Gure Hitza | 2024ko Maiatzaren 23a

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez departamenduburua erdi negarrez ari izana da baizik eta diru zama xuhurregia duela euskalgintza nahi lukeen bezainbat diruz laguntzeko. Frantzian gaindi badira halere 30 departamendu zentzu on gehiagorekin jokatu direnak, euro bakar bat ere gastatzea onartu ez dutenak, lehentasuna beren eremuari osoki emanez eta ez Jokoen harrokeriari, zuziaren garraiatzeak gainera zentimorik ez lukeelarik kosta behar. Baina badakigu Olinpiar Jokoak diruarenak direla gehiago kirolarenak baino.

Zuziak bere trosta segituko du besteak beste frantses ekarriak diren itsasoz haraindiko uharteetan. Frantziak bere hegal zabalak erakutsi nahi ditu, neke handienak dituela denborako kolonialismoari osoki uko egitea. Ez da haatik menturatzen zuzia Mayotte uharteraino eramatea, han gaindi iragan berri diren nahaskeria sozial eta politikoen beldurrez. XVIII. mendean beretu zituen Frantziak Mayotte lurraldea eta Komoreetako bertze hiru uharteak. Duela mende erdi bat, Komoreetako hiru uharteek beren independentzia eskuratu zuten autodeterminazio erreferendum baten bidez, Mayottek aldiz frantses egotea hautatu zuelarik, administratiboki departamendu soil. Baina Nazio Batuetako Erakundeak ez du sekula onartu Mayotte frantses egotea, historikoki eta kulturalki komoretarra baita, Komoreek ere aldarrikatzen duten bezala.

Frantses legelari puristek, beren aldetik, ez dute onartzen Mayotte uhartean “maore populua” badela ere aipatzea, “frantses errepublikaren baitan, populu bakar bat baizik ez baita: frantses populua”, berrikitan irakurri dudan bezala. Orduan pentsa, euskal, bretoi edo korsikar populuak zer begitan dituzten izpiritu hertsiko jende horiek! Zuzia trostan doa baina gure kudeatzaile askoren adimena betirako karroindatua dela ematen du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Azalekoa | 2024/05/23

“Zer litzateke Euskal Herria sagarnotegirik gabe!”

M.O.

a€œZer%20litzateke%20Euskal%20Herria%20sagarnotegirik%20gabe!a€

Baionako Aturri bazterrean kokatu berri den Kupela deitu sagardotegiak bere enpresaren bisitatzera gomitatu gaitu. Atzeman dugu Xalbat Seosse Oxarango enpresaren arduraduna, berekin zituela Elorri Behety eta Estitxu Errandonea.

Leku atsedena

Resplandyko ur bazterrean den lur eremuaren jabea Euskal Elkargoa da. Aubard (urdaitegia), Bamas (pastizategia) eta bisitatu dugun Kupela (edari ekoizlea) gune horretan plantatu dira. Hiruek berezitasun berdina dute, elikagaiak transformatzen eta ekoizten baitituzte. Eremu horrek 9.000 metro karratu ditu, Baionako sarreran, Mousserolles-eko burdinola ohitik hurbil. Lantegi horientzat lan baldintzak aldatu dira, ekoizteko eta bertan saltzeko leku aproposa baita.

Sagardotegi tradizionala… modernitate kutsuarekin

Kupelara etorri girelarik, Elorri Behety zuberotar emazte gazteak sagardotegia bisitarazi dauku. Apirilaren 15ean ideki den sagardotegia memento goxo baten pasatzeko leku aproposa da, Aturri ibaiaren parean, eraikin berri berrian, berina handiek jangela argitzen dutela. Xabier Tapia, XabXab izenarekin ezagutua den artistak ditu paretak diseinatu, arte moderno...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016