialismoari osoki uko egitea. Ez da haatik menturatzen zuzia Mayotte uharteraino eramatea, han gaindi iragan berri diren nahaskeria sozial eta politikoen beldurrez. XVIII. mendean beretu zituen Frantziak Mayotte lurraldea eta Komoreetako bertze hiru uharteak. Duela mende erdi bat, Komoreetako hiru uharteek beren independentzia eskuratu zuten autodeterminazio erreferendum baten bidez, Mayottek aldiz frantses egotea hautatu zuelarik, administratiboki departamendu soil. Baina Nazio Batuetako Erakundeak ez du sekula onartu Mayotte frantses egotea, historikoki eta kulturalki komoretarra baita, Komoreek ere aldarrikatzen duten bezala.
Frantses legelari puristek, beren aldetik, ez dute onartzen Mayotte uhartean “maore populua” badela ere aipatzea, “frantses errepublikaren baitan, populu bakar bat baizik ez baita: frantses populua”, berrikitan irakurri dudan bezala. Orduan pentsa, euskal, bretoi edo korsikar populuak zer begitan dituzten izpiritu hertsiko jende horiek! Zuzia trostan doa baina gure kudeatzaile askoren adimena betirako karroindatua dela ematen du.